Eguazteneko osoko bilkuran, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten taldeek Unai Rementeria ahaldun nagusiak esandakoari erantzuteko aukera izan zuten.
Bea Ilardia (EH Bilduko batzarkidea)
«Klima aldaketari aurre egiteko neurri ausartak eta egiturazkoak hartzea premiazkoa da; izan ere, ez dago energia krisiari aurre egiteko irtenbide erreformistarik, eta inflazioak bere kausak ditu. Talka egiteko neurriak hartuz ekin behar zaie».
«Bizkaia ondo doala diozu [Rementeria]. Zer gertatzen da bizkaitarrekin? Ondo goazela sentitzen al dute bizkaitar gehienek?».
«Neurri ausartak hartzeko benetako akordioak behar dira, gauzak aldatzeko, eta EH Bildu beti prest egon da akordioetara iristeko. Horretarako gaitasuna egunero erakusten dugu».
Eneritz Madariaga (Elkarrekin Bizkaia-IUko batzarkidea)
«Pandemiaren hasieratik, foru gobernua ezkutuko erreforma fiskala egiten ari da, kenkari eta desgrabazio berrien etengabeko jarioarekin, aberatsak eta putre funtsak erakartzeko lasterketan atzeko atetik sartzeko».
«Gure adinekoen zaintza eredua zelan hobetu aztertzea irabazi asmoa duten enpresengan uztea erabaki du diputazioak, eta erabaki okerra da».
Eduardo Andrade (PPko batzarkidea)
«Politikan daramatzadan hogei urteetan ikusi dudan erridikulurik garestiena da Bizkaia dorrea: Bizkaian, etorkizuneko ekintzailetzaren itsasargi nagusia izango dela esan zitzaigun, eta azkenean faroltxo bat baino ez da».
«Foru gobernuaren politika halakoa da: Power point eta fotomuntatzeak asko, eta aurkezpen ekitaldi ikusgarriak».
Juan Otermin (PSE-EEko batzarkidea)
«Ez dago demokraziarik ongizate estatuak eskatzen dituen politikei aurre egiteko behar diren baliabideak lortzea ahalbidetzen duen zerga sistema progresibo eta solidariorik gabe».
Jesus Lekerikabeaskoa (EAJko batzarkidea)
«Hiru izan ziren legegintzaldi hasieran foru aldundiak jarritako helburuak: gizarte zerbitzuak modernizatzea, lurraldea etengabe hobetzea, eta enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzea. Esan eta egin: berbatutako guztia bete dugu».