Karlistak guduan nola bizi ziren jakiteko

Karlistak guduan nola bizi ziren jakiteko

Javi West Larrañaga

Belar, sasi, asun eta bestelako landaredia asko dago inguruan. Soilgunean, arkeologoak, lanean. Eta azpian, gotorleku karlista bat. Orain dela ia aste bi hasi ziren lanekin Gorka Martin Etxebarria EHUko Arkeologia eta Historia Garaikideko ikertzailea eta haren taldea Basauriko Oilarganeko gotorleku karlista azaleratzeko. “Interes handiko aurkikuntza” da, ikertzaileen arabera, Bizkaian oraindik dagoen gotorleku karlista bakarrenetakoa delako, eta, gainera, lurrez eta zoltanez eginda dagoelako. Horiexek dira fortifikazio kalteberenak, euriak eta haizeak errazen hondatzen dituelako, baina askotan erabili zituzten antzeko eraikuntzak kanpainetan, erraz eta arin eraiki zitezkeelako. “Gainera, batzuetan askoz eraginkorragoak ziren, lurrak artilleria jaurtiketak hobeto jasaten dituelako”, adierazi du Martinek.

2016tik daroa ikertzaileak azken gerra karlistan zehar (1872-1876) Bilbo inguruan erabili ziren fortifikazioen inbentarioa egiten. Basauriko Oilarganekoa naturak ezkutatuta zegoen, baina sasoiko kartografia historikoaren laguntzarekin lortu dute orain gotorlekua aurkitzea. Martinen arabera, ohikoa da hori Euskal Herrian eta Iberiar penintsularen iparraldean: “Hori da dauzkagun arazoetako bat, kasu askotan landarediak benetako altxor arkeologikoak ezkutatzen dituela”.

Bazegoen Oilarganeko gotorlekuari buruzko dokumentazio historikoa. “Gutxi”, Martinen berbetan, “eta, batez ere, liberalek egindakoa”. Sasoiko dokumentu batzuek fortifikazioa “nahiko ondo” deskribatzen zuten, interesa zeukatelako etsaiak zer zeukan jakiteko. Horrela jakin dute forma poligonalekoa zela, eta berrehun gizon eduki zituela barruan. Gainera, artilleria eta morteroak ipini zituzten gotorlekuan bertan, liberalen menpe zegoen Bilbo bonbardatzeko.

Dozenaka pieza bildu dituzte, oraingoz, baina gehien-gehienak 1936ko gerrakoak dira. Hori ere ohikoa da, bando biek berrerabili zituztelako hamarkada batzuk lehenago egindako fortifikazioak. Aurkitutako pieza gehienak bala zorroak dira, eta badago artilleria elementu pare bat ere. Martinek azaldu duenez, geruza batzuk beherago aurkituko dituzte azken gerra karlistako elementu gehiago.

Lur azpiko jakintza

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza batekin ari dira indusketa egiten. Martinek aintzat hartu du gatazka karlisten arkeologian azken hamarkadan egondako “pizkundea”, eta azaldu du orain dela hamar urte ia ez zegoela. “Pozgarria da ikustea jendea konturatzen ari dela ondare garrantzitsua dela, batez ere Euskal Herriako historia hurbilean”.

Ehunka kronika eta historia liburu idatzi dira azken gerra karlistari buruz; gerraren faseak, protagonistak, porrotak eta garaipenak gauza jakina dira. Arkeologiak bestelako informazioa eskaintzen die ikertzaileei. “Gauza materialek testuetan ez dagoen informazioa ematen digute; badakigu zeintzuk izan ziren batailak, zenbat hildako egon ziren eta nortzuk ziren jeneralak, baina ez dakigu zelakoa zen soldadu baten egunerokoa”.

Hainbat adibide ditu Gorka Martinek. Lizarrako (Nafarroa) gotorleku batean kontserba latak aurkitu zituzten, eta hegaluze baten bizkarrezurra. “Horrek erakusten digu sasoi hartan jada bazeudela kontserba industriaren hastapenak, batez ere armadaren hornikuntzara bideratuta”, zehaztu du adituak. “Ondorioztatu daiteke estatu boteretsu baten gaitasun logistikoa dagoela hor, eta lehen ez zegoela”. Balmasedan, ostera, Remington motako bala zorro bat izan zen aurkikuntzarik interesgarriena, erretzeko pipa bat edo txilibitu bat bihurtu zutelako, “lubaki artearen” erakusgarri. Arkeologoek denbora beharko dute oraindik Basaurin denborak ezkutatutakoa azaleratzeko.