A. Igartua Aristondo
Akatz taldeak 30 urte bete ditu aurten, eta Sopela Kosta Festen ere ospatuko dituzte: Udaletxeko plazan ariko dira gaur, 22:00etatik aurrera. Ibilbide osoari errepasoa egin, eta disko berriko zenbait kantu joko dituzte bertan, Borja Goñi (Bilbo, 1983) kideak azaldu duenez. Goñi 2015etik aurrera da Akatzeko kide.
Zein da Akatzen estiloa?
Askotarikoa da. Reggaea da abiapuntua, baina zipriztintzen dugu soularekin, jazzarekin, New Orleansko [AEB] musikarekin… Gehienbat, beltzek egiten zuten musika jotzen dugu.
Taldeak hasieratik izan zuen argi lerro hori?
Hasieratik, ez. Lagun talde batek sortu zuen; Akatz hasi zen denbora pasatzeko jarduera bat bezala, kideek Bakion ematen zituztelako udak. Euria egiten zuenean edo olaturik ez zegoenean, musika tresnak jotzen zituzten. Eta gero denbora gehiago eskaintzen hasi zitzaizkien tresnei, surf oholari baino. Hasieran, rock and rolla egiten zuten. Baina taldearen nortasunean pentsatzen hasi zirenean, argi izan zuten reggaea hautatuko zutela. Ikusi zuten Euskal Herrian bazegoela hutsune bat. Reggae kontzertuetara joaten ziren, eta Bilboko Massive musika dendan Jamaikakoek egiten zuten reggaea ezagutu zuten, roots deritzona [sustraiak]. Hori egin nahi zutela erabaki zuten.
Gaur egun, zein da reggaearen egoera Euskal Herrian?
Uste dut hutsune goxoa dagoela Euskal Herriko reggaearen munduan. Ez da eszena masibo bat, baina nahikoa da gauzak aurrera eramateko. Antolatzen bada kontzertu bat, badakizu gutxienez ehun pertsona joango direla. Eta horrek laguntzen du. Uste dut ez dela masiboa izango inoiz, baina mantenduko da, behintzat.
Iaz disko berria atera zenuten: Yuyu (Brixton Records). Zer berezitasun ditu?
Aurreko diskoekin konparatuta, honetan zerbait pertsonalagoa egin dugu. Ez gara lerratu hainbeste reggae estilora: irekiagoak izan gara beste soinu batzuk esperimentatzeko.
Zer espero duzue gaurko kontzertuaz?
Orain arteko harrera izatea. Festibaletan jotzea gustatzen zaigu, prestatzen dugulako errepertorio berezi bat abesti ezagunekin. Sartuko ditugu disko berriko hiru-lau kanta ere, oso harrera ona izaten ari direlako. Akatzen 30 urteei errepasoa egingo diegu.
(Goian, Akatz taldearen irudi bat. Eskuinetik lehena da Borja Goñi)