Pausoak pauso, oraindik “bide luzea” daukate aurretik euskal presoek

Pausoak pauso, oraindik “bide luzea” daukate aurretik euskal presoek

Javi West Larrañaga

Zortzi dira Durangoko euskal presoak gaur egun. Zazpi Euskal Herrian daude, eta bat, Logroñon, Espainian. Zazpi bigarren graduan daude; bat, hirugarrenean. Hainbat aldaketa gertatu dira azken urteetan: ez bakarrik Euskal Herriratzeetan; gradu aldaketetan eta irteera baimenetan ere bai. Hala ere, Durangoko Sarek salatu du euskal preso horiei oraindik ukatu egiten dizkietela legediak biltzen dituen zenbait eskubide. Gaur azkenaldiko aldaketei buruzko galderak erantzungo dituzte Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak eta Txema Matanzas abokatuak, Nerea Iriarteren gidaritzapean, Durangon, mahai inguru batean. 19:00etan hasiko da, Hizkuntza Eskolan.

Euskal preso denei eragin diete aldaketek. Sarek ere aintzat hartu ditu haize berriak, eta oraintsu egindako balantze batean adierazi du iazko uztailaren 1etik ez dagoela euskal presorik Andaluzian, Murtzian (Espainia), Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Galizian. Horiek ziren euskal presoak zituztenen artean urrunen dauden kartzelak.

Azkarragak Bizkaiko Hitza-ri adierazi dionez, “argi eta garbi” dago aurrerapausoak egon direla espetxe politikan: “Orain dela urte eta erdi, gai ginen gogoratzeko zein preso zeuden Euskal Herrian. Orain, alderantziz da. Orain, kanpoan zein dauden gogoratzen dugu buruz”. Azkarragaren arabera, “bide luzea” dago egiteko, baina beste datu bat eman du “iraulketa” adierazteko: “Lehen, ia denak zeuden urrunduta, eta orain, %27 bakarrik”.

Bizkaiko euskal presoen artean ere agerikoa da aldaketa. 82 dira guztira, eta horietatik 77 EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboan daude. 24 Espainian daude, lau Okzitanian, Frantziako Estatuaren menpe, bat Roannen (Frantzia) eta, gehien-gehienak, 53, Euskal Herrian: Zaballan (Araba), 24; Basaurin, 16; eta Martutenen (Donostia, Gipuzkoa), lau; eta Euskal Herrian daudenetatik zazpi etxean ari dira zigorra betetzen, eta bi, osasun zentroetan.

2018ko ekainaren 18an hasi zen aldaketa. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ordura arte indarrean egondako espetxe politika amaiarazteko asmoa adierazi zuen, eta arrunta ezartzekoa. “Ironikoa” da, Azkarragaren ustez, “Espainiako Gobernuaren ordezkariak eta Barne ministroak esatea hurbilketekin legea betetzen ari direla orain, horrekin esan nahi baitute orain arte ez dutela bete, eta 30 urtez urratu dutela”.

“Legearen urraketa etengabe” horrek gaurdaino irauten duela iritzi dio Sareko bozeramaileak. Urrunketa ezartzeaz gain, gradu aldaketak eta espetxe baimenak ukatzen dizkietela dio, nahiz eta haien eskubidea izan. Durangoko kasua esanguratsua da, Azkarragaren aburuz. “Durangoko preso bakarra dago hirugarren graduan, eta, bete duten zigor denboragatik, denek egon beharko lukete hirugarren graduan”.

Dagoeneko ez dago bat ere ez lehen graduan. 82 euskal preso bizkaitarretatik gehienak bigarren graduan daude, eta oso gutxi dira hirugarren graduan daudenak. Gainera, Euskal Herriratze eta hurbilketen ondorioz preso batzuk “bakarrik” geratu direla esan du Azkarragak: “Sorian bakarra dago, Estremeran ere bai, Alcalan beste bat…”.

Gai bitan ipiniko dute arreta Durangoko hitzaldian. Espainiako 7/2003 lege organikoa aipatuko dute, batetik, eta, bestetik, Frantzian kartzelan betetako denbora ez kontatzea Espainiaren menpekoetan. “Astakeria bat da 7/2003 legea, eta ikuspuntu juridikotik legez kanpokoa. 50 preso inguru daude egoera horretan [EPPK osoan]”. Legeak eragiten du euskal preso batzuek 40 urteko kartzela zigorra izatea, ez 30ekoa. Sareko kideak uste du oraindik kostatuko dela egoera iraultzea.

Jaurlaritzarekin, hobeto

Iazko urrian eskuratu zituen Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenak Zaballako, Basauriko eta Martuteneko kartzelak kudeatu ahal izateko. Ia urtebete igaro da ordutik, eta Sare baikorra da aldaketarekin. “Eusko Jaurlaritza gradu aldaketak proposatzen eta onartzen ari da. Astiro, baina egiten ari da, eta hori, orain dela gutxira arte, ez du egin Espainiako administrazioak”. Azaldu duenez, “egitate objektibo” bat da euskal presoek hobeto baloratzen dutela Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden kartzelen egoera.

Prozesuaren erritmoak ere eragiten du samina. Iragarrezina da: batzuetan, dozenaka preso hurreratzen dituzte tarte laburrean, eta, besteetan, hiletako geldialdia dago. Apiriletik uztailera, ez zuten Euskal Herriratze edo hurbilketa bat bera ere egin. Uztail hasieran, hiru txanda egin, eta ia 30 euskal preso ekarri zituzten. “Interes eta borondate politiko eskasa” ikusten du Azkarragak hor, eta, azaldu duenez, trabak ere izan dituzte beste alde batzuetatik. Eusko Jaurlaritzak onartzen duen gradu aldaketei helegitea jartzen die Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta erdi askatasuneko erregimenean egon diren zenbait presok bigarren gradura itzuli behar izan dute. “Horren erroa da Auzitegi Nazionalak konfrontazio iraunkorra ipini duela praktikan, arlo politikoa legedia betetzeko egiten ari den mugimenduen aurka”, dio Azkarragak.

Hala ere, Sarek hankamotz ikusten du Jaurlaritzaren jarduna. Sareren datuen arabera, orain arte 25 euskal preso aldatu ditu hirugarren gradura. “Baina ia 90 dira [EPPK barrukoak] jada hirugarren graduan egon ahalko liratekeenak, betea baitute zigorraren zatirik handiena”.

Inaxio Oiartzabal Sareko beste bozeramaileak aurtengo urtarrilean esan zuen Espainian dauden preso guztiak Euskal Herrian edukitzea espero dutela urte amaierarako —Frantzian daudenak ezin dituzte Euskal Herriratu, ez baitago kartzelarik Ipar Euskal Herrian—. Azkarragak posible ikusten du, baina onartu du ez dagoela euren esku: “Erritmoa uztailaren 1etik aurrerakoa bada, bai. Arazoa litzateke apiriletik ekainaren 30era arteko erritmoa itzultzea. Loteriaren antzeko zerbait da”.