Bilboko Udalak martxoan onartu zuen indarrean sartu berri den Oinezkoen Lehentasuneko Eremuen Ordenantza. Zazpikaleetako egoiliarrek eta merkatariek bete beharreko arauak:
1. Egoiliarrek zein merkatariek ibilgailuei alta eman diezaiekete BilbaoAccess aplikazioan edota Unamuno plazako arretarako bulegoan.
2. Udal egoiliarrentzako partzela dutenek ez dute alta emateko eskaerarik egin behar. Garaje pribatua dutenek eskabidea Prim kaleko bulegoan entregatu behar dute.
3. Zazpikaleetako oinezkoentzako eremuan sar daitezkeen ibilgailuak ondokoak dira: bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, bertan garajeak dituztenenak, salgaien zamalanetarako eta zerbitzuak emateko ibilgailuak, larrialdi-zerbitzuak eta zerbitzu publikoak, garraio publiko kolektiboko ibilgailuak, taxiak eta gidaria duten garraiorako ibilgailuak.
4. San Nikolas-Askao-Unamuno plaza ardatzetik pasatzeko baimena daukate egoiliarrek —urtean 48 bider, hilean lau bider—, Unamuno plazaren eta Aurrekoetxea kalearen arteko Prim kaleko garajeetakoek eta Zazpikaleak eta Prim kalea barne hartzen dituzten TAO bereizgarria duten ibilgailuek. Gainerako ibilgailuek debekatuta dute oinezkoen lehentasuneko eremuan zirkulatzea, gelditzea eta aparkatzea.
5. Egoiliarrentzako eta merkatarientzako ordutegia 08:00etatik 11:00etara da, astelehenetik domekara; 21:00etatik 23:00etara ere sar daitezke astelehenetik eguenera eta 18:00etatik 23:00etara, berriz, domeka eta jai egunetan.
6. Zamalanak egiteko ibilgailuek sarrera eta egun bakoitzeko 30 minutu izango dituzte, gehienez, 08:00etatik 11:00etara, astelehenetik zapatura.
7. Zamalanak egiteko ibilgailuak dira bi eserlekuko ibilgailu mistoak, furgonetak eta baimendutako gehieneko masa 5,5 tonatik beherakoa eta 2,9 metrotik beherako altuera duten kamioiak.
8. Egoiliarrek eta merkatariek helbide bakoitzeko Zazpikaleetan sartzeko baimen bat lor dezakete; gehienez, bi ibilgailurentzako baimena eskuratu ahalko dute. Bi ibilgailuok ezingo dute egon aldi berean alde zaharrean sartuta. Hirugarren ibilgailu bat ere gonbidatu ahalko dute. Urtean 48 aldiz sartu ahalko dira, gehienez. Eta horietako bakoitzean gehienez ordu erdiz egon ahalko dira barruan.
9. Garaje pribatuek baimen bat izango dute partzela bakoitzeko, gehienez lau ibilgailurentzat. Ibilgailuok ezin izango dira aldi berean sartu eta ez dute ordutegi mugarik izango.
10. Egoiliarren udal partzela dutenek ez dute ordutegi mugarik izango.