Harrien isileko sekretuak

Harrien isileko sekretuak

Olatz Enzunza Mallona

Herriko historiaren kontakizuna egiten dute harriek Elorrion. Ia zazpi mende gordetzen dituzte udalerriko kaleetako eraikinetako hormek, eta iraganera bidaiatzeko proposamena egiten dute han-hemenka dauden jauregiek. Baina erdigunetik kanpo ere baditu altxorrak udalerriak. Hain zuzen, hiribildua baino zaharragoak diren hilobiak gordetzen ditu Argiñetako nekropoliak. Hogei hilobiz eta bost hilarriz osatuta dago, eta egun, Erdi Aroko aztarnategi nagusietako bat da Euskal Herri mailan.

Herriko plazatik Mendraka auzora doan bidean gora, San Adriango baseliza da nekropoliarekin topo egin aurretik egin beharreko lehen geldialdia. Herrigunetik bi kilometrora dago. Erdi Aroan Elorrion zeuden 25 baselizetatik zutik dirauten hemeretzietako bat da. XVI. mendean berreraiki zuten, eta, ordutik, “beste hainbat aldiz” eraberritu dute, Irati Ortuzar Elorrioko Turismo bulegoko langileak jakitera eman duenez. Haren ondotik, zuhaizti batek inguratuta, Oiz mendiko hareharriz egindako harri multzo bat dago: nekropolia.

Sarkofagoak U itxuran daude kokatuta, bisitariari zerbait adierazi nahiko baliote bezala. Herritarrak lurperatzeko erabiltzen ziren horiek garai batean, eta herritar bakoitzaren estatus sozialaren arabera, modu bateko edo besteko ehorzketak egiten zituzten: “Jende arrunta lurrean lurperatzen zuten, eta sarkofagoetan, berriz, hierarkikoki edo sozialki garrantzitsuagoak ziren herritarrak hilobiratzen zituzten. Norberaren maila sozialaren araberakoa zen”. Bi atalez osatuta daude: pieza bakarreko kaxa antropomorfo bat, eta triangelu erako estalkia.

Horietako bik, gainera, latinez idatzitako inskripzioak dituzte estalkietan, baina nekez irakur daiteke bertan idatzita dagoena. Kristautasunarekin lotutako inskripzioak direla kontatu du Ortuzarrek: “Jainkoari laguntza eske ari dira”. Eta, hain zuzen, bi hilobi horiek omen dira Bizkaiko kristau inskripziorik zaharrenetarikoak dituztenak: IX. mende inguruan egin zituzten. “883. urtea aipatzen da inskripzio horietako batean, eta, momentuz, hori da Bizkaian kristautasunari aipamena egiten dion adierazpenik zaharrena”, kontatu du. Gainerako sarkofagoak, berriz, lehenagokoak dira: VII. mendetik IX. mendera bitartekoak.

Sarkofagoen artean, baina, ezberdinak diren bost hilarri ere badaude. “Lurperatutako gorpua non dagoen jakiteko kokatzen ziren horiek”, adierazi du Ortuzarrek. Nekropolian dauden elementurik zaharrenak dira, VI. eta VII. mende ingurukoak, eta kristautasuna ezarri baino lehenagokoak direlako dute horrenbesteko interesa. Horietan guztietan, naturarekin lotutako astrologia ikurrak ageri dira: lau zirkularrak dira, eta hiruki forma du bosgarrenak.

Gaur egun Argiñetako nekropoliko elementu guztiak elkarrekin ikus daitezkeen arren, ez dira beti han egon: Elorrioko Retolaza apaizaren aginduz kokatu zituzten han, XIX. mendean. Izan ere, pieza horiek inguruko hainbat auzoetako nekropolietan kokatzeko eraiki ziren Goi Erdi Aroan. Besteak beste, Mendraka, Miota eta Berrio auzoetako nekropolietan.

Retolazak ermiten inguruan sakabanaturik zeuden sarkofagoak bildu zituen, eta Argiñetan egun dagoen nekropolia eraikitzeko agindua eman zuen. Kontserbatzeko egin zuen, baina bere testuingurutik kanpo daude: “Egungo irudia guztiz desberdina da Goi Erdi Aroan zuenarekin alderatuz”. Argiñetatik gertu, bainuetxea izandako ikastetxe bat ere badago. 1826an eraiki zuten, eta bertako urak sulfuroa omen zuelako egin zen ezagun.

Argiñetako nekropolia

Bizilekuen arrastoak

Argiñeta nekropoliaren azpian ikerlariek ezusteko aurkikuntza bat egin zuten duela zenbait urte, 2012an: Bilboko Arkeologia museoko arkeologoek 600 metro koadroko lurreko indusketa bat egin zuten, eta, besteak beste, egurrezko herrixka baten aztarnak aurkitu zituzten ermitaren ipar partean. “Bizkaiko Erdi Aroko lehen espazio antolaketaren aztarnak ziren, eta horri esker konturatu gara komunitate bat bizi zela lehenago hemen”, adierazi du Ortuzarrek.

Aurkikuntza horrek agerian utzi zuen duela 1.200 urte baino gehiago herri txiki bat egon zela eremu hartan. Eraikin gutxi batzuk baino ez ziren; besteak beste, etxebizitzak eta ukuiluak.