O. Enzunza Mallona
Koldo Ulibarri txistulariaren esanetan (Urduña, 1985), txistuak “sekulako” garrantzia izan du Euskal Herrian, eta beti egon da presente ekitaldi instituzionaletan. Gaur egun 1980ko hamarkadako indarra ez izan arren, txistuak “sendo” jarraitzen duela azalduko du Txistuaren historia, “orduñar erara” hitzaldian. Urduñan gorde diren doinuen berri emango du. Alondegian izango da igandean, 17:30ean, eta, gero, mahai ingurua egingo dute.
Txistuaren historiaren inguruko hitzaldia egingo duzu etzi, Urdufolk jaialdian. Zer landuko duzu?
Asmoa da Euskal Herrian horrenbesteko indarra izan duen musika tresna horren historiaren eta errepertorioaren berri ematea. Hau da, zer-nola heldu garen gaur egungo errepertorioa izatera. Nolabaiteko bidaia bat izango da. Betiere, folka ardatz hartuta. Hitzaldiaren ondoren folk musikaren inguruko mahai inguru bat egitea da asmoa.
Txistuaren historia, “orduñar erara”, dio izenburuak. Urduñako historia gainerakoetatik desberdina da, ala?
Ez, berdintsua da. Euskal Herri osoan txistuak izan duen historia nahiko antzekoa da herri guztietan, baina hitzaldia urduñarren ikuspegitik landu nahi izan dut. Hau da, Urduñan gorde diren abestien eta musikaren inguruan hitz egingo dut, eta adibide guztietan egongo da foku nagusia udalerrian jarrita.
Zer-nolako garrantzia izan du txistuak Euskal Herrian?
Sekulakoa. Udalek eta aristokraziak bereziki, interes handia zuten txistuaren inguruan, eta beti egon izan da presente ekitaldi instituzionaletan. Horrez gainera, ikuspegi sozialetik ere, Euskal Herrian dantzak garrantzia handia izan du, eta dantzariek txistularia behar zuten dantza egin ahal izateko. Hiru zuloko gainerako instrumentuen gainetik gailentzea lortu zuen txistuak, eta nolabaiteko prestigioa lortu zuen lurraldean.
Eta, orain, nola dago osasunez?
Denetarik dagoela esango nuke. Egia da ez duela 1980ko hamarkadan izan zuen boom bera, garai hartan ospe handiko musika tresna baitzen, eta euskal kulturaren ikur bilakatu baitzen, baina sendo dago oraindik ere. Kalean presentzia galdu arren, txistuak badu bere lekua, eta beharrezkoa da oraindik ekitaldi jakin batzuetan.
Eta, oro har, badago folklorearen gaineko interesik Euskal Herrian?
Zalantzarik gabe. Urdufolk bezalako jaialdiek erakusten dute folklorea eta tradizioa indartsu daudela oraindik ere gure herrian. Publikoaren aldetik sekulako harrera izaten du, eta askotariko jendea joaten da. Interesa badago, eta, hala jarraituz gero, indartsu segituko du urte luzez.