Mikel Garcia Martikorena
Gudariak buru-belarri zebiltzan Bizkaia Francisco Francoren indarretatik defendatzen 1937an. Garai horretan kokatzen da Lemoatxa mendiko borroka (Lemoa). Erresistentziaren gune garrantzitsua izan zen arren, Espainiako Errepublikaren aldeko indarrek gerra galdu zuten, eta Francoren aldekoek gurutze frankista bat jarri zuten tontorrean.
Lemoako Udalak memoria historikoa lantzeko gune bihurtu du orain gurutze hori. 2011n hasi ziren 1936ko gerraren memoriarekin lotutako politikak Lemoan. Lana Aranzadi zientzia elkartearekin batera egin du udalak. Garai hartan egindako lubakietan hainbat aztarna aurkitu dituzte. Lemoatxan 1937an gertatu zena ez ahazteko, topatutako aztarnekin museo bat eratu dute aurten Kotxepin kultur etxean, eta Lemoatxa 1937 erakusketa osatu. Udalaren aburuz, “herriko memoria bisitatzeko aukera ezin hobea” eskaintzen die erakusketak bertaratzen direnei.
Pablo Rodriguez Garcia Lemoako Udaleko Gizartegintza teknikari eta udala memoria historikoaz garatzen ari den politiken arduradunak esan duenez, hamar urtez lubakietan lanean ibili ostean, “ziklo bat itxi eta etxea ordenatzeko momentua” heldu da. Horregatik erabaki dute erakusketa sortzea. Rodriguezek uste du Lemoatxan dauden lubakiak eta tontorreko gurutzea bisitatu aurretik ikusi behar dela erakusketa, “testuinguru osoa izan eta mendian ikusiko dena guztiz ulertu ahal izateko”.
Eguneroko tresnak
Museoaren helburuetako bat “garai hartako bizimodua ikusaraztea” da. Horretarako, lubakietan topatu dituzten eguneroko tresnek osatzen dute erakusketaren atalik garrantzitsuena: hortzetako eskuilak, zapatak, zintzilikarioak edota sendagaiak. Rodriguezek esan du halako ondasunak erakustearen helburua “museoa herrira jaistea” izan dela. Izan ere, memoria historikoarekin lotura duten egitasmo denek xede bera daukate teknikariarentzat: “Herria sentsibilizatzea”.
1936ko gerran Nazioarteko Brigadek Francoren indarren aurka egin zuten bezala, errepublikaren eta Eusko Jaurlaritzaren alde egin zutenen memoria berreskuratzeko nahitaezkoa izan da atzerritik etorritako laguntza. 2013tik auzolandegiak antolatu dituzte Lemoan, udan. Jaurlaritzaren proiektua da, eta beste herrialde batzuetatik etorritako 18 eta 26 urte bitarteko lagunek bi aste igarotzen dituzte Euskal Herrian, boluntario. Aranzadiko eta udaleko langileekin batera, arkeologia lanak egiten dituzte herriko memoria historikoa berreskuratzeko. Oraingoz, bost hobi aurkitu dituzte, eta bertan zeudenen gorpuak eta ondasunak berreskuratu dituzte. Eskuratutako gauzen artean, gorpu baten identifikazio plaka bat zegoen.
Museoko piezak eskuratzeko egin den indusketa lanak garrantzia du, ez soilik Lemoan, baita Euskal Herri osoan ere. Aranzadik adierazi duenez, orain arte Euskal Herrian egin diren indusketa arkeologikorik “sakonenak” egin dituzte Lemoan, auzolandegiei esker. Udaleko Gizartegintza teknikariaren ustez, desobiratze eta erakusketa lanak egiteaz gain, oso garrantzitsua da herrian gertatutakoaz 2019an kaleratu zuten monografikoa. Haren esanetan, ibilbidea eta museoarekin batera, behin Lemoatxa mendian “duintasuna” erakutsi zutenen memoria berreskuratzeko balio du.