Natalia Salazar Orbe
Bizkaiko Batzar Nagusiek kamioientzako bidesariak ezarri dituzte orain arte doakoak ziren zenbait errepidetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bidesarien aurkako plataformek ohar bateratu bat zabaldu dute erabaki horren aurka. AP-68 Dohainik, AP-8 Peajerik Ez eta AP-636 Peajerik Ez plataformek salatu dute Batzar Nagusiek “beste urrats bat” egin dutela “beren politika ultraliberalean”. Sinetsita daude errepide arruntetan “hasieran” kamioientzat onartutako bidesariak ibilgailu arin guztietara zabalduko dituztela. “Gipuzkoan A-636 errepidearekin” horrelaxe gertatu zela ekarri dute gogora.
Zerga gehiago
Arau berriaren helburua garraiolariak are gehiago estutzea dela salatu dute. “Oso gremio zaharkitua da, eta zailtasunak ditu lanean jarraitzeko”, esan dute. Kritikatu dute araudia “zerga berriak sortzeko” modu bat dela, eta “luze gabe” Bizkaiko auto gidariei ere ezarriko dietela. Uste dute erabaki horrek ordainpeko bideak erabiltzera behartzen duen estrategia bati erantzuten diola, eta “bidesariaren gainzergarekin” bizkaitar guztiak “odolusten jarraitzeko” helburua dutela. Sinetsita daude garraiolariak eta auto gidariak bilakatuko direla foru aldundiko kutxetarako diru iturri nagusia, kontuan hartuta “zerga ugari” ordaindu behar dituztela, “batez ere erregaiena”. Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak iragarri du erabat baztertu dutela bestelako ibilgailuei bidesaririk kobratzea.
Plataformek Pradalesi leporatu diote “etikarik eta arrazoibiderik ez” izatea. Hain zuzen, salatu dute “gezurretan” ari dela “arau proiektu hau Europako zuzentarauaren erantzukizunak betetzeko” iritsi dela esan duenean: “Oker dagoela jakinda egin du, Europako Batzordeak ez baitu estatu kiderik behartzen bidesariak ezartzera. Pradales jaunarentzat eta haren nagusi Rementeriarentzat, gezurra eta engainua ohiko argudioak dira zergadunen poltsikoaz abusatzen jarraitzeko”.
Kritika oposizioari
Oposizioko taldeei ere kritika egin diete: “EH Bilduko eta Elkarrekin Bizkaiako batzarkideen jarrerak agerian uzten du gai honetan beharrezkoak diren kolaborazionistak direla, eta ez dutela alde handirik EAJ eta PSE-EEren konpartsarekin”.
Bidesarien aurkako plataformei ez zaie iruditu nahikoa EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaiaren eskaera: “Diru laguntzak eta neurri lausoak aplikatzeko eskatu dute” garraioko profesionalen kontrako ” beste lapurreta horri” aurre egiteko. Hain zuzen, esan dute ez direla gai izan neurri jakinik planteatzeko.