Natalia Salazar Orbe
Masoveria deitzen diote Herrialde Katalanetan. Hain zuzen, inoren masian bizi eta etxeari zegozkion lurrak lantzen zituen nekazariari esaten diote masover. Trukean, uztaren zati bat edo ordainen bat jasotzen zuen. Masoveria-k bestelako kontzeptu bat planteatzen du: maizterrak mantentze lanak egingo dizkio ugazabaren etxebizitzari, eta errentan hobari batzuk lortuko ditu horren truke. Bilboko Udalak hirira eraman du kontzeptua, eta Udal Etxebizitzetako 50 etxe eskainiko ditu sistema horren bidez. Etxebizitzon parkea handitzeko asmoa dute.
Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak Etxebizitza Komunitario Jasangarria proiektua onartu du. Egitasmoaren helburua da maizterrek alokatzen dituzten etxebizitzen mantentze lanetan parte hartzea. Mantentze lan horietan energia efizientziaren alorreko hobekuntzak egitea da asmoa. Jon Bilbao Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen presidenteak egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuenez, egitasmoaren bidez “erabiltzaileen erantzukidetasuna sustatu” nahi dute.
Baldintzak
Programan, konponketa lan txikiak behar dituzten etxebizitzak eskainiko dizkiete Etxebiden izena emanda dauden eskatzaileei. Erabiltzaile horiek etxebizitza bat esleitzeko prozesua azkartzeko aukera izango dute bide horretatik. Betiere, obren kostua aurreratzeko konpromisoa hartu beharko dute. Horrez gain, beste baldintza batzuk bete beharko dituzte: Bilbon gutxienez hiru urte erroldatuta daramatzaten bizilagunak izan beharko dira, eta 55 urtetik behera izan behar dituzte. Bestalde, urtean 21.000 eta 39.000 euro arteko diru sarrerak izan behar dituzte.
EH Bilduk esan du programa horrek sakondu egiten dituela herritarren arteko desberdintasunak, eta esleipen sistema perbertitzen duela. “Bilbon etxebizitza behar duten pertsonen artean desoreka sortzen du”, salatu du Alba Fatuarte zinegotziak. Haren esanetan, udal etxebizitza bat eskuratzeko izena emana duten 10.000 herritarretatik %10ek baino gutxiagok dute 21.000 euro baino gehiagoko diru sarrera.
Fatuartek esan du programak kaltea eragiten duela lehentasunezko arreta duten kolektiboengan ere. Genero indarkeriaren biktimak, desgaitasunen bat dutenak, familia guraso bakarrak, 35 urtetik beherakoak eta 70etik gorakoak aipatu ditu horien artean.
Hobariak
Maizterrek etxebizitzetan egin beharreko obretarako inbertsioaren ordainean, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak errenten zenbatekoaren %80 barkatuko die, gehienez, lehenengo bi urteetan. Hain zuzen, lehen urtean %50 barkatuko diete, eta bigarrenean, berriz, obren zenbatekoa proportzionalki banatuta, alokairuaren zenbatekoaren %80ra iritsi artekoa barkatuko diete.
Alokairuen zenbatekoak ere zehaztu dituzte: hilean 450 euro ordaindu beharko dituzte logela bakarreko etxebizitza alokatzen dutenek —bizilagun bakarrarentzat edo birentzat—; 500 euro logela biko etxebizitzen truke —gehienez, hiru lagunentzat— eta 550 euro, berriz, hiru logela dituztenentzat —gehienez, lau lagunentzat—. Programak aurreikusi du zazpi urteko kontratuak egingo dituztela; kontratuak luzatzeko aukera egongo da.
Datorren urteko lehen hiruhilekoan jarriko dute martxan. Hasieran 50 etxebizitzako parkea aurreikusi dute, baina aurrera begira zabaltzeko asmoa dute.
Erakundeak atal bat sortuko du bere webgunean programari buruzko informazioarekin eta materialei eta berritze lanetan gremioei eska dakizkiekeen berme jasangarriei buruzko informazioarekin. Horrez gain, aukera eskainiko dute jasangarritasunari eta energia efizientziari buruzko sentsibilizazio eta prestakuntza jardueretan parte hartzeko.