Bluesa, guztien eskura

Bluesa, guztien eskura

Olatz Enzunza Mallona

Blues doinuek hartuko dute Bilbo asteburuan. Gaur hasi eta igandera bitarte, Bilbao Blues Festival jaialdia egingo dute lehenengo aldiz, hiribilduan, eta, antolatzaileen hitzetan, luzaro irauteko etorri da. “Izarrez betetako kartel” gisa definitu du egitaraua Carlos Malles jaialdiaren zuzendariak, eta bluesa ezagutzen ez duten horiengana hurbiltzea izango da xede nagusia. Guztira, hamabost kontzertu antolatu dituzte Areatzan, doan, baina hiriko beste bazter batzuetara ere hedatuko da jaialdia, formatu txikiko emanaldi akustikoen bitartez. Bob Stroger abeslari eta baxu jotzaileak bere ibilbidearen aitortza jasoko du.

Antolatzaileen hitzetan, helburu bikoitza du Bilboko Blues jaialdiaren lehenengo aldi honek: zaleei Europako biretan parte hartu ohi ez duten artistez gozatzeko aukera ematea, batetik; eta, ondo ezagutzen ez dutenei beste musika estilo batzuk antzemateko aukera ematea, bestetik. “Jendeak bluesa ezagutzea nahi dugu; mundu guztiari gustatzen zaio blues kontzertu bat, generoaren ohiko kontsumitzailea izan ez arren”, dio Mallesek.

Askotariko egitaraua prestatu dute hiru eguneko jaialdirako: “Jendeari blues generoaren barruan dauden estilo guztiak helarazi nahi dizkiogu”. Besteak beste, blues klasikoa, Chicagoko bluesa eta blues rocka. Hala ere, bluesaz gainera, beste estilo batzuetako musika ere egongo da entzungai Bilboko kaleetan: “Boogie woogie, swing, rock and roll eta flamenko ukituez gozatu ahal izango da, besteak beste”.

Musikaz haratago

Mallesen arabera, “oso berezia” izango da asteburua: “Benetan mereziko du: musika paregabez beteko dugu hiribildua, errepertorio bikainarekin eta doako kontzertu eta jarduerekin”. Hiri gisa, apustu kulturala “oso garrantzitsua” dela nabarmendu dute, eta mundu mailan ezagutzera emateko baliatu nahi dute aukera: musika mota horren “nazioarteko erreferentzia” bilakatu nahi dute Bizkaiko hiriburua.

Bob Stroger baxu jotzaile eta abeslariak jasoko du Bilbao Blues Festival Saria, eta haren bitartez, musika munduan egindako ibilbideari aitortza egingo diote. XX. mendeko bigarren erdialdeko talderik garrantzitsuenetako partaide izan zen Stroger. Besteak beste, Ottis Rush, Jimmy Rogers, Willie Mabon eta Snooky Pryor taldeetakoa. 1990eko hamarkadan bere talde propioa zuzentzen hasi zen, eta, gerora, mundu osoan zehar eman ditu kontzertuak. Bihar iluntzean eskainiko du kontzertua Strogerrek, Chicago Blues All Stars taldearekin ariko da zuzenean, 20:30ean.

Bob Stroger

Strogerrekin batera, Ronnie Baker Brooks, Dana Fuchs, Fantastic Negrito, Alejo Stivel, Shemekia Copeland, Wax & Boogie feat Drew Davies, Noa & The Hell Drinkers, Blues Triumvirate, Flamingo Tours, Micky & The Buzz eta Travellin’ Brothers taldeek parte hartuko dute jaialdiaren lehen aldian. Baina, horrez gainera, bestelako jarduera batzuk ere prestatu dituzte.

Gaur, esaterako, kontzertu pedagogikoa eskainiko dute Guggenheim museoan, 11:00etan. Haurrentzako emanaldia izango da, eta bluesa belaunaldi berrietara hurbiltzea izango da asmoa. Diablues eta Bluezifer bikoteak parte hartuko du ikuskizunean, Nagore Sanz kontrabaxu jotzailearekin eta Oihan Vega aurkezlearekin.

Bestalde, han bertan, Dibak eta borrokalariak: emakumea bluesaren historian hitzaldia emango du Manuel Lopez Poy kazetari eta idazleak bihar, 19:00etan. Bluesaren munduan zeresana izan duten emakumeak izango ditu hizpide Lopezek. Besteren artean, Ma Rainey, Bessie Smith, Mamie Smith, Ethel Waters, Memphis Minnie, Gladys Bentley eta Ida Cox. Era berean, emakume afro-amerikarrei omenaldia egingo zaie. Kontakizunarekin batera, zuzeneko musika ere entzun ahal izango da hitzaldiak irauten duen bitartean.

Areatzara ez ezik, Zazpikaleetara ere iritsiko dira blues doinuak igande eguerdian: New Orleans hiriko (AEB) estiloarekin, dixie band Granujas taldeak kalejira bat egingo du hiriko kalerik zaharrenetan barrena. Musika talde ibiltaria da Granujas, eta, musikaz gainera, txotxongilo erraldoiak ere izango dituzte.

Micky & The Buzz taldea