Bertsokera baten ikur

Bertsokera baten ikur

Olatz Enzunza Mallona

Joan den astelehenean hil zen Gregorio Larrañaga Mandiola bertsolaria (Markina-Xemein, 1943), 78 urte zituela. Mañukorta esaten zioten, izen bereko baserrian jaio baitzen, Markina-Xemeingo Larruskain auzoan. Batik bat, 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran aritu zen bertsogintzaren gailurrean: urte haietan Euskal Herriko plazarik gehien egiten zuten bertsolarien artean ibili zen.

Nekazaria eta fabrikako langilea izan zen Mañukorta. Soldaduska egitera Ferrolera (Galizia) bidali zuten, eta han bi urte egin ondoren, Ameriketara egin zuen 24 urterekin, osabarekin, artzain. Sei urte eman zituen han, 1967tik 1973ra bitarte. Handik itzulitakoan Danobat lantegian hasi zen beharrean, eta Cikautxon gero, 58 urterekin erretiroa hartu zuen arte.

Bertsozaletasuna, baina, amaren aldeko familiagandik jaso zuen. 1960ko hamarkadan hasi zen jendaurrean kantari, eta, hain zuzen, urte hartan egin zuen lehenengo plaza, Markinan bertan. Edonola ere, 1980ko urteetan egin zen ezagunago bertso munduan. Bertsogintza molde baten ordezkari bilakatu zen, eta, bere-berea zuen umoreagatik, etorriagatik, erantzutean zuen txinpartagatik eta kantatzean egiten zituen imintzioengatik egin zen ezagun, batez ere.

Bertsolaritzatik harago ere eman zuen zeresana Mañukortak azken urteetan. Eta 2014an Xabier Amuriza bertsolariak haren inguruan ateratako liburuaren izenburua da horren erakusle: Mañukorta bertsonajea. Iazko uztailean, berriz, omenaldia egin zioten Markina-Xemeinen, eta bere ibilbide luzea bertsotan aitortu eta eskertu zioten bertso eskolako kideek.