Natalia Salazar Orbe
Bandokideen arteko liskar, borroka eta gerren lekuko izan da Muskizko Muñatones gaztelua. Borroka horiek Euskal Herria astindu zuten garaian eraiki zuten gaztelua. Eraikinetik bertatik kontrolatzen zuten eskualdea Lope Garcia de Salazarrek —bertako bandokide boteretsuena zen— eta haren leinuak. Garai ezegonkor haietako bizimodua ulertzen laguntzeko, Las intrigas de Muñatones (Muñatoneseko azpijokoak) bisita antzeztua eskainiko dute datorren asteko domekan Alabazan taldeko Bego Gomezek eta Joaquin Pontek. Lope Garcia de Salazarrena egingo dute agerraldian, baita leinuaren historian egiteko erabakigarriak izan zituzten hiru emakumerena ere. Haien bizipen pertsonaletatik gerturatuko dituzte bisitariak garai hartara.
Historiarako hurbiltze informal horrez gain, domekaro garraiatzen dute bisitaria Erdi Arora, ibilbide gidatuen bidez. Bisita gidatuok gaztelua dagoen zelaitik abiatzen dira. Harresiak zeharkatu, eta dorrearen parera iristen dira taldeak. Harresiaren goialdera igotzen dira ostean. Dorrea barrutik hutsik dagoenez, berriz, ez dute eskaintzen han sartzeko aukerarik.
Arkitektura aldetik bitxia da Muskizko gaztelua, eta, berezitasun horren ondorioz, Monumentu Multzo izendatu zuten 1968an. Hain zuzen, kanpoaldean duen harresien sistema dela eta, gaztelutzat jo daitekeen Bizkaiko dorretxe bakarra da. Horrez gain, eraikinaren balio historikoa eta bertako aztarnen kalitatea ere aintzat hartu zituzten izendapenerako.
Gerra eta letra gizona
Oinaztarra zen Lope Garcia de Salazarri, buruz gerra historiak ez ezik, historialari moduan egin zuen lana ere aitortu ohi diote bisitetan. Urteetako liskar eta enkontruen ostean, Juan de Salazar semeak Muñatones gazteluan giltzapetu zuen. Bertan idatzi zuen Bienandanzas e fortunas bere obra. 25 liburuki dituen obra horretan, historia, kondairak eta tradizioa uztartu zituen. Munduaren sorreratik abiatu eta XV. mendearen erdialdera arte gertatutakoak jaso zituen Garcia de Salazarrek. Arma gizona izateaz gain letretakoa ere izan zela gogorarazi ohi diete gidek bisitariei.
Eraikinari soilik erreparatuta ere, ezin bazterrean utzi bandoen artean gerra teknologia gisa erabili zuten defentsarako arkitektura. Erdi Aroko eraikin militarren tipologiaren arabera eraiki zuten Muñatones gaztelua. Dorre gotorlekua dauka erdian. Defentsa horizontala du, eta artilleria ahoen bitartez egituratuta dago. Garai hartarako oso sistema modernoa zen hura.
Arerioari nagusitu
Gazteluaren ezaugarri gutxi batzuk besterik ez dira horiek. Arerioaren azpiegitura militar, ekonomiko eta soziala suntsitzeko borrokaldiak gogorarazten dituzte horiek eta gainerako elementuek. Hilketak, segadak, erasoaldiak, uzten eta basoen erreketak edota dorreen kontrako erasoak; dena zen baleko arerioaren gainetik nagusitzeko.
Herrian bertan dagoen El Pobaleko burdinolak harreman estua dauka bandokideen garaiko gotorleku horrekin. Lope Garciaren iloba Ochoa de Salazarrek agindu zuen burdinola eraikitzeko, XVI. mendearen hasieran. Bi monumentuotara egin daitekeen bisitak osagarriak diren Bizkaiko iraganaren bi alderdi erakusten ditu: noble landatarren bizimodua eta bere boterearen oinarri ziren aberastasunen iturriak.