Iraia Vieira Gil
Urtero bezala, aurten ere Nazioarteko Paella Lehiaketa egingo dute Getxoko Aixerrotako zelaietan, etzi. 67. aldia izango da, eta, ohi legez, Itxas Argi elkarteak antolatuko du txapelketaren barruti ofiziala. “Barruti horrek ez gaitu kezkatzen, lehiaketa amaitu ostean garbi-garbi uzten dutelako beti. Benetako arazoa Bronx izeneko kanpalekuan dago”, azaldu du Iñigo Elortegi Auzokideok elkarteko kideak.
Itxas Argi elkarteak antolatzen duen barruti ofizialetik kanpoko guneari esaten diote Bronx kanpalekua, Aixerrota ondoko pinudian antolatzen denari. Bertan, etxolak eraikitzeko, paella lehiaketara doazen zenbait kuadrillak arbolak moztu eta lurzorua hormigoitzen dute. Zenbait auzokiderentzat, egoera hori onartezina da. Izan ere, Auzokideok elkarteak salatu duenez, “lur horiek eremu babestuak dira”.
Ingurumenaren suntsiketa eragotzi nahian, Getxoko Udalak hainbat neurri ezarri ditu aurten lehen aldiz: pinudia zigilatu dute, garbiketa kamioiak sartzeko bideak ireki dituzte, pinudia errespetatzeko eskatzen duten kartelak zintzilikatu dituzte, eta gazteekin harremanetan jarri dira eraikitzen dituzten txabolen inguruan hitz egiteko. Gainera, Bronx kanpalekua kontrolpean izango dutela ziurtatu dute Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak.
“Getxoko Udalak ezarritako neurriak ez dira nahikoa izango pinudia babesteko”, esan du Elortegik. Gainera, udalari leporatu dio “egoera zuritzeko neurriak” besterik ez dituela hartu. “Nazioarteko Paella Lehiaketa 40.000 laguneko txapelketa bat izatera heldu da aurreko aldietan. Pertsona horietako askok botoa ematen dute udal hauteskundetan. Udalak benetako neurriak hartzen baldin baditu, hurrengoan botoak galduko ditu”.
Orain dela hiru urte Auzokideok elkarteak auzitara eraman nahi izan zuen afera, baina fiskaltzak ez zien erantzun. “Udalak berak izendatu ditu lurrak ingurumenerako onuragarri”, adierazi du Elortegik. “Baina ez du ezer egiten pinudia babesteko”.
Bronx kanpalekuan butano gas bidez funtzionatzen duten hirurehun su baino gehiago erabili ohi dira paellak egiteko. Su horien tenperatura 30 eta 35 gradu bitartekoa da. Udan, gainera, sentsazio termikoa handiagoa izaten da. Horrek izugarri handitzen du sute arriskua. “Zortea da oraindik ezer ez gertatu izana”, esan du Auzokideok elkarteko kide Elortegik.
Duela urtebete, Bronx kanpalekuaren egoera zein zen jakiteko garbiketa ekinaldi bat egin zuen Auzokideok elkarteak. Zabor bilketa hartan, 1,5 tona hormigoi batu zuten guztira. Elkarteko kideak kezkatuta daude. “2012. urtetik hona, zuhaitzen %25 desagertu dira. Zuhaitz horiek ez dira berriz ere haziko”. Izan ere, hormigoia oso kaltegarria eta kutsagarria da ingurumenarentzat, taldeak esaten duenez.
Bioaniztasuna arriskuan
Zuhaitzak desagertzen baldin badira, animalia espeziak ere desagertuz joango dira, eta horrek ekosistema osoan izango du eragina. “Hondamendi ekologikoa eragotzi nahi dugu guk”, adierazi du Elortegik. “Lur pribatuak izanik ere, Getxoko Udala da egoera konpondu dezakeen bakarra”. Auzokideen kezka, baina, askoz harago doa: “Bronx kanpalekuan ez dago legerik”, ohartarazi dute. “Denetarik gertatzen da han. Herriko guztiek jakin badakigu, baina, gero, inork ez du ezer egiten”.