Ibai Maruri Bilbao
Berriz ere parke eoliko bat sortzeko asmoak kezka eragin du Bizkaian. Azken urteotan, Enkarterrin eta Meatzaldean proiektu banaren aurka agertu dira inguru haietako udalak; oraingo honetan, Orozkon izan da. Larragorri inguruan, guztira 22,5 megawatteko potentzia sortzeko gaitasuna izango duten bost aerosorgailu ipini nahi ditu Green Capital Development 147 enpresak: lau Orozkon egongo lirateke, eta bat, Laudion (Araba). Proiektua eteteko eskatu dio Orozkoko Udalak Eusko Jaurlaritzari. Alkatetzan dagoen Adie Orozkoko talde independenteak azken osoko bilkuran aurkeztu du eskaera hori jasotzen duen mozioa, eta Adieren eta EH Bilduren babesarekin onartu dute. EAJko zinegotziak abstenitu egin dira. Udalak Jaurlaritzari gogoratu dio horrelako proiektuak etetea adostu zutela erakundeek, EAEko Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala onartu arte. Halere, enpresak aurkeztutako baimen administratibo eskaera eta aurreproiektua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zituen, martxoan.
Pedro Mari Intxaurraga alkatearen esanetan, proiektuak kezka eragin die, “bioaniztasuna galtzea” ekarriko lukeelako eta Orozkoko garapen sozioekonomikoa oztopatuko lukeelako. “Aurrez planifikazio egokia egitea eskatzen du horrelako azpiegitura bat jartzeak”, ohartarazi du. Kezka hori ez da berria, ez Orozko aldean, ez gizartean, oro har, eta, horregatik, 2009an Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion parke eolikoen tramitazioak eteteko, harik eta erakundeen arteko eta gizarte mailako adostasun bat lortu arte. 2010ean hitzartu zuten ituna Jaurlaritzak berak, Eudelek eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek; Arabakoa kanpoan geratu zen. Irizpide batzuk adostu zituzten, eta, besteak beste, irizpideetako bat izan zen parkeak non ezarri erabakitzekoan ingurunearen babesa kontuan hartzea.
2011n, beste bat
Alkateak gogoratu du egoera ez dela berria Orozko aldean; 2011n ere antzeko zerbait gertatu zitzaien. Orduan, Guascor enpresak zortzi haize errota izango zituen parke bat eraiki gura zuen, 18,4 megawatteko potentzia sortzeko. Laudio, Amurrio (Araba) eta Orozko artean ipini gura zituzten, Jesuri eta Larragorri inguruan. Hiru udalak aurka agertu ziren. Ohartarazi zuten ez zituela euretako bakoitzaren HAPO hiri antolamenduko plan orokorrak eta lurralde antolamendurako irizpideak errespetatzen. Hiru herriotako mendien “industrializazioa” eteteko exijitu zioten Eusko Jaurlaritzari orduan ere. Orozkon herri galdeketa bat egin zuten, eta gehiengoak aurkako iritzia agertu zuen. Azkenean, hiru herrien artean proiektua bertan behera uztea lortu zuten.
Orozkoko Udalak energia berriztagarrien aldeko konpromisoa berretsi du, baina uste du ez direla “edozelan” bultzatu behar. “Energia sortzeak ezin du eragin ekosistema garrantzitsuak edo aberastasun biologikoa galtzea”. Kasu horretan, haize errotak ipini gura diren zona balio handia duen eremu batean dago: Gorbeiako parke naturalaren atarian, hain zuzen ere. Intxaurragaren esanetan, askotan pentsatzen da energia berriztagarriak inpaktu txikia eragiten duela ingurumenean. “Baina ez da beti horrela izaten. Estetika hutsetik harago doa gure kezka: esaterako, parkea eraikitzeko, pista zabalak eta garraio sistemetara iristeko beste azpiegitura eta jarduketa batzuk beharko dira inguruan”. Gainera, ohartarazi du lur erauzketak egin beharko direla “bereziki kalteberak” diren eremuetan: “Etorkizunean ondorioak izan ditzakete. Bioaniztasunaren galera handia ez ezik, herriaren garapen sozioekonomikorako oztopo ere izan daiteke”.
Auzitegietara jotzeko prest
Laster, proiektuaren aurreko azterlan bat bidaliko diete parkeak eragingo dien herri bietako udalei, iradokizunak egin ditzaten. Gero, alegazioak egiteko epea zabalduko da. “Guk argi daukagu ez gaudela ados hori egitearekin, eta ez dugu amore emango. Zerbait gaizki badago, auzitegietara joango garela abisatzen dugu. Ez dugu zalantzarik”. Legea beteko dutela esan du Orozkoko alkateak, baina ohartarazi du ez daudela “edozer” onartzeko prest.
Iaz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak plana eratzen hasteko agindua eman zuen, eta horretan ari dira oraindik. Agindu horren arabera, ezarriko diren teknologiak klima aldaketarekin, paisaiarekin, kultura ondarearekin, ingurune sozioekonomikoarekin, segurtasunarekin eta osasunarekin bateragarriak direla bermatu behar da. Hori lortzeko, esparru horiekin guztiekin zerikusia duten plangintzak, kudeaketa tresnak eta lege tresnak kontutan hartu beharko dira plan sektorialean. Beraz, Orozkok Jaurlaritzari eskatzen dio gobernuak berak ezarritako arauak bete ditzala.
2011n egin bezala, oraingo honetan ere Orozkoko Udalak herritarrek azpiegitura horren inguruan duten iritzia jakin gura du, eta herri galdeketa bat antolatzeko asmoa dutela iragarri du alkateak. “Uste dugu herria horrelako proiektuen aurka dagoela, baina, hala ere, galdetu egingo diegu zer pentsatzen duten, aurretik beren iritzia eman zutenetik urte asko pasatu dira eta”.