Ibai Maruri Bilbao
Bero egiten du egunotan, eta herritarrak gerizpe eta freskotasun bila dabiltza. Bilboko Udalak halakoetan non babestu jaso du gida batean. Joan den astean aurkeztu zuten: 130 “babesleku klimatiko” dituen zerrenda osatu dute. Besteak beste, liburutegietan, museoetan, parkeetan, zubipeetan, elizpeetan, merkataritza guneetan eta “El Corte Inglesen” freskotasuna topatuko dutela esan die hiritarrei. Zeresana sortzen duten argitalpenez harago, udalak herriguneetako tenperatura jaisteko neurriak hartzen ari dira Bizkaian, beroaldiak gero eta ohikoagoak, goiztiarragoak eta gogorragoak izango dira eta. Tenperatura jaisteko neurririk eraginkorrena berdeguneak dira. Eta Bilboko Udalak berak HAPO berrian jaso du bilbotarrei gutxienez etxetik 750 metrora berdegune bat bermatzeko konpromisoa.
Horretarako, parke berriak sortuko ditu: besteak beste, San Ignazion, Abandoko trenbideak lurperatzeak libre utziko dituen lursailetan eta Errekalden A-8a eraistean hutsik geratuko direnetan. Baina luzera begira diseinatutako proiektuak dira. Gainera, inguru batzuetan zailtasunak izango dituzte berdegune handiak egiteko, eta pasealeku berdeak sortzea izango da helburua. Berbarako, Maria Diaz Harokoaren kalea etorbide berde bihurtzeko lanetan ari dira daborduko. Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzarako eta Proiektu Estrategikoetarako zinegotziak aurki hasiko dituzten proiektu batzuk aurkeztu ditu, eta haien artean daude, esaterako, Deustuko Agirre lehendakariaren etorbidean berdeguneak jartzea eta Etxebarria parkean tenperatura jaisten lagunduko duen urmaela eraikitzea eta basoa landatzea.
Plaza eta kaleetan arbolei lekua egin nahi die Bilboko Udalak, baina beti ez du asmatzen. Deustuko Done Petri plaza berrituak ez du arbolarik, eta ia erabat zementuzko zola dauka. Auzotarren haserrea eragin du. Aurten inauguratu dute Deustuko erriberako pasealekua ere, eta herritarrek esan dute arbola gutxi ipini dituztela: egun beroetan ezinezkoa zaie handik paseoan ibiltzea. Gauza bera gertatzen da Basurtu aldean, Diaz Enparantza kalean egin duten pasealeku berriarekin: porlan asko eta itzala urri.
Herritarren kezkak entzutea ezinbestekoa dela esan du Joseba Arregi Getxoko Hiri Ingurumen Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitaterako zinegotziak. Horregatik, klima aldaketaren inguruan duten iritzia eta ikusten dituzten beharrak ezagutzeko inkesta egin dute, eta ondorioekin plan bat diseinatuko dute, datorren urtean lanean hasteko. Arregik esan du plan horren faltan ere, dagoeneko badabiltzala berdeguneak indartzen. “Urtero, gaixo daudelako kentzen ditugunak eta jartzen ditugun berriak kontuan hartuta, berrehun arbola gehiago irabazten ditu hiriak”. Esan du kale eta plazetan orain arte arbola artez eta meheak erabili izan direla, baina hasi direla buru zabalekoak landatzen. “Gerizpe handia sortuko duten arbolak behar ditugu, tenperatura jaisten laguntzeko”.
Getxori itsasoa alboan edukitzeak ere mesede egiten dio. Barakaldok ibaiak ditu: Bilboko itsasadarra, Cadagua ibaia eta Agirtza-Galindo erreken ingurua. “Hiru ibaik inguratzen duten esparruan dago Barakaldoko hirigunea, eta guretzat aliatu garrantzitsuak dira, pantaila moduko bat sortzen dutelako, eta tenperatura jaisten laguntzen”, azaldu du Alba Delgado Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren zinegotziak. Horregatik, hiru aliatu horiek zaindu behar dituzte.
Hiru ibai eta korridoreak
Argitza erreka Galindoko itsasadar bihurtzen den ingurua birnaturalizatzeko proiektu batekin dabil udala lanean. Era berean, Cadagua ibaiaren ingurua berreskuratzen ari dira: ibilguan dauden oztopokoak kentzen, ingurua garbitzen eta arbolak landatzen. Itsasadarrean, azkenik, Bilbao Ria 2000 sozietateak —Barakaldoko Udala da kideetako bat— Erriberako parkea eraikitzeko proiektua lehiaketara atera berri du. Galindo inguruan egongo da. Bederatzi hektareako berdegune handia izango da, kirolerako, aisialdirako eta kultura arloko ikuskizunetarako.
Hala ere, Delgadok aitortu du soilik ibaietan lan eginda ez dela arazoa konpontzen. Hirigunean bertan ere arbolei garrantzi handiagoa eman behar zaiela esan du. Aitortu du Barakaldon alde horretatik asko dutela egiteko. Gainera, azpimarratu du hirigunea ibaiek osatzen duten eraztun horrekin lotuko duten korridore berdeak ezinbestekoak izango direla, tenperatura jaitsiera hiri osoan igarri ahal izateko.
Dena den, Delgadok ohartarazi du berdeguneekin ez dela nahiko: garrantzitsua da berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa gutxitzea. Barakaldon isuri gehien haienak ez diren azpiegituretatik sortzen dira: BEC erakustazoka, autobidea, Gurutzetako ospitalea… “Horietan ezin dugu ezer egin, baina bai hiriguneko mugikortasunean, eta bagabiltza hiritarrak oinez edo bizikletaz mugitzera animatzen eta horretarako erraztasunak ematen”.