A. Igartua Aristondo
Lohia erakusketarako, gertuko buztinekin plater sorta bat egin du June Larzabal EHUko Zeramika masterreko ikasleak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1999). Ikerketa baten emaitza dira piezak: buztinak nahastu eta likido bihurtzea lortu du, eta moldeen bitartez taxutu ditu ontziak.
Zein izan da abiapuntua?
Aurreko urtean, gradu amaierako lanean euskal zeramikaren inguruan ikertu nuen: non lantzen zen gehien, zer teknika erabiltzen zuten… Ikertu nuen nire herri inguruan non lantzen zen zeramika, eta bost herritako buztina jaso nuen. Elosuko [Araba] Euskal Zeramika museoko arduradunak lagundu zidan, Blanca Gomez de Segurak, eta azaldu zidan buztina nola landu. Platerak egin nituen euskal zeramikan oinarrituta, baina gaur egungo diseinuarekin.
Ideia garatu duzu, ezta?
Master amaierako lanean ideia horrekin jarraitu, eta diseinu jasangarriarekin lotu dut. Orain ari naiz soilik Ollerieta auzoko [Elosu, Araba] buztinarekin lanean; zero kilometroko materialak erabili ditut, eta zuhaitz autoktonoen azalen testurak ipini ditut.
Gertutasunaz gain, zer gehiago eskaintzen dizu buztin horrek?
Ezaugarri plastiko onenak ditu; ez da apurtzen. Aurreko urtean, arazoak izan nituen beste buztin batzuekin. Ollerietan buztin tradizio handia egon da, eta horrela deitzen da auzoa eltzeak lantzeko leku asko egon direlako. Kalitatezko buztina da. Hango hainbat geruzatako buztinak nahastu ditut emaitza hobeak lortzeko. Hori egiten zuten antzinako buztingileek kalitate hobeko piezak lortzeko.
Molde bidez egin dituzu piezak. Nola?
Buztina likido bihurtzen. Gaur egun, lozazko eta portzelanazko ontziteriak seriean egiten dira likido deflokulatzaile bat gehituz, likido bihurtu eta pieza bakoitza seriean egin ahal izateko, moldeetan. Ni saiatu naiz hori lortzen, baina hemengo buztinarekin. Erakusketako pieza denak horrela egin ditut.
Zure lanean nola uztartzen dira izaera praktikoa eta artistikoa?
Nik gehiago gura izan dut diseinuaren aldea landu, artistikoa baino. Ez ditut oso pieza zailak egin. Nahiago izan dut pieza praktikoak izatea, erabili ahal izatekoak. Arramen testura sartu diet, baina ez diot alde artistikoari erreparatu.
Zuretzat zer da zeramika? Zer aukera ematen dizkizu?
Ia denerako erabili daitekeen materiala da, oso ondo egokitzen da. Niri asko interesatzen zait produktuen diseinua, eta uste dut gaur egun nahiko garrantzitsua dela plateren diseinua, hala estetikari nola erabilgarritasunari dagokienez. Leku denetan dago, eta oso material jasangarria da, oso ondo kontserbatzen da, eta ez du kutsatzen. Etorkizunera begira, ezaugarri denak ditu.