‘Txabolak’ ehun urte

‘Txabolak’ ehun urte

Ibai Maruri Bilbao

Gorbeiara egindako lehen mendi espedizioa 1877koa da. Harrezkero, hedatuz joan zen mendizaletasuna, eta XX. mendearen hasieran indarra hartu zuen. Gorbeiak erakarrita, Arratiako tranbia hartu eta Zeanurira edo Areatzara mendizale piloa agertzen zen. Diru sarrera osagarriak eskuratzeko aukera ikusi zuen Eleuterio Goikoetxeak: 1922ko uztailaren 9an, Euskal Herriko mendiko lehen ostatua zabaldu zuen Egiriñaon, Gorbeiako gurutzetik hurbil, 1.200 metroko garaieran: Eleuterioren txabola izenez egin zen ezagun.

Mende bat beteko da bihar, eta Zeanuriko Udalak Goikoetxea omenduko du. Gaur egun, Arnotegi Mendi Taldea, Bilbao Alpino Cluba eta Juventus SD elkartea dira aterpetxearen jabeak, eta haiek ere hartuko dute parte. Zeanuriko plazatik abiatuko dira 09:00etan, eta ordu biko ibilaldia osatuta iritsiko dira aterpetxera. Edonork egiteko modukoa dela esan dute, eta parte hartzera animatu nahi izan dute.

Aterpeak Gorbeian egun batzuk igarotzeko aukera eskaintzen zien mendizaleei, babesa, janaria eta lotarako ohea bermatuta zituzten eta. 1924an berritu eta handitu egin zuen Goikoetxeak. Antonio Ferrerrek 1927an argitaratutako Nuestras montañas (Gure mendiak) liburuan azaltzen zuenez, “aterpeak gurutze itxura” zeukan, “eta zerbitzu hauek eskaintzen ditu: hamasei ohe mendizaleentzat eta beste lau diputaziokoentzat; jantokia, sukaldea eta beheko sua, hodi baten bitartez. Lekuotzeko iturritik ekarritako ur edangarriaz gain, dutxatzeko gela bat ere badauka, komunarekin eta konketarekin”.

Egiriañoko aterpetxea

Aterpetxeak kalte handiak izan zituen 1936ko gerran. Goikoetxea preso hartu zuten: hiru urte egin zituen Bilboko Larrinagan, eta beste lau Oñan (Burgos, Espainia). Izan ere, Zeanuriko alkatea izan zen, 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan EAJren hautagaitzak irabazita. Zeanuriko Rotaetxea familiakoen administratzailea izan zen; eraikuntzan eta finka tasatzaile moduan ere lan egiten zuen, eta Bilboko portuko obra batzordeko behargina ere izan zen. Oso ezaguna zen herrian: bizilagunen arteko gatazketan bitartekari egiteko deitu ohi zuten; herriko Ekintza Katolikoko idazkaria zen, eta Zeanuriko Dantzariak taldeko ordezkaria. Hark eraiki zuen Ergiriñaoko Edurretako Amaren baseliza txikia ere, Bizkaian garaierarik handienean dagoena —1.120 metro—.

Eskualdatzen

Herrian falta izan zen zazpi urteetan, Guillermina Uriarte emaztea eta hamar seme-alabak arduratu ziren ostatua kudeatzeaz. 1942an Espainiako Mendi Federazioak aterpetxearen hiru ataletako bi erosi zizkien, 10.000 pezetaren truke. Beste 12.000 pezeta erabili zituzten erositakoa berritzeko. 1943an inauguratu zuten. Bitartean, Goikoetxeak eta familiak euren partearekin jarraitu zuten. 1956an hil zen Goikoetxea. Familiak Bilboko Alpino Clubari saldu zion bere partea, 1957an. Urte berean, Espainiako federazioak Juventus SD elkarteari eta Iberdrolari saldu zizkien bere bi parteak. Egun, Arnotegi Mendi Taldearena da Iberdrolak orduan erositakoa.