A. Igartua Aristondo
Liburu denda bat da, baina baita galeria bat ere, eta zenbait ikastaro antolatu dituzte dagoeneko. Sergio Albarranek (Bilbo, 1986) otsailean zabaldu zuen La Ilusa, Bilboko San Frantzisko auzoan, bere arreba Beatrizekin batera, eta pozik dago harrerarekin. Haien dendaren argazkia era badago Bego Elexperen erakusketan.
Nola sortu zen zuen liburu denda?
Arreba argazkilaritzaren mundutik dator, eta Artearen Historia eta Kazetaritza ikasi ditu; ni ikus-entzunezkoetatik nator. Pandemia garaian, gure bizitza birplanteatzen genbiltzan. Hausnarketa bat egin genuen: erakartzen gintuen zer abiatuko genuke? Liburuek asko batzen gaituzte, balio izan zaizkigulako bai inspirazio iturri gisa, bai hezteko material gisa. Eta ideia bat izan genuen: sortuko bagenu liburu denda bat, galeria ere izango litzatekeena, eta guri interesatzen zaizkigun gaien inguruko ikastaroak eskainiko lituzkeena? Eta hemen gaude.
Zer moduz hastapenak?
Oso ondo. Ilusio handia dugu, baina beldurra ere bagenuen: garai digital betean paperezko liburuen denda sortzea… Horregatik deitzen da La Ilusa [ameslaria, gaztelaniaz].
Zer liburu mota interesatzen zaizkizue?
Mota askotako liburuak ditugu. Baina asmoa dugu zentratuz joateko batik bat zineman, argazkilaritzan eta artean. Bestalde, nahiz eta ez garen liburu denda feminista bat, interesa dugu genero ikuspegian: ditugun liburu gehienak emakumezkoenak dira. Horrez gain, mendebaldarrak ez diren kulturak jorratzen ditugu: literatura afrikarra eta afrikarren ondorengoena, kolonialismoa… Azken batean, katalogo erakargarri bat bilatzen dugu.
Gai horien falta sumatzen zenuten beste liburu dendetan?
Bai. Liburu denda handi asko argitaletxe pare batean zentratzen dira, eta beti dituzte liburu bakoitzaren hirurehun kopia. Guk kontrakoa nahi genuen: aniztasun handia, kopuru txikia, eta ardaztea denda handi horietan ezkutuan geratzen diren autoreengan; merezitako lekua dute hemen.
Euskarak zer leku du?
Narratibaren katalogo txiki bat dugu, eta saiakerak ere baditugu. Eskaintza handitu nahi dugu.
La Ilusa arte galeria bat ere bada.
Nahi dugu hemen inguruko artistek izan dezaten beste toki bat, euren obra erakusteko denbora luzeagoan. Ez ditugu artista bakarreko erakusketak; helburua da stock-a handitzea artista askoren lanekin. Madrilen eta Bartzelonan ugaritzen ari dira negozio mota horiek, baina hemen uste dugu ez direla asko ikusten.
Ikastaroak ere egiten dituzue.
Hori hirugarren hanka da. Ikastaroak izan ditugu irudimenezko idazkeraz, brodatuaz edo argazkilaritzaz, adibidez. Oro har, sormena da irizpidea. Eta oihalgintza ere jorratzen dugu: tokiko arropa marka batzuekin egiten dugu lan, serigrafiak dituzten kamisetak eta poltsak ditugu…
Aurrera begira, zer asmo?
Ikastaroen eskaintza handitu nahi dugu, eta gero eta bezero gehienek jakin dezatela bitxikeriak topa ditzaketela hemen. Topagunea eta erreferentea izatea nahi dugu.