Metroaren gakoak

Aspaldi iragarri zuten, baina oraindik egin gabe dago Bilboko metroaren laugarren linea.

1995

Lehenengo metro linea zabaldu zen. Bilboko Zazpikaleetatik Plentziarainoko ibilbidea zuen hasieran, eta dena batera zabaldu zuten.

2002

Bigarren metro linearen inaugurazioa. Gaur egun Santurtziko Kabiezes eta Basauri lotzen ditu, baina apurka-apurka zabaldu zuten.

2009

Metroa Errekaldera, zazpi urteren ostean. Iñaki Arriolak, orduko Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak, iragarri zuen metroa 2016an helduko zela Bilboko Errekaldera.

2012

Laugarren linearen jatorrizko ibilbidea. Jaurlaritzak 2012an aurkeztu zuen laugarren linearen lehen proiektua eta lehen aurrekontua. 372 milioi eurokoa zen, eta lehen linea perpendikularki gurutzatzea aurreikusten zuen proiektuak, Bilbon geltokiak ipinita Errekalden, Iralan, Zabalburun, Moiua plazan —hori bi lineen lotura bihurtuz—, Euskadi plazan eta Deustuko Unibertsitatean.

2017

Hirugarren linearen inaugurazioa. Bilbon heldu zen Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Uribarri eta Matiko auzoetara.

2018

Hasierara. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak jakinarazi zuen jatorrizko ibilbidea alboratu zutela eta ikerketa bat egiten ari zirela.

2022ko maiatza

Enkarterrirekin lotune. Laugarren linearen ibilbidea aurkeztu zuen Jaurlaritzak. FEVEren egungo bidea aprobetxatuko luke Enkarterriak, Errekalde eta Irala Bilboko Abandorekin lotzeko. Horretarako eskuduntza aldaketa beharko luke Jaurlaritzak, eta Abandoko geltokia AHTaren etorrerarako egokitu eta gero egin beharko litzateke. Laugarren linearen aldeko plataformak salatu du “inposatutako” proiektua dela, eta, “enkarterriarren nahiak” asetu arren, ez dituela kontuan hartzen euren eskaerak. AHTaren etorrerarekin lotzeak gutxienez hamar urte atzeratzea dakarrenez, jatorrizko proiektura itzultzeko eskatu dute: Errekalde Moyuarekin lotuko lukeenera.