Herri txiki bat inperioan

Herri txiki bat inperioan

Ibai Maruri Bilbao

Burdina lantzen zuten hainbat tailer txiki zeuden Urdaibaiko itsasadarraren bazterrean K.o. I. mendetik IV. mende ingurura arte; hamabost tailer inguru ziren. Industria jarduera handia zegoen, beraz. Haien aztarnetan, zorua egosita dago, burdina lantzeko olak zeudelako. Bizkaiko erromatar garaiko aztarnategirik handiena da Forukoa, eta Kantauri itsasertzean daudenen artean ondoen kontserbatuta dagoena. Sei hektareako eremua du.

1982. urtean aurkitu zituzten aztarna horiek, Elexaldeko muinoan aurkitutako idazkun batzuetatik abiatuta. Ordura arteko hipotesi bat bertan behera geratu zen: erromatarrak ipar isurialdean egon ez zirela zioen ustea. Ana Martinez Salcedo izan zen aztarnategia topatu zutenetako bat, eta azternategiaren zuzendaria da: “Bizkaiarentzat oso garrantzitsua izan zen aurkikuntza hori, ordura arte uste baitzen erromatarrak ez zirela han egon. Aurkikuntza horrek agerikoa zena argitu zuen: ingurune geografiko hori ez zegoela garai hartako joera politiko, ekonomiko edo kulturaletatik bakartuta”. Abuztuaren 14an bisita bat gidatuko du.

Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibilbide Historikoak programaren barruan ezagutu daitezkeen lekuetako bat da Foruko herrixka. Aurten, uztailaren 15etik irailaren 15era egongo da martxan programa. Egun hauetan bisitatu ahalko da Foruko herrixka: uztailaren 20an, 23an, 27an eta 31n; abuztuaren 3an, 10ean, 14an —Martinezekin—, 17an, 21ean —keinu hizkuntzan gidatua—, 24an eta 29an; eta irailaren 3an, 11n eta 14an.

Lehen erromatarrak K.o. 48. eta 68. urteen inguruan iritsi ziren inguru horretara. Hasieran, Forukoa kokaleku militar bat izan zen, baina, apurka, handituz joan zen, industrialde hori sortzeraino. Jarduera ekonomiko garrantzitsua eduki arren, ez zen ailegatu herri izatera ere; ez du haiek zuten hirigintza plangintzarik. Dena den, eraikin ugari daude: bigarren mailako herrigunea zen.

Edozelan ere, garrantzia izan zuen, erromatarren forum bat baitzen. Hortik datorkio izena herriari. Merkataritza guneak ziren, inportazio eta esportaziorako lekuak, baita jarduera politiko eta administratiborakoak ere. Barnealdeko lehengaiak esportatzeko baliatzen zen portua, baita burdinoletan lantzen ziren burdin lingoteak ere. Hirurehun urtez jarduera horietan aritu ziren; inperioa erortzean, hutsik geratu zen.

Foruko herri erromatarra

Hiru etxe eta eliza

Udan egingo diren bisitetan, agerian dauden aztarnak ikustearekin batera, duela ia 2.000 urte herria zelakoa zen ikusi ahal izango du bisitariak: tabletatan ikus daitekeen berregite birtual bati esker, garai hartara egingo du salto. Funtsezko hiru toki daude: tailer metalurgiko bat da lehenengoa, II. eta IV. mendeen artekoa; etxeko espazio bihurtu zen IV. mendean; bigarrena eraikin militar bat da, lehen mendekoa: II. eta IV. mendeetan tailer metalurgiko gisa erabili zen, eta etxeko espazio bihurtu zen IV.ean; hirugarrena patio bat duen etxe bat da, hau da, domus-a, lehen eta bigarren mendeetakoa. Hiru eraikin horietan erromatar haien ohiturak ere ikusi ahalko dira. Gainera, tabletek bisita geografiko bat ere erakusten dute, erromatarrak itsaso bidez nola sartu ahal izan ziren irudikatzeko.

Tourseko San Martin eliza ere bisitaren parte da, herrixkatik hurbil. Kantauri ekialdeko eliza baten barruan dokumentatua dagoen erromatarren garaiko aurkikuntza bakarrenetakoa da. Bizkaiko sekuentzia historikorik osoena gordetzen du, erromatarren garaitik gaur arte.