Natalia Salazar Orbe
Aire zabala, gertuko tratua eta jende pilaketa txikiak: horixe bilatu ohi dute landetxeetara edota kanpinetara oporretara joaten diren bisitariek. Era horretako Bizkaiko ostatuetan goraka doa joera hori. Bizkaiko 67 landetxe biltzen dituen Nekatur Nekazalturismoa elkarteko kudeatzaile Idoia Ezkurdiaren esanetan, “aurreikuspenak onak dira; 2019ko datu berdintsuak edota igoeraren bat ere izan genezake”. Bide beretik mintzatu da Javier Fernandez Gorlizko kanpineko kudeatzailea ere: “Aurreikuspenak onak dira. Hala ere, eguraldia oso txarra bada, bisitariek ihes egiten dute”. Horixe dute baldintzatzaile nagusi batean zein bestean.
Okupazio datuak parekatzen ari dira pandemia aurreko garaietara; Ezkurdiak esan duenez, “pandemia baino lehenago ere jada bazegoen udarako datuetan igoerarako joera bat Bizkaiko landa ostatuetan. Hori indartu egin da pandemian izan dugun egoera dela eta; jendeak gero eta gehiago nahi ditu natura beteko kokapenak, multzo handietatik urruntzea eta pilaketarik ez dagoen ostatuetan erreserba egitea: lasaitasuna. Pandemiak joera hori indartu du”. Iaz ere datu onak izan zituzten uztailean eta abuztuan: “Beste ostatu turistikoekin alderatuta, landa ostatuak izan ginen datu hoberenak izan genituenak”, esan du Ezkurdiak.
Antzeko joera irudikatu du Fernandezek kanpinetan ere —Bizkaiko Hitza saiatu da Bizkaiko datu orokorrak jasotzen, baina halakorik ez dutela azaldu dute Euskadiko Kanpinen Federaziokoek—. “Iaz eta aurreko urteetan baino jende gehiago dago aurten. 2017ko datuak ere gainditzen ari dira”. Aurreikuspena ona da han ere, betiere eguraldiak baldintzatuta. “Maiatz aurretik bungalowak hartuta zeuden uda osorako. Baina kanpalekuan ez da egiten erreserbarik. Izan ere, bezero batzuk gau bat egiteko asmoz iristen dira baina bost egiten dituzte, eremua edo Plentzia eta Bilbo inguruak gustatu zaizkielako”. Alderantziz ere gertatzen zaie, ordea: “Bezero batzuk astebete egiteko asmoz iristen dira, baina bi egun besterik ez dituzte egiten euria hasi delako. Joan den astean hori gertatu zitzaigun”, esan du, duela bi asteko egoera aipatuz.
Okupazio datuak
Datuak eman ditu Nekaturreko kudeatzaile Ezkurdiak: 2019ko uztailean %58,64ko okupazio portzentajeak izan zituzten Bizkaiko landetxeetan, eta 2021eko hil berean %54,19koa izan zen datu hori; 2019ko abuztuan %82,84ko okupazioa izan zuten, eta 2021ean kopuruak %85,65era egin zuen gora.
Oraingoz, ezinezkoa dute aurtengo behin betiko datuak ematea, azken orduko erreserbek asko baldintzatu ohi dituztelako. Dena den, konparazioa egiteko, ekainaren 30erako uztail eta abuzturako zein aurreikuspen duten jakinarazi dute, 2021eko ekainaren 29rako hilabete berberetarako zituzten aurreikuspen datuekin batera: aurtengo uztailerako %45,40ko okupazio aurreikuspena daukate, eta 2019ko uztailaren 8an %47,06koa zen aurreikuspena; eta, aurtengo abuztura begira, ekainaren 30ean %52,03ko aurreikuspena zuten, eta 2019ko uztailaren 8an, berriz, %56,33koa zen aurreikuspena.
Ezkurdiak uste du kopuru horiek baikor izateko arrazoiak ematen dizkietela: “Ikusten ari gara aurten erreserbetan eboluzio bat gertatzen ari dela. Dinamika eta datuak nahiko onak dira. Konparatzen baditugu pandemia aurreko uztaileko datuekin, kopuru berdintsuak ditugu, eta abuztuan ere bai. Bezeroek erreserbak egiten jarraitzen dute, eta, kontuan hartuta gero eta joera handiagoa dagoela azken orduko erreserbak egiteko, aurreikuspenak onak dira. Pentsatzen dugu 2019ko antzeko datuak izango ditugula”.
Landetxeetan igoera ere ez du baztertu. “Kontuan izan behar dugu eguraldia. Horrek ere eragin handia izango du, azken orduko erreserba asko izan ohi dugulako. Badirudi oso datu onak izango ditugula, betiere eguraldiak laguntzen badu”.
Bezeroen soslaiari dagokionez, landetxeetan udara begira familiak nagusitu ohi dira. “Seme-alabak dituzten bikoteak dira gehientsuenak. Lagunak ere bai, baina ez horrenbeste”, dio Ezkurdiak. Lehenago ez zegoen joera bat antzematen ari dira, gainera: “Iazko udan ikusi genuen, eta aurten joera hori bera nabari dugu: familiek etxe osoa eskatzen dute. Lehenago hori udaberrian edo udazkeneko asteburuetan gertatzen zen; udan ez hainbeste”.
Gorlizko kanpinean autokarabanek egin dute gora, nabarmen. “Autokarabana duten bezero asko etortzen zaizkigu atzerritik. Metroa hartu eta Bilbora joateko aukera ematen die gure kanpinak. Aire zabala bilatzen dute”. Udara arteko bisitari gehienak Herbehereetako eta Alemaniako pentsiodunak dira. “Abuztuan frantziarrak nagusitu izan ohi dira orain arte. Oraingoz, ordea, ez dakigu zer gertatuko den, dena aldatzen ari da-eta”.
Europako bisitariak
Horrez gain, uztailean eta abuztuan Espainiako Estatuko bisitari asko izaten dute.”Gazteak, berriz, asteburuetan etorri ohi dira. Horiek, ordea, kanpadendetan etortzen dira, eta dendak jartzeko garaia orain hasten da”. Aurten, apirilean eta maiatzean “oso eguraldi ona egin duenez, jende gehiago egon da. Meteorologia txarra bada, asko atzera botatzen dira”, esan du Fernandezek.
Aurten Alemaniatik izan dute ohi baino bisitari gehiago kanpinean. “COVIDaren ondorioz ezarritako murrizketak desagertu direlako eta Errusia tartean duen gerragatik. Europako turismo mota bat asko joaten zen herrialde baltikoen inguruetara, termak eta aukera asko eskaintzen dituztelako. Orain ez doaz; honantz jotzen dute, eta Galizia eta Portugalera doaz. Milaka autokarabana daude; lehenago herrialde baltikoetara jotzen zuten, bizimodua ez delako garestia han. Orain, gerra inguruetatik urrun dauden lekuen bila ari dira”.
Landetxeei dagokienez, bereziki arrakasta izaten duten eremuak zehazteari zail deritzo Ezkurdiak. Hala ere, onartu du Urdaibai dela Bizkaian “asko” eskatzen duten eskualde bat, “urte osoan, eta, bereziki, udan”.