Bilbon hainbat igogailu eta jolas parke eraikiko dituzte

Bilbon hainbat igogailu eta jolas parke eraikiko dituzte

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko Udalak proiektu sorta bat onartu berri du: guztira, hamar obra egingo dituzte, eta hiribilduko barruti guztietan izango dira esku hartzeak. Oztopo arkitektonikoak kendu eta irisgarritasuna hobetuko dute gune batzuetan, kale eta arteria handi batzuk berrituko dituzte, eta jolastokiak handitu eta moldatuko dituzte, besteak beste. Beharrek 23 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua edukiko dute. Lanak lehenbailehen lizitatu eta abiatzeko asmoa dute.

ARTXANDA ETA ZORROTZAURRE

Eraztun Berdea eta Itsasadarra konektatuko dituzte: Artxanda eta Zorrotzaurre artean egurrezko bi pasabide irisgarri eraikiko dituzte, oinezkoentzat. BI-604 errepidearen gaineko zubitik abiatuko dira biak ala biak. Lehenengoak Artxandako begiralekuarekin egingo du bat, eta 1,5 kilometro izango ditu. Bigarrena, 1.286 metrokoa, Ibarrekolanda bidearekin lotuko da. Pasabide bakoitzak bi begiratoki izango ditu. Aurrekontua lau milioi eurotik gorakoa da.

AGIRRE LEHENDAKARIAREN ETORBIDEA

Deustuko Agirre Lehendakariaren etorbidea osorik berrituko dute. Espazioa berrantolatzeko asmoa dute, oinezkoei toki gehiago emateko: errepidearen erdiko mehelina kenduko dute, errei kopurua gutxitu, eta espaloia zabalduko da. Halaber, bidegorri bat jarri, eta berdeguneak eta landareak ipiniko dituzte. Orotara, ia 26 mila metro koadrotan izango da esku hartzea. 5,7 milioi euroko kostua aurreikusi dute.

TXURDINAGA

Txurdinagako Ekobulebarraren proiektuaren barruan, Artazuriña kalea berrituko dute, eta Begoñako basilika eta Europa parkeko tunelaren sarrera lotuko dituzte. Gainera, tunelaren argiak ere berrituko dira osoki, kolorezko ikuskizun bat eskaintzeko. Ia 1,9 milioi euro inbertituko dituzte proiektuotan.

Etxebarria parkea

ETXEBARRIA PARKEA

Etxebarria parkearen hegoaldea berrituko dute; guztira, 17.000 metro koadro baino gehiago ditu eremuak. Futbol zelaitik hurbilen dagoen gunean, zuhaizti bat eta urmael artifizial bat sortuko dituzte. Haurrentzako leku bat ipiniko dute, eta argiak ugaritu eta hobetuko. Ia bi milioi euroko kostua aurreikusi dute.

CAMPO VOLANTIN

Campo Volantin pasealekuko jolas parkea handitu eta eraberritu egingo dute. Zehazki, euskal kultura eta mitologiako elementuak txertatuko dituzte: Lamiaren hondartza, Tarttalo zabua, Sorginaren etxetxoa eta Marigorringo tranpolina jarriko dituzte han, esate baterako. 570 mila euro inguru bideratuko dituzte.

Boluetako haur parkea

JUAN GISASOLA

Haur parke bat eratuko dute Bolueta auzoko Juan Gisasola kalean. Ia 800 metro koadroko orube bat erabiliko dute. Plaza bat eraikiko dute, eta, barruan, jolas parkea. Bost jolas multzo egongo dira guztira. Kasik milioi erdiko aurrekontua izango du.

CASILDA ITURRIZAR PARKEA

Casilda Iturrizar parkean, Melia hotelaren aurrean dagoen inguruan, haur parke estali bat sortuko dute, urmael itxurakoa. Estalkia beirazkoa izango da, 420 metro koadro edukiko ditu, eta ia bederatzi metroko altuera. 950 mila euro inguru bideratuko dira.

SOLOKOETXE

Irisgarritasuna hobetuko dute Solokoetxen. Zazpikaleekin lotuko dute bi igogailurekin. Kaleko eskaileretan eraikiko dira igogailuak, eta, gainera, oinezkoentzako konexio bat sortuko da Erronda kaletik Solokoetxeko instituturaino.

ARTAZU BEKOA

Artazu bekoan ere bi igogailu egingo dira. Beheko igogailua auzoaren erdialdean ipiniko dute, autobus geltokitik gertu. Auzoaren goiko aldean joango da bigarrena. Proiektuak milioi bat euro baino gehiagoko kostua izango du.

MASUSTEGI

Masustegin igogailu inklinatu bat jarriko du Bilboko Udalak. 90 metro inguru luze izango da, eta kabinak 25 pertsonarentzako tokia izango du. 5,2 milioi euro inguruko aurrekontua du.