N. S. O.
Bisitari taldeak elkartu eta hiriko txokoen berezitasunen berri ematen dien gidari batek zuzenduta ibili ohi dira turista asko eta asko Bilboko kaleetan barrena. Turismo mota horren gorakadak bizilagunengan duen eragina aztertuko du udalak. Hain zuzen, jende pilaketak eta zaratak eragin dezaketen kaltea izango dute aztergai, eta jarduera hori arautuko duen udal ordenantza osatzeko aukerari buruz hausnartuko dute. Bereziki, arautu gabeko free-tour direlakoek sortu dute kezka handiena. Eraginik handiena Zazpikaleetan antzeman dute.
Bilboko EH Bilduren ekimenez eztabaidatu zuten proposamena, joan den asteko osoko bilkuran. Asier Gonzalez taldeko zinegotziaren esanetan, bisita mota horien “hazkunde neurrigabearen eta arautu gabearen ondorioz, bizilagunak arazoak izaten ari dira”. Azaldu duenez, dozenaka bisitarik osatutako taldeak izaten dira, eta “askotan leku beraietan bat egiten dute, eta megafonia ere erabiltzen dute”. Bisitariek Bilbo eta Euskal Herria orokorrean ezagutzeari ondo baderitzo ere, “ezagutza hori antolatu beharra” dagoela adierazi du Gonzalezek, “esperientzia guztientzat izan dadin aberasgarria, ez bizilagunen kalterako”.
Ekarpen fiskalik egiten ez duten bisita motak direla ere esan du, “beste edozein jarduera ekonomiko bezala arautu beharreko jarduerak” direla azalduta. Dena den, aitortu du badirela “zerga betebeharrak zorrotz betetzen dituzten gidari onak” ere. “Haiek kezka helarazi digute intrusismo handia dagoelako eta free-tour eredua kontrolaezina delako tresnarik izan ezean”. EH Bilduko zinegotziak dio beste hiri batzuetan —Bartzelonan eta Amsterdamen, kasurako—, “hiria bisitatzeko modua” arautzeko neurriak hartu dituztela, “talde bakoitzeko partaide kopurua mugatuz, megafonien ordez audio gidak erabiltzera behartuz, gidarien udal errolda irekiz edo eremu publikoaren erabileragatik tasa bat ezarriz”.
EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak eta EH Bilduk berak adostutako zuzenketa onartu zuten. Elkarrekin Podemosek ere babestu zuen; PPk, berriz, kontra bozkatu zuen.
Alderdien argudioak
Carlos Garcia PPko zinegotziaren ustez, “megafoniak debekatzea edota talde bakoitzeko gehiengo kopuruak mugatzea turismoari zailtasunak jartzea da”. Elkarrekin Podemoseko Carmen Muñozek esan zuen eurak ez daudela turismoaren kontra; bai, ordea, “era desordenatuan eta ez jasangarrian” egiten denaren aurka.
Xabier Otxandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak (EAJ) azaldu zuen gida turistikoen jarduera arautzea Eusko Jaurlaritzari dagokiola. Haren esanetan, “bisita gidatuen eraginaren azterketa egitea da asmoa, ez profesionalena”. Adierazi du udal taldeak ez duela ikusten nahitaezko ordenantza bat osatzea: “Ikusiko dugu egitea beharrezkoa den ala ez”. Haren iritziz, “garrantzitsuena azterketa egitea da; ikusiko dugu zer emaitza ematen duen”.