Eman buelta bat

Durangoko ezagun batek behinola jantzitako mozorroaz akordatu naiz asteon. Morroia Facebookez jantzi zen aldi hartaz. Hartu okumez eginiko ohol parea, pegatu bertan kuadrillako argazkiak, mendi irteeretakoak, parrandetakoak, ipini ohol apaindu berriak soinean, eta aire! Segi Goienkalen zehar Facebook ibiltaria bazina lez poteatzen. Ezagunak ez zuen burua askorik nekatu, baina ederto batean islatu zituen aro digitalaren ajeak. Bete-betean asmatu zuen sare sozialen erabilerak izan ditzakeen kontraesan absurdoak azaleratzen: zergatik argazkiak sare sozialetan zintzilikatu bai, baina kalean, soinean, eraman ez?

Bada, horretaz guztiaz akordatu naiz Lightyear pelikularekin muntatu dena ikusita. Zenbait herrialdetako zinema aretoetan ohartarazpen kartelak ipini dituzte filmak “genero ideologia” daukala adierazten. Eta pentsatu dut ideia biak konbinatu ditzakegula. Konbinatu ditzakegula lagunaren mozorroa eta genero ideologia adierazten duten mezuak. Hau da, beharbada plantea dezakegula besteei —heteroei, noski—, honako kartelak soinean ipintzea: “umeen parke honetan genero ideologia praktikatzen dugu”, “supermerkatuetako gurditxoan genero ideologia duzu erosgai”, “inork txarto begiratuko ez gaituen jakitun garelako, elkarri eman berri diogun muxu heterosexual honetan genero ideologia dago”. Izan daiteke egoeraren erridikulua agerian uzteko modu bat. Gure mugimenduak beti izan baitu gaitasun hori. Bumeran efektua egitekoa. Botere egoeran dagoenaren hizkuntza hartu, bere egin eta botere egoeran dagoenari bueltan bidaltzeko gaitasuna. Adibideak badira. Bollera eta marika moduko termino erasokorrak hartu eta gure egin genituen, erasotzailearen terminologia neutralizatzeko asmoz. Vox alderdiaren ostadar koloreko mamutxoa ere (Gaysper) gure egin genuen, irudia gure kamisetetan, katiluetan eta oheko kuxinetan ipinita. Hori bai, Norvegiako hiriburuan gertatutakoari ez bumeran efekturik aplikatu. Eta ez bumeran efekturik aplikatu Bilboko hilketa homofoboei. Hobe ez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren deia izango duzu-eta bestela.

Baina, bai. Gutxi-gorabehera hori da kontua. Egoera guztiei eman beharko genieke buelta, hain zuzen ere horretarako, egoera pribilegiatuetan dauden heteroek, zisek, egoerari buelta bat eman diezaioten. Oinarri duten botere egoeraz hausnartu dezaten. Hortik lortuko baititugu elkarren arteko aliantzak eta gizartean aurrera egitea ahalbidetuko diguten egiturak.

Gainerakoa, badakizue. Betikoa da. Ekainaren 28an kalera irten gara, aldarrikatu dugu, egin dugu dantza, borrokatu gara, egin dugu festa. Eta gogoratu dugu LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna urte osoko kontua dela. Eta inportanteena: eman diogu buelta kontuari, irauli dugu egoera. Aldarrikapenetarako zarratu dugun ukabil hori bera baliatu dugu fisting egiteko.