Natalia Salazar Orbe
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak iragarri dute noiz irekiko duten Belaunaldien Arteko Zentroa herrian: 2024an. Europako funtsek diruz lagunduko duten proiektua izanik, lanak urtea bukatu aurretik hasi behar dituztela jakinarazi dute. Oraingoz, proiektua aurkeztu dute, eraikina zer-nola egituratuko den azalduta. Bertan biziko diren gazteen eta adinekoen arteko elkarrekintza sareak nola landuko dituzten ez dute zehaztu oraindik.
Ekainean atera dituzte lehiaketara eraikinaren obrak, hamasei milioi euroko aurrekontuarekin. Itzubaltzeta auzoan kokatuko dute zentroa, gaur egun Ibar Nagusien Etxea elkarteak bere jarduerak garantzen dituen eraikina eraitsita. Hain zuzen, Kresaltzu eta Lope de Vega kaleen arteko elkargunean altxatuko dute eraikin berria. Bertan elkarrekin biziko dira mendekotasun egoeran dauden ehun adineko eta berrogei gazte. Mendekoak gehienez hogei laguneko bizikidetza unitateetan banatuko dituzte. Gazteentzako apartamentuak egokituko dituzte.
Bost solairu
Eraikinak bost solairu izango ditu. Horietan, gune batzuk bereizita egongo dira, eta, beste batzuetan, egoiliarrak elkartzeko eta elkarri eragiteko asmoz sortutako erabilera komuneko espazioak. Hori baita proiektuaren helburua, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak joan den martitzenean azaldu zuenez: “Elkarrekin bizitzea” eta “elkarri eragitea”, ez belaunaldi biak elkarren ondoan bizitzea soilik.
Murillok eta Amaia Agirre alkateak proiektuaren zehaztasun arkitektonikoak eman dituzte. Espazio zabalak, irisgarriak, barruko patioak, terrazak, aretoak eta hiri baratzeak izango ditu 8.854 metro koadro eraiki izango dituen eremuak. Uste dute horiek guztiek belaunaldien arteko kohesioa eta bizikidetza garatzeko aukerak emango dituztela.
Mendekotasun egoeran dauden egoiliarrentzako sei bizikidetza unitate aurreikusi dituzte —solairu bakoitzeko bat—. Horietako bakoitzak sukaldea, jangela eta egongelak izango ditu. Gelen %86 indibidualak izango dira.
Era berean, egoitzetan ohikoak diren zerbitzuak ere edukiko ditu; hala nola harrera gune bat, atsedenerako egokitutako lekuak, jantokiak, osatze eta psikomotrizitate unitateak, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak, eta garbitegia.
Europak aurre egin behar dion erronka sozial bikoitzari erantzuna emateko orduan, Bizkaia “abangoardian” jarri du proiektuak, sustatzaileen arabera. Hain zuzen, gizakia luzaroago bizi da, eta, bestalde, gazteek emantzipatzeko zailtasunak dituzte. Azaldu dute Getxoko zentro horretan adin desberdinetako pertsonak biziko direla elkarrekin, eta euren bizitza proiektuak komunitateari ere zabalik egongo den espazio komun batean garatuko dituztela.
Auzotarrak, kontra
Ibar Nagusien Etxea adinekoen elkartekoak dira Getxon proiektu berria egiteko eraitsiko duten eraikinaren erabiltzaileak. Haiek eta hainbat auzotar ez daude ados proiektuaren kokapenarekin. Paco Rama elkarteko presidenteak iradoki du udala tematuta dagoela eremu horrekin: “Urteak daramatzate orube horretarako proiektuak diseinatzen. Eraikinari ez diote ematen baliorik”. Eraikinak “historia handia” duela esan du Ramak, eta adierazi du herrian bertan bazegoela beste aukerarik: “Aiboan inguruan aurri deklaratutako eraikin bat dago. Han bazuten nahikoa leku euren proiektua gauzatzeko. Han egin beharrean, ezetz erabaki dute, ordea; hau eraitsi eta hemen eraikiko dutela. Oso gaizki deritzogu”.
Agirre alkateak prentsaurrekoan iragarri zuen Ibar Nagusien Etxekoei 283 metro koadroko lokal bat utziko dietela eraikin berrian. “Euren esku dago espazio horren diseinua”, esan zuen. Baina Ramak azaldu du hori ez dela nahikoa eurentzako.
Eurak Lope de Vega eraikinean jarraitzen dute. Ikasturteko tailer gehienak bukatu badituzte ere, oraindik euren topaleku da eraikina. Astero handik “hirurehun erabiltzaile baino gehiago” pasatzen direla esan du. Ekainaren 24ra arteko epea ezarri zien udalak berau husteko. Hala ere, han jarraitzen dute. Gauetan lotara ere geratzen dira. Husteko aginduaren aurkako helegitea aurkeztu dute, eta epaitegiek zer esango duten zain daude.