Diputazioaren planean “sakoneko gogoeta” falta dela uste du EHNEk

Diputazioaren planean “sakoneko gogoeta” falta dela uste du EHNEk

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektorearen krisiari aurre egiteko plan bat onartu du. Luze gabe indarrean jartzeko hamar neurri jaso ditu, eta epe ertainerako erronkak aztertzeko lan batzordeak sortuko ditu. Martitzenean, arloko hainbat eragilerekin bildu ziren Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatua, Bilboko Foru jauregian. Bizkaiko EHNE sindikatua ez zen han egon: “Ez gintuzten deitu. Baina aurretik bilerak egin dituzte gurekin”, esan du Unzalu Salterainek. “Sakoneko gogoeta” falta dela iruditu zaio.

Bizkaiko EHNEk egin duen balorazioa ez da baikorra izan: hamar neurrietako batzuk dagoeneko banatuta dauden diru laguntzak direla ohartarazi du; kexatu da laguntzen banaketa hobetzeko egin dituzten proposamenak ez dizkietela onartu, eta iruditzen zaio sektorearen egoeraz gogoeta egiteko sortutako foroa berandu datorrela. Kezka agertu du datorren urtean foru hauteskundeak egingo direlako eta ez dutelako ziurtasunik haietatik sortuko den gobernuak gogoetan adostutakoa bere egingo duen.

Salterainen esanetan, laguntzen antolaketa alderantziz egin du diputazioak: “Begiratu beharrean zer behar dauden eta horiei erantzuteko zenbat diru behar den, aurrekontua finkatu du eta gero egin du banaketa. Ez dio erantzuten sektorearen egoerari, diputazioak duen aurrekontuari baizik”. Ondorioz, egin den banaketa ere “eskasa” dela iruditu zaio, eta hobetzeko proposamenak egin dituzte. Esaterako, okelatarako eta esnetarako behietan, diputazioak 30 burutik gora dituzten baserritarrak lagunduko ditu. “Jende asko kanpoan geratuko da”. Buruko emango den diru kopurua ere handitzeko eskatu du. Okelatarako behien kasuan, baserrian txahala jaio eta bertan hazita saltzen duten ekoizleak saritzea proposatu dute. Ez diete ezer onartu. Ostera, poztu da lehen aldiz ortuari ekoizleak ere laguntzetan sartu dituztelako.

Arazo orokorragoa

EHNEko kideak esan du diru laguntzak “beharrezkoak eta ondo etorriak” direla, baina plan orokorrago bati lotuta egon behar dutela. “Hau ez da herrialdeka erantzun behar, arazo sakonagoa eta zabalagoa delako. Gutxienez, Jaurlaritzarekin egin beharko da gogoeta, eta konponbideak bilatu”. Esaterako, pentsuen prezioaren gorakada “espekulazioaren” ondorio dela esan du, eta hori ezin duela diputazioak konpondu.

Uste du diru laguntza zuzenek, zeharka bada ere, espekulazio eredu hori “indartzen” dutela. Bestelako konponbideak behar direla deritzo: berbarako, Bizkaiko abeltzainen eta Arabako zereal ekoizleen arteko akordioak bultzatu. Halere, pentsuak gutxitu eta bazka handitu behar dela iritzi dio. Horretarako belardiak falta dira. Proposatu du pinuen gaitza aprobetxatuta %30etik beherako maldadun basoak belardi bihurtzea hurrengo hamarkadan.

Edozelan ere, diputazioak sortuko duen foroa “garrantzitsua” izango dela uste du, “berandu” etorriko den arren. “2020an egin zitekeen, behin pandemia gainean genuenean. Gainera, momentu aproposa zen horretarako, Europara orduan aurkeztu behar baitziren hurrengo urteetarako plangintza estrategikoak”.

Elkarlana garrantzitsua da

EHNE ez bezala, bileran izan ziren, besteak beste, Bizkaimendi Bizkaiko landa garapenerako elkarteen federazioa eta ENBA baserritarren sindikatua. Bizkaimendiko Jokin Etxebarriak “martxan ipini den dinamika” goraipatu du. ENBAko Leire Aialak uste du aldundiaren eta eragileen arteko “elkarlana sustatzea garrantzitsua” dela. Orain indarrean jarriko diren hamar neurriak, berriz, “ezinbestekoak” direla iruditzen zaio.