Ibai Maruri Bilbao
Hiriko postariek kaleei eta zenbakiei banatzen dizkiete gutun eta paketeak; landa inguruko postariok, berriz, izen-abizenei”. Eukene Murillo postaria da Txorierri inguruan, Larrabetzun ibili da azken aldian, eta, egunotan, Derion dabil. Bezeroenganako gertutasun hori “nabaria” dela esan du, eta hori aprobetxatu gura izan du Correosek orain arte bulegoetan eskaintzen izan dituen zerbitzu batzuk postarien bidez etxeetara eroateko. Bezeroak etxetik egingo du guztia, bulegora joateko premiarik gabe: paketeria bidali eta itzultzea; ordainagiriak eta zergak ordaintzea; enbalajeak, gutun azalak eta zigiluak erostea; argi, gas eta telefonia zerbitzuak kudeatzea; eskudirua bidaltzeko eskatzea… Horretarako, PDA batzuk banatu ditu postarien artean. Guztira, 70 langile hasi dira Bizkai osoan zerbitzu hori eskaintzen. Ekainean hasi ziren horretan.
Oraindik banku batzuekin baino ez dabiltza lanean, baina guztietara zabaldu nahi luke Correosek. Murilloren esanetan, gaur-gaurkoz, berari ez diote horrelako zerbitzurik eskatu. Uste du oraindik ezezaguna dela bezeroen artean. Baina “oso interesgarria” izan daitekeela iruditzen zaio; Larrabetzuko adibidea ipini du: “Oker ez banabil, astean bitan egoten da zabalik Kutxabankeko bulegoa; beste bi egunez Laboral Kutxakoa. Lehen, egunero. Gero eta herri gehiagotan kutxa automatikoak kentzen ari dira. Herri txikietan ere eskudirua lortzeko eta bankuko kontuak egiteko aukera bermatu behar da, eta postariok horretan lagundu dezakegu”. Era horretan, baserri sakabanatuetan bizi diren adinekoei “eskubideak bermatzen” dizkietela uste du.
Pertsona nagusiak zerbitzu horiek erabiltzen hastera animatzeko postariekin duten “gertuko harremana” lagungari izango dela esan du: “Erabateko konfiantza dute gugan”. Adibide bat ipini du: bidaliko diren gutun handiak pisuaren arabera ordaintzen dira. “Guk bulegotik kanpo ez dakigu zenbateko pisua duten. Dirua ematen digute, eta hurrengo egunean ekartzen dizkiegu bueltak. Hori konfiantzako norbaitekin baino ez dute egingo”.
Sarri askotan, etxeko ateak parez pare zabaltzen dizkiete. Horregatik du Murillok gurago landa inguruko lana. “Bazkalorduan joaten garenean, askok haiekin mahaian esertzera gonbidatzen gaituzte. Sarritan joaten gara baserrietatik ogi artean zerbait sartu eta ogitartekoa eginda”. Etxekoak ortuan lanean dabiltzanean harrapatzen baditu, ez da ezohikoa izaten poltsa bete tomate oparitzea ere. “Tabernara joaten garenean tabernariari gutunak eroatera, beti egoten da ‘ateraiozu kafe bat postariari’ esaten diona”. Herritarrek estimatzen dituztela sentitzen du Murillok.
Azkenaldian, enpresako furgonetak banatzen hasi da Correos langileen artean. Baina, orain arte, beharginetako asko euren ibilgailuekin ibili dira gutunak banatzen; batez ere, postu finkorik ez dutenak, edo, bestela, enpresako motorrean. “Hemen eguraldi eskasa egiten du motorrean ibiltzeko. Egun euritsuak asko izaten dira, eta busti-bustita bukatzen dugu. Gainera, txakurrek atzetik jarraitzeko aukera gehiago dituzu”. Esan du lankideen “%90 inguruk” sustoren bat edo beste izan dutela baserrietako txakurrekin. Hari ere gertatu zaio. “Txakurra lotuta zegoen. Etxeko andrearekin berbetan ari nintzen, eta bat-batean hozka sentitu nuen. Andreak esan zidan: ‘Zelan egingo zizun kosk, lotuta badago?’ Askatu egin zen”.
Gutunetatik paketeetara
Azken urteetan asko aldatu da postari lana. Digitalizazioak eta Internet bidezko salmentak eragin handia izan du postarien eguneroko lanean. Ohiko gutunak nabarmen gutxitu dira, eta izugarri ugaritu banatzen dituzten jakinarazpenak, sistamenduak eta, bereziki, paketeak. “Aldea itzela izan da. Esango nuke %60 eta %70 artean jaitsi dela gutunen banaketa”. Halere, azpimarratu du lana ez dela gutxitu: batak bestea ordezkatu du. “Sinestezina da zenbat pakete banatzen dugun”.
Eguneroko lana 07:30ean hasten du; orduan ekiten dio egunari. Bulegora joan aurretik, ahalegintzen da banaketa apur bat aurreratzen. Bulegoan ordubeteko lana izaten du, eta gero egiten du banaketa lan nagusia: lehenengo, industrialdean; gero, kaleetan; eta, azkenik, sakabanatutako auzoetara joaten da. Murillok oraindik ez du postu finkorik lortu Correosen; ordezkapenak egiten ibiltzen da, eta sarri aldatzen dute herriz. Horregatik dabil asteon Derion eta parke teknologikoan. Herri guztietan “oso pozik” egoten dela esan du. Laukizera bigarrenez joan zenean esandakoa gogoratu du, berbarako: “Udaletxeko langileek galdetu zidaten ea zer egin zezaketen ni herriko postari bihurtzeko behin betiko. Horroelakorik ez dizute esaten edozein lanetan”.