Javi West Larrañaga
Urtero moduan egingo du manifestazioa E28 koordinakundeak martitzenean, Bilbon (19:30, Jesusen Bihotza), LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Adierazi dute “transfobia orokortua” jasaten dutela erakundeen eta alderdi politikoen aldetik, eta transfobia diskurtso publikoan ere badagoela. “Ezinbestekotzat” jo dute “gorroto diskurtsoen aurka eta trans askapenaren alde” egitea. Transfobiaren aurrean tinko! Amaitu konplizitatearekin, posizionatu zaitez da erabiliko duten leloa, eta mugimendu feministari, ezkertiarrei eta gizarteari eskatu diote transfobia eta transmisoginia “bazterreko kontu gisa tratatzeari utz diezaioten” eta “posiziona” daitezen.
Espainiako Kongresuan onartutako lege proiektuagatik ardura adierazi du E28 koordinakundeak, eta eragile berei galdegin die “sexu lanaren arloan martxan ipinitako debeku politiken” aurka agertzeko: “Egungo testuinguruan, sexu lanari trabak jartzeak arrisku handiagoko praktikak dakartza, gehienetan migratzaileak diren trans pertsona prekarioak kriminalizatuz”. Esan duenez, prostituzioa amaitzeko prostituten bizi baldintza materialak hobetu behar dira. Espainiako Atzerritar Lege “arrazistak” prekaritatea eragiten duela gehitu du, eta emakume transen langabezia tasa altua “egiturazko transmisoginiaren” ondorio dela.
Horrez gain, salatu du mugimendu feministaren barruan transfobia dagoela, eta “feminismo zuri, burges, debekatzaile, zigortzaile eta kapitalista” sortu nahi dutela batzuek, transexualak eta prostitutak “isilarazteko”. Koordinakundearen arabera, transexualak “beti” izan dira borroka feministaren parte. “Ezabaketa historikoa eginez, gorroto diskurtso hori bat-batean gatazka gisa planteatu da, transexualen aurkako indarkeria eta adierazpen askatasuna parekatu nahi dituena”. “Goraka doan mugimendu kriptofaxista” bat dela esplikatu dute, eta patriarkatuak historikoki erabili duen determinismo biologiko bera erabiltzen dela transexualen aurka egiteko. Koordinakundeko kideek esan dutenez, ez dute onartuko erakundeek, feminismoak eta mugimendu ezkertiarrek “zuzenean edo zeharka babestutako gorrotoz beteriko diskurtsoek” hazten jarraitzea.
Erasoak, icebergaren punta
Gorroto diskurtso horiekin lotu dute LGTBI komunitatearen aurkako erasoen “bortizkeria olatua”. Eraso horiek “izozmendiaren tontorra” bakarrik direla esan dute, eta sistemari berari egotzi diote ardura: “Argi dugu gizarteak inposatu nahi duen moralitateaz aldendu eta normalitatea zalantzan jartzeagatik jasaten dugun zapalkuntza sistema aldatuz soilik buka daitekeela; sisteman integratzeko edozein saiakerak ezingo baitu sistemak berak sortutako indarkeria desagerrarazi”. Adierazi dutenez, “sistemaren suntsipenean” eta “transmaribibollo autodefentsa sareen sorreran” sakondu beharra daukate.
Horrez gain, E28k salatu du Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, EAJk eta enpresariek “euren harrotasuna instrumentalizatu eta merkantzia bihurtzen” dutela egunotan egiten ari diren Bilbo Bizkaia Harroren bidez. Zehaztu du “gozamen burgeserako” sortutako festa “despolitizatuak” eta “desklasatuak” direla, eta baliabideak ez direla jartzen LGTBI komunitatearen benetako beharrak asetzeko.
Osasungintzan ere transfobiak ondorioak izan dituela uste du Bizkaiko E28 Koordinakundeak, eta transexualek Osakidetzarekin dauzkaten hartu-emanetan “indartu” egin dituela “jarrera bortitz eta patologizatzaileak”. “Paternalista, arrazista eta autonomiaren kontrakoa den premisa batekin, Genero Nortasun Unitateak haien ikuspegi binariotik aldentzen den orori eta egoera irregularrean daudenei tratamendua ukatzen die”, deitoratu du.