Mahats eta prentsa artean

Mahats eta prentsa artean

Ibai Maruri Bilbao

Nondik dator txakolin izena? Galdera hori da Bakioko Txakolingunean egiten dituztenetako bat. Aixa Gaztelu museoko zuzendariak eman du han erabiltzen duten erantzuna: “Beste teoria batzuk ere badaude, baina nagusia da etxerako lain-etik datorrela. Garai bateko baserritarrei galdetzen zietenean ea zelan joan zitzaien ekoizpena, ‘etxerako lain’ erantzuten zuten. Horren bilakaera da txakolina“.

Baina hori ez da panel interaktiboen bidez erantzuten den bakarra. 11 galdera dituzte. Besteak beste, erantzuten dute txakolin berba bera idatziz jaso zuen lehen agiria noizkoa izan zen (1520) eta Erdi Aroan ekoizten hasi zirenetik zelan aldatu den. “Orain, txakolinaren kalitatea nabarmen hobea da; aldea itzela da”.

2014ko San Jose egunean inauguratu zuten Bakioko Txakolingunea. Egun berezia Bakion, herriko txakolin ekoizleek urteko uzta aurkezten dutelako azokan. Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du. Museo interkatiboa dela esan du Gazteluk. Besteak beste, ikus-entzunezko bi dauzkate. “Batean, kontatzen dugu zein den txakolina egiteko prozesua, eta bestea panoramiko bat da, eta Bakioko historia kontatzen du”. Txakolinaren kanta bat eta dantza bat ere erakusten dituzte.

Erakusketaren hasieran aipatzen dute txakolinak hiru jatorri izen dituela, Getariakoa (Gipuzkoa), Arabakoa eta Bizkaikoa, baina museoa bera gehienbat Bizkaikoari eskainita dago, eta, bereziki, Bakiokoari. Azaltzen dute, ohiko ardoaren kasuan bezala, txakolina ere zuria, gorria eta beltza izan daitekeela, nahiz eta jendeak gehien ezagutzen duena zuria izan. Izan ere, ezinbestekoa da Bakion txakolin gorria azpimarratzea, historikoki herriari lotuta egon den mota izan delako. “Batzuek esaten dute beltza dela txakolin gorria, eta beste batzuek, berriz, gorria dela txakolin gorria. Bakiotarrentzat, beltza da txakolin gorria; mahats beltzarekin egiten dute, zuriarekin nahastu barik”. Gaur egun, hala ere, kopuru aldetik txikia da haren ekoizpena; zuria da nagusi herriko upategietan.

TXAKOLINGUNEA

Udan, upategietara

Bisita guztiak gidatuak dira, eta bukaeran txakolin kopa bat ematen diete dastatzeko. Umeentzat edo alkoholik edan nahi ez dutenentzat, mahatsaren muztioa dute aukeran. Gainera, museoan bertan Bizkaiko Txakolina sor-markako txakolina eros daiteke museoan. Bizkaiko eskualde guztietako upategiek ekoitzitakoa dutela zehaztu du. Txakolingunean, herrian dauden upategiei buruzko informazio guztia ematen dute. Baina norbaitek haietara joan nahi badu bisitan, ugazabekin lotu behar du bisita. Museoak ez du eskaintzen zerbitzu hori. Dena den, uda partean, Uribeko landa-garapen elkarte den Jata Ondok Uribe on Tour programa jarri ohi du martxan, eskualdeko upategietara bisitak egiteko, eta erreserbak Txakolingunean egin behar izaten dira.

Txakolinaz gain, bestelako gaiei eskainitako erakusketak ere antolatzen dituzte. Urtean hiru. Korta edo saroiei buruzkoa bukatuko da etzi. Horretaz aparte, txakolina eta komikia uztartzen dituen Txakomic jaialdia egin dute aurten, bigarrenez.