Natalia Salazar Orbe
Kuskusa, Mendebaldeko Saharako edari tipikoak eta patata tortilla banatu ditu igaro berri diren Igorreko festetan herrian dagoeneko errotuta dagoen saharar komunitateak. “Tortilla bertoko jatekoa da, baina geuk egin eta banatzeak erakusten du sahararrok jaki hori egiten ikasi dugula, urte mordoa baitaramagu hemen. Gure integrazioaren parte ere bada”, esan du Hamada Hatab Abdelhayk, Arratiako Sahararren elkarteko presidenteak. Festetan egindako jarduerez gain, bestelako konpromisoak ere hartu nahi dituzte Euskal Herriaren eta Sahararen arteko loturak estutzeko. Horretarako ireki dute Arratiako Saharar Kulturgunea. Ekainaren 3an egin zuten inaugurazioa, eta aurrera begira egin nahi dituzten proiektuetarako atontzen ari dira.
Aretoa elkartearen Arratiako egoitza izango da. “Sahararren eta gure kausaren lagunen arteko elkargune bat izango da”. Saharako herriaren ibilbideari buruzko museo txiki bat ere atonduko dute. “Helburua da Arratian saharar kausarekiko gure aktibismoa eta gure integrazio soziala bultzatzea”, adierazi du.
Irailerako prest
Uda garaia aprobetxatuko dute eremua egokitzeko, eta aurreikusi dute ikasturte berriarekin batera elkarlana sustatuko dutela. “Arratiako elkarteekin eta Saharako herriaren lagunekin euskara eta arabiera ikasteko tailerrak antolatuko ditugu. Horrek euskara ikasten lagunduko digu. Euskara ikasi ahal izateko beste bultzada bat emango digu”, esan du. “Hemen gauden gazte gehienok gazteleraz jasotzen dugu trebakuntza. Saharako gazte askok euskaraz ere ikasi dute, ordea. Atal hori oso garrantzitsua izango da gure egoitzan”. Beraz, sahararren kulturgune bat sortu dute: “euskara ikasteko prozesuan lagungarria” izango zaie, “Euskal Herrian integratzeko aurrerapausoak” ematen lagunduko die eta “baliagarria” izango da “migratzaileok migrazioaren biktima” direla eta “beti laguntza behar” dutela erakusten duen “ideia baztertzeko”.
Arratian finkatutako elkarteak duen helburuetako bat zera da, “Saharako herriak egunero pairatzen duen sufrimendua ikusaraztea. Ez bakarrik errefuxiatuen kanpamentuetan, baizik eta baita Marokok okupatutako eremuetan ere. Horietan errepresio politika bat egiten du egunero”. Egoera horren aurrean gogotsu daudela esan du Hatabek: “Ilusio handiz gaude egoitza hau martxan jarriko dugulako”.
Sinetsita daude integraziora bidean ate hori oso baliagarria izango zaiela. Eta berau baliatu eta lan egiteko gogotsu agertu dira: “Azkarrago integratu nahi dugu, baikorrago, eta Arratia eta Euskadi hobe batean parte hartu nahi dugu. Urte batzuen buruan jatorriz sahararrak izan arren jada euskaldunak diren belaunaldiak sortuko ditugu. Beraz, hemen jaio den eta belaunaldiz belaunaldi hemen jaiotzen ari den belaunaldi horrekiko gure helburua eta ilusioa da euskal belaunaldia izan dadila, baina Saharako bere sustraiak eta jatorriak ahaztu gabe”.
Mendebaldeko sahararren komunitate handia dago eskualdean. “Gutxi gorabeherako” datua eman du Hatabek: “Arratian, 35-40 familia inguru bizi gara; gehienak, Igorren. Hala ere, Bizkaian askoz gehiago gara”.
Arratiako Saharar Kulturguneak edonorentzako izango ditu zabalik ateak. Euskal Herriak haiek”beso zabalik” hartu dituen bezala hartu nahi dituzte haiek ere eurenera joaten diren guztiak.