Natalia Salazar Orbe
Landareen antzera, karbono dioxidoa erakarri eta oxigeno puru bihurtzen duen pintura mota batekin jantzi dituzte Berangoko kiroldegiko hormak. Tokiko airea garbitzen laguntzen dute lau zuhaitzek egingo luketen beste, edo, Jorge Lopez de Gereñu kiroldegiko horma irudiaren egileak azaldu duenez, pareta horiek mila auto inguruk urtean sortzen duten kutsadura garbitzeko gai dira. Pintura fotokatalitikoa erabili du horretarako.
Pintura mota hori ez da berria. Lopez de Gereñuk berak duela hamabost urtetik ezagutzen du. “Pintura lehortzen denean, gainazalean fotosintesia aktibatzen duen partikula bat sartzen diote”, azaldu du. Garai hartan, garesti samarrak ziren, ordea. Orain, prozesua merkatu egin dute. “Barnealderako zein kanpoalderako ekoizten dute; margo industriala da. Ez dago pentsatuta arte lanetan erabiltzeko. Hala ere, nik hasieratik pentsatu nuen horretarako ere erabil zitekeela”.
Pinturak eskaintzen zituen aukerak aztertzen eta probatzen ari zela iritsi zitzaion Berangoko Udalaren kiroldegia apaintzeko proposamena. “Aproposena da. Ez zait bururatzen espazio hoberik, zeinetan beharrezkoa den airea puruago egotea”. Artistak uste du frogatuta dagoela sistemak funtzionatzen duela: “Airea puruago dagoen? Bai. Nabaritzen den? Pentsatzen dut kirola egiten ari direnek nabarituko dutela”.
Dena den, berehala sumatuko den eragin horrez gain, helburu gehiago ditu Lopez de Gereñuk era horretako proiektuekin: “Hau ez dugu egiten herritarrengan izan dezakeen berehalako eraginarengatik, baizik eta herritarrek jakin dezaten aukera hau badela, eta bulegoetan, etxebizitzetan, kanpoaldean edota barnealdean erabil dezaketela. Oso interesgarria da”. Udalak jakinarazi duenez, era horretako horma irudi bat duen Euskal Herriko lehen udalerria da Berango.
Ezaugarri teknikoez harago, ikuspegi artistikotik irudiek islatzen dutenari buruz ere egin du berba muralaren egileak. Kiroldegian egiten diren kirolei buruzko irudiak jaso ditu, baina testuinguruari garrantzi handia eman dio: “Ni espaziotik abiatzen naiz. Nire helburua ez da espazioa apurtuko duen zerbait egitea, espazioan integratzea baizik. Hori da kontzeptua. Ez zait interesatzen koadroa horman esekita. Saiatzen naiz egiten dudanak espazioan inguruan dagoenarekin integra dezan”.
Egoera horretara egokitu beharrak artelanei buruz hausnartzera behartu du artista: “Bizkaian egin nuen lehen lana [Bilboko] Begoñako tuneletan izan zen. Kezkatuta nengoen; pentsatzen nuen ikusiko den baina erabiltzaileek begiratuko ez dioten zerbait egin behar nuela. Izan ere, ez genuen nahi gidariak despistatzeagatik aldundiari edo niri salaketa jartzerik”. Aitortu du Berangon ere antzeko zerbait gertatu zitzaiola: “Nire erronka zen kirola egiten ari zirenak ez zitezela despistatu, baina, aldi berean, irudia oso gertutik begiratu gabe ere ikus zedin. Harmailetatik ikusten da hoberen. Ikusleentzat bisualagoa da, eta kirolarientzat, berriz, hondoko irudiak dira”.
Aitzindaria arte urbanoan
Jorge Lopez de Gereñu “aitzindaria” da “arte urbanoa deritzon horretan”, artistak berak adierazi duenez. “New Yorkera joan nintzen grafitia hara lauzpabost urte lehenago iritsia zenean. Hura ikusten genuen artista gazte gehienoi grafitia ez zitzaigun interesatzen irudiengatik —oso oinarrizkoak ziren—. Hala ere, ematen zituen aukerak oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan hasieratik”.
20 urterekin hasi zen horma irudiak egiten Amerikako Estatu Batuetan, eta, handik aurrera, beste leku batzuetara ere zabaldu zuen bere lana. “Mundu osoan egin ditut horma irudiak”. Orain, Berangokoa amaitu berri, badauzka antzeko lan gehiago egiteko proiektuak.