Ibai Maruri Bilbao
Datorren eguaztenean Bermeon Bizkaiko hainbat udal hautagaitza independentetako ordezkariek egingo duten mahai inguruan izango da Miriam Ureta Garcia (Getxo, 1987) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko politologoa ere. Gaiari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu aurretik, eta maiatzean aurkeztu zuen doktoretza tesia: Alderdiak-Mugimendua eta sakontze demokratikoa. Kataluniako eta Euskadiko tokiko gobernuak: Decidim Ripollet eta La Voz del Pueblo kasuak (2017-2022).
Zer dira udal plataforma independenteak?
Independenteak esaten diet, autonomoak direlako udalez gaindiko beste erakunde edo alderdi batzuekiko. Haientzat udal esparrua da jarduten duten esparru bakarra; hori da haien nortasunaren ikurra. Formalizazio maila leunagoa eta malguagoa dute, eta antolatzeko modua horizontalagoa da, haien egitura soilik udal mailakoa delako. Horrek abantaila asko ditu, baina baita desabantailak ere. Plataforma independente izenaren azpian oso kasuistika zabala dago; askotariko errealitateak daude.
Bizkaian hainbat udaletan dute ordezkaritza, eta batzuetan udal gobernuan ere badaude. Inguruan ere ohikoa da hori?
Zientzia Politikoetan gutxi aztertzen da gai hori, baina Espainiako Estatuan ez da ezohiko fenomenoa. Gehien [Hego] Euskal Herrian eta Katalunian aztertu izan dira. Espainiako sistema politikoak badu berezitasun bat: alderdien eta hauteskunde sistemak estatu mailan sortzen duen alderdi bitasunak ez du oihartzunik udal mailan. Tokiko sistema beste era batean dago diseinatuta, eta modua ematen du horrelako hautagaitzak sortu eta ugaritzeko. Datuak oso argiak dira: hautagaitza hauek lortu dituzten ordezkari edo zinegotziak gorako bidean daude. [Hego] Euskal Herrian, lehen udal hauteskunde demokratikoetan, 1979an, hautagaitza independente asko sortu ziren, diktadura bukatu berri, oraindik alderdien egituraketa erabat egin gabe zegoelako. Gero, 1991n, beste goraldi bat egon zen, eta ordutik hazkunde motel bat dago; batez ere, 2003tik aurrera. 2003tik gaur egunera, Bizkaian, %50 baino gehiago igo dira hautagaitza hauen hautetsiak. Batzuetan gobernuan daude, gero galdu egiten dituzte; beste alderdiek dituzten egitura sendoak falta zaizkienez, gorabeheratsuak dira, baina datuak adierazgarriak dira, eta erakusten dute irauteko eta hazteko gaitasuna dutela.
1991 eta 2003a aipatu dituzu mugarri gisa. Zer gertatu zen?
1991n, La Voz del Pueblo plataforma sortu zen Etxebarrin. Plataforma independenteen kasu paradigmatiko eta adierazgarriena da. Urte hartako hauteskundeetatik dago agintean. Horrelako kasu batek laguntzen du inguruan antzeko beste plataforma batzuk sortzen. 2003an eta 2008an ere bai, ugaritu egin dira, dimentsio askoko krisiaren ondorioz. Aurretik datorren krisialdi ekonomikoa larritu zen 2008an. Horren ondorioz, beste atsekabe batzuk sortzen dira; politikagintza zaharrak eragindakoa, esaterako. 2013an, Espainiako Tokiko Administrazioaren Arrazionalizaziorako eta Iraunkortasunerako Legea onartu zen: ordura arte zituzten eskumenak kendu zitzaizkien udal gobernuei; batez ere, hezkuntza, okupazio eta gizarte zerbitzuen alorrean. Euskal Herriko politikagintzan ere gertaera garrantzitsu batzuk egon ziren, 2003ko eta 2011ko udal hauteskundeetan eragina izan zutenak. Faktore asko egon ziren, eta guztiek eragin zuten. Horren ondorioz, herritar batzuek pentsatu zuten politikan jarduteko esparrua udalean dagoela, gertukoeneko erakundea delako, eguneroko arazoak konpontzeko aukera ematen dielako.
Tokian tokiko faktoreak ere egongo dira, ezta?
Noski, aipatutakoak orokorrak dira. Baina gero Bermeok bere historia du, Etxebarrik bere historia du, Karrantzak berea… Herrian bizi izandakoek eta herrian dagoen egoerek ekar lezakete herritar bat bultzatzea herritar plataforma bat sortzera. Nik ez dut aztertu herri bakoitzean zerk bultzatu dituen plataforma bat sortzera. Pluraltasun politikoaren isla dira, eta ez ditugu txarto hartu behar. Ona da belaunaldi berriak sartzea, karguak berritzea eta politika egiteko ikuspegi ezberdinak agertzea. Nire ustez, garrantzi handia dute: udal politikagintzako joko arauak aldatu dituzte.
Zertan da ezberdina plataforma independente baten politikagintza ohiko alderdiekiko?
Nik uste dut ezberdintasuna definiziotik datorkiela. Udal mailako hautagaitza bat bazara, hori da zure eskala. Ez zaude egitura hierarkiko batean, eta zure interes bakarrak udalerrikoak dira. Joaten dira diputaziora bileretara-eta, noski. Edonola ere, horrek badu bere desabantaila ere: ez daukazu babestuko zaituenik.
Batzar Nagusietan ordezkaritzarik ez izateak eragingo die, ezta? Batez ere, agintean daudenean.
Erabat. Horregatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako plataformak modu federatuan aurkezten ahalegindu ziren 2015eko udal eta foru hauteskundeetan, Ikune izenpean, baina azkenean ez zuten egin. Udal mailan jarduteak abantaila asko ditu, askeago jardun dezakezulako, baina egitura handiago baten babesa falta duzu, aldi berean.
Plataforma hauek ohiko alderdien eskema ideologikoetatik kanpo daude, nolabait, eta, agian, horrek zaildu egin diezaieke udal politikatik goragoko jauzi hori ematea? Batzar Nagusietan ordezkaritza izateak, esaterako, udalean hartu beharko ez lituzketen jarrera batzuk agertzea eta polemikoak izan daitezkeen gaietan iritzia ematea eska diezaieke.
Plataforma horiek ere euren ideologia dute. Kontuz: nik ez nituzke urardotuko. Baina egia da gehienetan ez dutela planteatzen estrategia politiko bat udalez gaineko gaien inguruan. Nolabait, egunerokoaren kudeatzaileak dira, eta, ez dutenez udalez kanpoko gaietan jarrera ideologikorik agertzen, haiengana askotariko jendea joaten da. Kontua da udal esparrutik kanpo ere eskubide asko jokoan egoten direla. Estatu, autonomia erkidego edo herrialde historiko mailako politikek ere eragin zuzena dute udalerrietan egin daitekeenean; baldintzatzen dituzte, eta haiek erabaki horietan parte ez hartzeak baditu ondorioak, noski.
Plataforma hauek badute eraginik udalean dauden gainontzeko alderdien jardunean?
Ez dakit hainbesterako eraginik duten, ez dut ikertu. Baina egia da panorama politikoa aldatzen denean denek egokitu behar izaten dutela errealitate berrira: aliantzak eta itunak beste era batera egin behar dira ezinbestean.