Harrespil piriniotarrak Bizkaian

Harrespil piriniotarrak Bizkaian

Ibai Maruri Bilbao

Arkeologian zarratuta dauden ate asko bat-batean zabaldu egiten direla esan du Agiri arkeologia elkarteko kide Juan Carlos Lopez Quintana historialariak. Hori gertatu zaie Oiz mendian, Mallabia eta Berriz artean. Iturzurigana eta Probazelaiburuko aztarna megalitikoetan ibili direla, Burdin Aroko cromlech edo harrespil piriniotar bana topatu dituzte, Joxe Migel Barandiaranek baratze deitu zituenak, hildakoak errausteko erabiltzen zirenak. Bihar bisitatu daitezke, 10:30ean hasiko den bisita gidatu batean. Hara joateko, doako autobusa ipiniko dute Berriztik (09:00) eta Mallabitik (09:30).

“Ezarrita egon da hilobi monumentu horiek erdialdeko Pirinioetan eta mendebaldekoetan erabiltzen zirela, egungo Andorratik Oria eta Leitzaran ibaietara artean. Muga zurrunak izan ditu, baina apurtzen hasi dira”: horrela azaldu du aurkikuntzaren garrantzia. Duela hamar urte hasi zen muga lausotzen, Aralarren halako lau agertu zirenean. Oizko aurkikuntzak mendebalderago ekarri du, eta Lopezek uste du gehiago ere agertu daitezkeela Bizkai aldean.

Zirkulu formako harrespil horietakoa errausketa modu berezia da, penintsula osoan beste inon aurkitu ez dena. Berez, gorpuak errausteko tradizioa Europa erdialdetik ekarri zuten. Baina Pirinioetako zona horretan, modua egokitu zuten: harrespil horietan erretzen zituzten gorpuak, eta ez hobietan erre eta errautsak zeramikazko ontzietan gorde, beste toki batzuetan egiten zuten legez. “Talde jakin baten adierazpen arkeologikoa da. Hainbat adituk garai bateko baskoien lurraldearekin lotu dute eremu hori”, azpimarratu du.

Aralarren topatu ziren lau harrespiletatik bitan hezur erraustuak topatu zituzten. Oizkoetan, ordea, ez dago haien arrastorik. Lopezek esan du ohikoa dela. 2005ean, Xabier Peñalver arkeologoak argitaratu zuen Pirinioetako eremu horretan katalogatuta dauden 1.500 harrespiletatik 62tan egin direla indusketa arkeologikoak, eta soilik bostetan aurkitu direla giza hezurrak. Hainbat azalpen izan ditzake, Lopezen ustez. “Zenotafioak izan daitezke, hau da, norbaiten omenez eraikitzen diren hilobi hutsak; ez zen errautsik jartzen, edo oso gutxi jartzen ziren, eta desagertu egin dira”. Beste hipotesi bat ere azaldu du: guztiek ez zituztela gorpuak errausten; batzuek ehorzten jarraitu zutela.

Lopezek uste du hezurrak kontserbatzeko arazoak ere izan daitezkeela. “Arkeologo gehienek ezetz esaten dute. Oizko lurra oso azidoa da, eta ehortzitako hezurra berehala desegiten da; zer esanik ez monumentu hauek dituzten 3.000 edo 2.500 urteetan. Ostera, erraustean, tenperatura altuarekin hezurra mineraldu egiten da, eta kontserbatu. Baina nik nire zalantzak ditut: oraindik topatu ez dugun faktoreren bat dago”. Gaur egun, batzuek erraustu egiten dituzte etxekoen gorpuak, eta beste batzuek, berriz, ehortzi. Orduan ere horrelako zerbait gerta zitekeela uste du Lopezek. “Pirinioetan bertan, zona honetan ere tradizioen nahasketa bat dago. Esango nuke erritu hauen muina errausketa baino gehiago harrespil zirkularra bera dela”. Galdera asko erantzun barik dituzte, eta horrelako aurkikuntzek erantzunak bilatzen eta galdera gehiago sortzen laguntzen diete.

Horrelako hilobi monumentuak familia baino handiagoa zen komunitateek erabiltzen zituzten. Bizkaian, ehortzitako hezurrak topatu dituzten dolmen bi daude: Las Campas de la Chozakoa, Urduñan, eta Errekatxuetako Atxekoa, Gorbeian. Lehenengoan, gutxienez, hamabi norbanakoren hezurrak topatu dira, eta bigarrenean, 46renak. DNA mitokondrialaren proba egin zieten, eta, ez batean ez bestean, taldean ehortzitakoen artean ez zegoen senidetasunik; bai, ordea, Gorbeian eta Urduñan topatutako banaren artean.

Jabetza ikurrak

“Lurraldea markatzeko monumentuak dira, beste ezer baino lehen. Dagoeneko abereak zituzten, lurra lantzen zuten, eta lurraldea markatzeko premia zuten. Horretarako, monumentu hauek eraikitzen zituzten, eta, ingurua eurena bihurtzeko, arbasoak han lurperatzen zituzten”. Esan du familia bakoitzak berea izan balu milaka dolmen egongo liratekeela, eta ez da hala. “Asko galdu dira, basogintzaren eta laborantzaren ondorioz, baina ez dira hainbeste izan”.

Hain zuzen ere, Iturzuriganan ustez dolmen zena eta Probazelaiburuko zista babesteko lanak egitean ohartu dira Irurzuriganakoa dolmena barik harrespil zirkularra zela eta Probazelaiburuko zista ondoan beste baratze bat zegoela. “Bizkaian hainbat proiektu arkeologiko ditugu, batez ere Busturialdean eta Gorbeian. Baina, pinuen gaitzaren ondorioz, hainbat aztarnategi arriskuan egon daitezke, makina asko sartu direlako basoetan. Horregatik, haiek garbitu, seinaleztatu eta ibilbideak sortzeko programa bat dugu, eta, besteak beste, Oizen gabiltza”. Inguruan hasiko dituzten beste lan batzuetan antzeko harrespil piriniotar bat topatu dezaketela uste dute.

Ez dakite halako monumentuak eraikitzen zituen komunitatea zenbatekoa zen. “Badago paleodemografia horretarako, baina Bizkaian topatu ditugun hezurrekin, gaur-gaurkoz, ditugun teknikekin ezinezkoa da hori jakitea”. Hala ere, uste du Neolitikotik aurrera halako monumentuak eraikitzen zituen populazioa zegoela Bizkaiko haran guztietan.