Hamarkadetako lanen geroa

Hamarkadetako lanen geroa

Natalia Salazar Orbe

Bizkaia hainbat borroka eta mobilizazioren lekuko izan da hamarkada ugaritan. Bizkaia Hari Gorria dinamika aurkeztu zuten duela zenbait hilabete, islatzeko borroka horiek guztiak ez direla bakanak izan: azken 85 urteetako askotariko borrokak hari gorri batez lotuta irudikatu zituzten orduan. Baita gogora ekarri ere: Matxitxakoko erresistentzia 1936ko gerran; Gernikako errautsak; Lemoizko antinuklearrak; Euskaldunako langileak; edota abortuak egitea leporatuta 1976an atxilotu zituzten Basauriko emakumeak. Beste batzuen artean, horiek denak oroitu, eta hari gorri horri segida emateko aldarria egingo duen ospakizuna antolatu du biharko norbanako ugariz osatutako dinamika horrek berak. Egun osoko ospakizun ekitaldi bat prestatu dute, Bilbon.

“Helburua da gogora ekartzea dena ez zela bukatu altxamendu faxistarekin eta gerra galduta. Ostean, gai izan ginen lanean jarraitzeko, gizartea eraldatuz mugimendu sozialen bidez. Borroka mordoa izan ziren. Batzuk irabazi egin ziren —nuklearren kontrakoa, kasurako—, eta beste batzuk, berriz, galdu. Urte horietan guztietan egindako lan politiko eta sozialaren ibilbidea gogoratuko dugu”. Hala laburbildu du Esther Lopez Bizkaia Hari Gorria dinamikako kideak egitasmoaren eta biharko ekitaldiaren xedea. Dena den, argi utzi du oroitzapen ekitaldi bat baino gehiago izango dela: “Asmoa ez da memoria historikoko ariketa soil bat egitea: gerra, altxamendua, galdutako eta sufritutako hura guztia… ez. Asmoa da aldarrikatzea hura guztia gertatu zen arren gizarte honek zutik eta borrokan jarraitu duela”.

Gertuko memoria

Jarraipen horren adierazgarri, denboran gertuago dauden bestelako mobilizazio batzuk ekarri dituzte gogora. Ezkerraldeko langileen borrokak, arrantzaleen eskubideen aldeko aldarrikapenak, Erandioko kutsaduraren aurkako protestak, AHTaren aurkako dinamikak, jai herrikoiak, konpartsak, gau eskolak, euskaltegiak, hezkuntza sistema propioa eta abarren aipamena egin dute iraganeko eta gaur egungo borroken arteko lotura islatzen duen hari gorriak izan duen jarraipena erakusteko. “Mobilizazio horiek guztiak gogora ekarri nahi ditugu. Herritarrei esan nahi diegu borroka horiek gertatu direla. Gaur egun ere jarraitzen dutela; zutik gaudela, ez ditugula ahanzten, eta borrokan jarraitu behar dugula”.

Hori guztia “desmobilizaziorako saiakerari” aurre egiteko baliatu nahi dute. “Erakundeak saiatzen ari dira gure memoria gertukoenarekin bukatzen; hemen gertatzen diren gauzak gertatuko ez balira bezala jarduten dira; gaur egun daukagun testuinguru sozial eta politikora iristeko inongo borrokarik gertatu izan ez balitz legez aritzen dira. Herritarrei esan nahi diegu borroka horiek gertatu direla, gaur egun ere jarraitzen dutela, zutik gaudela, ez dugula ahanzten, eta borrokan jarraitu behar dugula”.

Etorkizunari begira

Izan ere, uste dute oraindik badagoela zer borrokatu hainbat alorretan: “Ekologia, langileen borroka, emakumeen borroka… Adierazi nahi duguna da guk hemen jarraitzen dugula borrokatzen. Hainbat mugimendu sozial ari dira hainbat esparrutan lanean, baina ez dira sortu bat-batean. Ez gara sortu perretxikoak bagina legez. Gaur egungo mugimendu sozialak edota borrokak sortu dira borrokatzen den herri honetan ibilbide sakona dagoelako”. Aurrerantzean ere lekukoari helduko diotela eta lanean jarraituko dutela esango dute ozen. “Gaur egun zutik dirauten mugimendu sozial guztiei esker ona” adierazteko ere baliatuko dute biharkoa.

Lopezek iragarri du ospakizunak “alaiak eta koloretsuak” izango direla. “Parte hartzeko ekitaldiak izango dira, noraino iritsi garen ikusita poza erakustekoak”. Ekitaldi nagusia 17:30ean izango da: mobilizazioa egingo dute Areatzatik abiatuta, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuta. Hara joango direnei bereziki eskaera egin diete “atzo eta gaurko borroken ikurrak izan daitezkeen osagaiak —banderak, kamisetak, pankartak edota afitxak—” eraman ditzaten.

Antolatzaileek uste dute “balio handia” duela “nondik gatozen jakiteak nora goazen jakiteko”. Eta esan dute “harrotasuna” ematen duela “borroken lurralde honetako partaide izateak”. Harro agertu dira, besteak beste, “Lemoiz gelditu genuelako, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen langile kontzientzia sustatu dugulako, edota euskal kulturaren susperraldian ekarpena egin dugulako”.