Ezkerralderako etorkizun duina eskatuko du bihar martxa batek

Eskualdeko hemeretzi eragilek deituta, pobreziaren gorakada salatuko dute, besteak beste. Esan dute Ezkerraldeko populazioaren %16 “bazterketa egoera larrian” dagoela.

Natalia Salazar Orbe

Ezkerraldearen aldeko 29. martxa egingo dute bihar, eskualdean, bertako hainbat eragilek antolatuta. Etorkizun duin baten alde lelopean, murrizketa sozialen, gastu militarren eta pobreziaren gorakadaren aurkako mobilizazioa egingo dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, bizitzaren kostua handitzearen ondorioak, hilaren amaierara iristeko zailtasunak eta Ezkerraldeko etxegabetzeak ikusarazteko helburua du martxak. 12:00etan aterako da, Sestaoko Kasko plazatik, eta, Portugaletetik igaro ondoren, Santurtziko Gernika plazan amaituko dute.

Hemeretzi eragilek babestu dute manifestazioa: ELA, LAB, STEILAS, ESK, CGT-LKN eta CNT sindikatuek; Bizkaia-Ezkerraldea/Meatzaldeko pentsiodunen mugimenduak; Berri-Otxoak bazterketaren kontrako eta gizarte eskubideen aldeko plataformak; Argitan, emakumeentzako Barakaldoko aholkularitza zentroak; Portugaleteko eta Santurtziko eskubide sozialen bulegoek; Ernaik; Harian sareak; Ikama erakundeak; Eguzki talde ekologistak; Ekologistak Martxan elkarteak; Barakaldo Naturalak; La Kelo gaztetxeak; Txiribilenea kulturguneak eta Kakitzat koordinakunde antimilitaristak.

Herritarren zailtasunak

Berri-Otxoak plataformako kide Sheila Fernandezek azaldu du Ezkerraldeko herritarrek zailtasun handiak dituztela. Datuak ere eman ditu. Besteak beste, Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestaren emaitzak eskuan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako “pobreziaren %35″ Ezkerraldean dagoela esan du. “Ezkerraldeko populazioaren %16 bazterketa larrian dago, eta %14ri zaila egiten zaio hilaren bukaerara iristea. Zailtasun serio samarrak dituzte”, ondorioztatu du.

Salatu du gobernuek hala eta guztiz ere handitu egin dutela gastu militarrerako inbertsioa. Hain zuzen, “[Espainiako] estatuan urtean 22.000 milioi euro bideratu ohi dira; kopuru horri beste 6.000 milioi euro gehituko dizkiote. Eta esan behar da Eusko Jaurlaritzak industria militarrari diru laguntzak ematen dizkiola, urtero ehun milioi euro. Horrek eragiten du murrizketak egitea beste politika mota batzuetan: berdintasunerako politiketan, etxebizitza politiketan, gutxieneko pentsioen igoeran eta gizarte zerbitzuetan”.

Datu hotzetatik harago, Fernandezek herritarren ahotik jasotzen dituzten lekukotzen berri eman du. Izan ere, Berri-Otxoak plataformak “bulego alternatibo” bat dauka Barakaldon. “Jendea etortzen zaigu laguntzei eta euren egoerari buruz galdetzera. Panorama larria izan ohi dute”.

Hori guztia ikusita, “Ezkerralderako etorkizun duina” eskatuko dute bihar. Neurri zehatzak proposatu ditu Fernandezek arazoari irtenbidea bilatzeko: “Zerbitzu sozialak indartu beharko lirateke. Etxebizitza publikoak gehitu edo sortu beharko lirateke. Bertoko udalerriek kontuan hartu behar dituzte Ezkerraldeko herrietan dauden egoerak, eta horiek konpontzeko politikak egin behar dituzte”.

Ezkerraldearen aldeko martxa iragartzeko agerraldi berezia egin zuten eragileek joan den astean. Bertan, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Josu Jon Imaz Repsolen kontseilari delegatua irudikatu zituzten prentsaurrekoari boikota egiten. “Islatu nahi genuena zen pairatzen ditugun pobrezia eta prekaritatea ez direla zorte kontua. Alegia, badaudela tartean egoera horiek ez gertatzeko egin beharrekoak betetzen ez dituzten pertsonak”.

Desindustrializazioa

Biharkoa Ezkerraldean antolatzen duten 29. martxa izateak protesta horren beharra oraindik ageriko egiten ote duen galdetuta, bere eskualdeak izan duen bilakaerari aipamen eginez erantzun du Fernandezek: “Desindustrializazioa gertatu zenetik, Ezkerraldean beti metatu da pobrezia. Orain dauzkagun enpresak hirugarren sektorekoak dira, zerbitzuetakoak, eta egiten dituzten kontratuak nahikoa prekarioak dira”.

Ezkerraldeko industria irudia aldatu egin dela ekarri du gogora plataformako kideak, siderurgia eta ontzigintza enpresen lekua beste batzuek hartu dutela azalduta: “Babcock zegoen lekuan, orain Amazon dago, eta Naval zegoen lekuan banaketarako zentro logistiko bat dago. Egiten diren kontratuek ere eragiten dute Ezkerraldeko egoeran”. Zerbitzuetara bideratutako enpresetako lan baldintzak —Megapark merkataritza zentroa ere aipatu du— “prekarioak” direla salatu du: “Langileek lan egiten dute, baina pobrezia egoeran geratzen dira”, esan du Berri-Otxoak plataformako kideak. “Garai batetik hona, jende gehiago dator guregana prekarizatuta daudelako”.