I.Maruri Bilbao
Kantauri itsasoko ertz osoan, Uribe Kosta da aire zabaleko aztarnategi arkeologiko gehien duen lekua. 40 urteko ibilbidean, nik neuk 70 topatu ditut, eta egon daitekeenaren parte txiki bat baino ez da hori”, ohartarazi du Edestiarrure arkeologia elkarteko Iñaki Libanok. Inguruko herrien urbanizazio lanetan asko galdu dela ere nabarmendu du. Aberastasun hori guztia erakusketa batean bildu dute Plentziako Plasentia de Butron museoan. Urtea bukatu arte egongo da ikusgai.
Libanoren esanetan, arrazoi nagusi bat dago hori hala izateko: Kurtziamendiko (Barrika) silexa edo suharria: “Aiztoak, aizkorak eta bestelako tresnak egiteko lehengairik onena hemen zeukaten. Horrez gainera, toki paregabea zen bizitzeko haientzat: ehiza ugaria zuten, eta itsasoan eta erreketan arrantzatu zezaketen. Ia-ia paradisua zen inguru hau haientzat”. Hala ere, denak ez ziren inguruan geratzen. Barrikako silexarekin egindako tresnak topatu dituzte Arabako lautadan, Asturiasen (Espainia), eta baita Frantzian ere, besteak beste. Libanoren esanetan, “altxor preziatua” zen ordukoentzat, eta hemen hartuta eurekin eroaten zuten beste toki batzuetara ere.
Horrela, bada, Behe Paleolitotik hona, Bizkaiko kostaldeko inguru horretan gizakiak bizi izan dira. Libanok eta haren kideek topatu duten aztarnategirik zaharrena Sopelako Moreagakoa da, duela 400.000 bat urtekoa. Plentzian ondu duten erakusketan bitrina bat eskaini diote. Baita eskualdekoen artean garrantzia duten beste aztarnategi biri ere.
Bata Barrikako Aranbaltza da: 1998an aurkitu zuen Libanok berak; Joseba Riosek gidatu zituen ikerketak, eta han ibili ziren lanean Edestiaurrekoak, 2013tik 2019ra bitartean. Neandertalen kanpalekua izan zen, duela 100.000-80.000 urte. Bitrina batean nabarmendu duten hirugarren aztarnategia Landaluze da, Sopelan: “Material asko topatu dugu han; besteak beste, jatekoa prestatzeko erabiltzen zituzten errekuntza parrillak eta erretako hareharriak”.
Guztira, hamabi bitrina daude erakusketan aztarnategiei eta arkeologiari buruzkoak. Lehenengoa, berbarako, Joxe Miel Barandiarani omenaldia egiteko aprobetxatu dute; han ipini dute, besteak beste, ikertzaileari buruzko bibliografia zabala eta hark idatzitako gutun bat. Beste bi bitrinatan tresna litikoen bilakaera azaldu dute, Behe Paleolitoan hasi eta Goi Paleolitora arte. Beste batean, tokiko faunaren bilduma egin nahi izan dute. Horretarako, Muskizko Punta Luceroko aztarnategian topatutakoa erabili dute. Santimamiñeko kobazuloko (Kortezubi) arte prehistorikoaren erreprodukzioak ere badaude: zaldia eta bisontea.
Katillotxuko dolmena
Plentziako erakusketako elementurik deigarriena eta ikusgarriena Bermeoko Katillotxuko dolmenaren erreprodukzioa da: area artean dagoen eskeleto bat ikus daiteke. Inguruan, halako hilobi monumentuetan erabili ohi diren ostilamenduak daude. Tamaina errealean dago egina; hau da, 2,5 metro da luze, eta 1,3 zabal. Aurretik, Urdulizen ere egon da ikusgai, han egindako jardunaldi batzuen aitzakian.
Plasentia de Butron museoaren beheko solairua osorik bete dute dolmenaren erreprodukzioarekin eta hamabi bitrinekin. “Oro har, itsasoari eskainitako museo bat da, baina eskatu ziguten eskualdeko arkeologiari eskainitako erakusketa bat ontzeko. Nik ere banuen ideia hori buruan bueltaka. Arrakasta lortu dugula esan daiteke: hilabete eskasean mila bisitaritik gora izan ditu”.