Alderdiz kanpoko herrigintza

Herri bakoitzak bere arrazoia izan du hautagaitza independentea sortzeko: agintean egondako alkatearen gobernatzeko moduak haserrea eragin duelako, herriko polarizazioa gainditzeko, ohiko alderdietan konfiantza falta zegoelako... Halere, gogoeta berak dituzte.

Ibai Maruri Bilbao

Urtebete barru, ekainaren erdi aldera, maiatzeko hauteskundeetan bozkatutako Bizkaiko 112 udalak osatuko dira, eta alkateek kargua hartuko dute. Alderdi politikoak dagoeneko hasi dira prestatzen. Baita herri hautagaitza independenteak ere. Izan ere, agintaldi honetan Bizkaian zortzi alkatetza dituzte, eta beste hainbat udal gobernutan ere partaide dira. Horietako batzuek datorren eguaztenean Guzan Bermeoko hautagaitzak antolatu duen mahai inguruan parte hartuko dute —Bermeoko Kafe Antzokian, 18:00etan—. Bizkaiko Hitza-k haiekin hitz egin du: Zalla Baiko Javier Portillorekin, Balmasedako CLI Tokiko Hautagaitza Independenteko Txus Osegirekin, Bakio Baiko Alain Gomezekin eta Bermeoko Guzaneko Xabi Ortuzarrekin. Portillo alkate izan zen 2011tik 2019ra —gaur egun ez da zinegotzi—, Osegi alkateorde da 2019tik, eta Gomez udal gobernuko zinegotzia 2019tik. Guzan ez da inoiz udal gobernuan egon.

Zergatik eta zertarako sortu zen hautagaitza?

Balmasedako CLI da lau hautagaitzetan zaharrena; 1987an sortu zuten, Eugenio de Francisco Maizen ekimenez. “Denok genuen kezka politikoa, baina hark are gehiago; ez zuen konfiantza handirik alderdi politikoetan, eta uste zuen hautagaitza independente bat sortu behar genuela”, gogoratu du Osegik. Lehen hauteskundeetan ez zuten lortu zinegotzirik, lau botorengatik.

Beste plataformen kasuan ere, kezka politikoa izan da abiapuntua, baina herrian izandako gatazkek eman zieten falta zuten bultzada. Portillok gogoratu du 2011n “ezinegona” zela nagusi Zallan, udalak izandako jarrerak sortuta: “Herrian gauza batzuk egiten ari ziren, eta inork jakin gabe egin ziren. Adibidez, zabortegi bat egiten ari zirela jakin genuen, kamioiak ikusten genituelako pasatzen”. Haserrea eragin zuten beste gai batzuk ere izan ziren: erabiltzen uzten ez zieten zazpi miloi euroko frontoi berria, industrialde bat egiteko eraitsi beharko ziren etxeak…

Urte hartako hauteskundeetarako beranduegi hasi ziren hautagaitza osatzen. Baina, halako batean, Aralarko kide batek esan zien jendea falta zutela zerrenda osatzeko, eta Aralarrek haien egitura utziko ziela hautagaitza independentea osatzeko. Hala aurkeztu ziren, bada, hauteskundeetara: Aralarren izenpean, baina hautagai guztiak independenteak zirela. Eta sorpresa hartu zuten: gehiengo osoa lortu zuten. “Agerian geratu zen herrian zegoen ezinegona orokorra zela”. 2015ean, Zalla Bai izenpean aurkeztu ziren, eta berriro irabazi zuten, gehiengo osoa handituta.

Zalla Bai

Bakion, egoera antzekoa edo okerragoa zen 2011n. Bizkaiko Foru Aldundiak udala erreskatatu behar izan zuen, hondoa jo baitzuen: “EAJ 30 urtean egon zen agintean, eta etxebizitzen kudeaketa tamalgarria egin zuten”, gogoratu du Gomezek. Dioenez, herria erdibituta zegoen: “Herri erdia baino gehiago EAJkoa zen, eta, besteak, EH Bildukoak. Ezinikusia zegoen haien artean. Herrian ez zegoen lekurik hirugarren bide batentzat. Alderdi politikoetatik harago, herritik eta apaltasunez, Bakio aldatu nahi zuen hautagaitza bat behar zen”. Uste du M15 mugimenduak ere bultzada eman ziela, haiei eta orduan sortu ziren beste hainbat hautagaitza independenteri.

Bermeon ere EAJren eta EH Bilduren arteko “ezinikusiak” bultzatu zituen Guzanekoak hautagaitza sortzera. Baina, kasu horretan, 2015ean izan zen. “2013an Bermeo kiebra teknikoan zegoen, hirigintza arazo batzuengatik. Alderdi batek bestea salatu zuen [EAJk EA], epaiketak izan ziren, eta herriak pairatu zituen ondorioak”, gogoratu du Ortuzarrek. Bien bitartean, iruditzen zitzaien ez zirela konpontzen herriak zituen gabeziak. “Pentsatu genuen bazela sasoia herria eta herritarrak lehentasun izateko, haien interesak defendatzeko, eta gauzak beste era batera egiteko”.

Hautagaitzak zelan aldatu du udal politika?

Zallan argi dute plataformak ekarpena egin duela: “2019tik, EAJ dago udal gobernuan berriro, baina orain oso orekatuta daude indarrak; ez dago gehiengo osorik. Frogatu da gauzak gaizki eginez gero aldaketak egon daitezkeela, eta alderdi tradizionalentzako alternatibak badaudela”, esan du Zalla Baiko kideak. Ordura arteko alkatea hogei urtez egon zen agintean, eta, Portilloren ustez, halakoetan “ohitura txar batzuk hartzeko arriskua dago”. Pluraltasun hori azpimarratu du Osegik ere, baina ez soilik udalean: plataforma barruan duten aniztasunari ere oso garrantzitsua iritzi dio.

Ortuzarrek uste du Guzanek adostasun zabalak ekarri dituela Bermeoko Udalera: “Gobernuarekin eta oposizioarekin akordioak egin ditugu. Ez dugu ulertzen aldebakarrez hartzen diren erabakiak, nahiz eta gehiengo osoa eduki. Lau urte barru beste alderdi bat egongo bada agintean, ez du zertan gure erabakia jarraitu, ez badugu harekin adostu”. Uste du kohesio sozialean lagundu dutela. Bakion ere iritzi bera dute: “Erakutsi dugu politika egiteko beste modu bat dagoela. Adostasun zabalak lortzea posible dela: bozketak atzeratu ditugu, aurretik adostea lortu ahal izateko”.

Bakio Bai

Zer zailtasun ditu?

Balmasedan, urte gehienak oposizioan egin dituzte. “Oso gogorra da”, aitortu du Osegik. Eta udal gobernuan agintaldi “zaila, arraroa” tokatu zaie: “2019ko ekainean hartu genituen karguak; uztailean, lanean hasi. Abuztuan, administrazioan ez da lanik egiten, eta, abendura arte, aurreko gobernuaren aurrekontuekin ibili ginen. 2020ko martxoan, pandemia iritsi zen, eta diputaziotik austeritatea agindu zitzaigun. Aurten hasi gara gure programa garatzen. Ekaitz baten erdian, garairik txarrenean, dena aldatzen ahalegindu direnak gara”.

Bakio Baik lehen hauteskundeen ondoren EH Bildu babestea erabaki zuen, eta ordura arte agintean egondako EAJk galdu zuen alkatetza. Gomezek esan du horrek haserretu egin zituela Bakio Bairen hautesle batzuk. “Gure boto emaile batzuk EAJren aldekoak dira, beste batzuk EH Bildurenak, baina dezepzionatuta daude batzuekin eta besteekin. Beste batzuek ez dute loturarik alderdiekin. EAJren aldekoek ez zuten erabakia ulertu”.

Gainera, EH Bildu babestu zuten, baina oposizioan geratu ziren. “Lorpen guztiak EH Bildurenak zirela zirudien”. Beraz, 2019an, udal gobernuan sartzea exijitu zioten EH Bilduri. Izan ere, Bakio Baiko zinegotziaren arabera, haiek ez dute alderdi tradizionalek duten oinarri sozialik. “Ez dakigu nortzuk diren gure boto emaileak, eta zailtasunak ditugu egiten duguna erakusteko”. Gobernuan sartu izana ere kritikatu diete boto emaile batzuek.

Portilloren esanetan, Zallan “berehala” konturatu ziren alkatetza lortzea eta boterea izatea ez direla gauza bera: “Politika asko diputazioaren eta Jaurlaritzaren esku daude. Hainbat aldaketa edo hobekuntza egin nahi dituzunean, dena da arazo. Eta ikusten duzu herri batzuetarako dirua dagoela, proiektuak daudela, baina zurerako, ezer ez”.

CLI

Badu desabantailarik independente izateak?

Arestian ere esan du Gomezek: masa soziala falta dutela sentitzen dute, edo baldin badute, ez dute ezagutzen, eta hori desabantaila da haientzat. Dirurik ere ez dute aholkulariak eta teknikariak hartzeko. Azken batean, alderdi handi batek ematen duen babesa falta zaiela sentitzen du. Baina, neurri berean, abantaila izan daitekeela ere uste du. “Ez dugu goitik jasotzen dugun agindurik bete behar; guk bakiotarren aurrean baino ez ditugu azalpenak eman behar”.

Osegik uste du alderdi politikoentzat hautagaitza independenteak “hutsaren hurrengoa” direla, eta “areriotzat” hartzen dituztela. Ez dute ordezkaritzarik ez Bizkaiko Batzar Nagusietan, ez Eusko Legebiltzarrean; beraz, ez dute erabakitzeko ahalmenik gero haien herrietan eragina izango duten hainbat legeren inguruan. Berbarako, Udalkuntxa udalak finantzatzeko Bizkaiko foru funtsarekin gertatu zaiena gogoratu du. Esan du Bizkaiko eta Arabako hautagaitza independenteak sarri elkartzen direla —Gipuzkoak, ez, “politizatuta” daudelako—. Bilera horietatik sortu zen Udalkutxako banaketa sistema hobetzeko aldarrikapena, “bidezkoagoa bihurtzeko”. “Ez ziguten kasurik egin. Orain, haiek esan dute aldatu behar dela, eta horretan dabiltza. Baina ez digute utzi prozesuan parte hartzen”. Batzar Nagusietan ez daukate ordezkaritzarik, baina esan du Eudelen badutela, eta haren bitartez egin zitekeela gogoeta.

Badago hautagaitzen arteko elkarlanik?

Bakio Baiko Gomezek aitortu du euren kasuan elkarlan txikia dagoela. Gaztelugatxen diputazioak egin nahi zuen aparkalekuaren aurka elkartu ziren Guzanekin. Enkarterrikoek, ostera, mankomunitatean dute ordezkaritza, eta han dute hartu-emana, Portillok kontatu duenez: “Askotan, ados egoten gara beste hautagaitzekin mankomunitateak izan behar lituzkeen politikez. Hala ere, independente izateak ez du esan nahi denok berdin pentsatu behar dugunik”. Ortuzarrek esan du haientzat beste hautagaitzak erreferenteak direla, eta asko ikasten dutela besteengandik.