Zazpi mendez hiribildu

Zazpi mendez hiribildu

Olatz Enzunza Mallona

Portugalete sortu zenetik zazpiehun urte beteko dira bihar. Efemeride borobila dela dio Estibaliz Freije Rueda Portugaleteko Kultura zinegotziak, eta, urteurrena ospatzeko, asteburu osorako ekintza andana antolatu dituzte udalak eta hiriko hainbat elkartek.

Berez, duela lau urte inguru hasi ziren mendeurreneko ekitaldiak antolatzen. “Zazpiehun urte ez dira egunero betetzen; garaiz hasi nahi genuen prestakuntza lanak egiten”, aitortu du Freijek. Hainbat elkartetako partaideekin batzorde bat osatzea izan zen hasierako urratsa, eta, hala, lehenengo bilerak egiten hasi ziren. “Portugaleteko Udala ere tartean egon da une oro; lan guztia egin dugu elkarlanean”. Handik, berriz, Portugalete 700 kontseilua eratu zuten, mendeurreneko ekitaldiak antolatzen hasi ahal izateko: udaleko talde politiko guztiak egon dira ordezkatuta bertan, baita udalerriko elkarte asko ere, kultura, gizarte, kirol, hezkuntza zein gazteen elkarteak. Horiez gainera, herritarrei ere eman zieten antolaketa lanetan parte hartzeko aukera, eta, guztira, 130 herritar inguruko taldea osatu zuten. Lantalde desberdinak osatu ondoren, egitaraurako proposamenak aurkeztu zituzten kontseiluko osoko bilkuran.

“Dena zihoan espero bezain ondo, pandemia iritsi zen arte”. Buruan iltzatuta geratu zaie 2020ko martxoaren 13a: “Martxa hartzen hasita geunden ordurako, eta osasun krisiak dena hankaz gora jarri zuen”. Denbora batez geldi egon zen proiektua, eta horrek asko zaildu zituen hartu beharreko erabakiak. “Pandemia hasi zenetik ziurgabetasuna izan da nagusi, eta, azken ordura arte, zalantzan egon gara: ez dugu jakin ekitaldiak egin ahalko genituen ala ez”. Pasa den otsailaren 10ean eman zuen amaitutzat Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia, eta, horrekin batera, aurrez ezarrita zeuden murrizketa guztiak bertan behera geratu ziren. “Egun hartatik erlojupean ari gara dena antolatzen. Konplexutasun asko izan ditugu, baina espero dugu dena ondo ateratzea. Herritarrek sekulako meritua dute”, nabarmendu du Freijek.

Antzerki erraldoia

Gaur iluntzean abiatuko dira mendeurreneko ekitaldiak: zortzietan, arerioak diren bi leinuen arteko borrokak antzeztuko dituzte. Belaskotarrak Errepelega auzotik aterako dira, eta salazartarrak, Buenavista auzotik, baina ibilbidean bi familiek elkarren artean lehiatu beharko dute. Horren ondoren, gaueko hamaiketan, La Pegatina taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da.

Hala ere, bihar izango da egun nagusia. Maria Diaz Haroko Bizkaiko X. andreak hiri gutuna eman zioneko unea gogoratuko dute Portugaleteko herritarrek, antzerki erraldoi batekin. Ekitaldi instituzionala izango da, baina Freijek aurreratu du ez dela “ohiko ekitaldi bat” izango: “Herritik eta herritarrentzat egindako ekitaldi bat izango da”. Bostehun herritar inguruk parte hartuko dute antzerkian, eta, horrez gainera, beste berrehun inguru ariko dira “ezkutuko lana” egiten.

Maria Diaz Harokoa El Saltillo itsasontzian iritsiko da Portugaleteko itsasadarrera, eta, ongietorria egin ondoren, Mikel Torres alkateak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak harrera egingo diote. Haren ondotik, dantza eta musika ikuskizuna egongo da, eta bertan aurkeztuko dituzte 700. urteurrenaren harira sortu dituzten bi abestiak: Nuestra villa jarrillera eta Kantatu fuerte Portugalete. Bestalde, Portugaleteko dantzariek Zazpi Mendeko jauzia aurkeztuko dute. Dantza hori ere urteurrenerako sortu dute, bereziki. “Berezia izango da”, aitortu du Kultura zinegitzi Freijek. Halaber, “herritar guztiek gozatzeko” beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte, eta, igandera bitarte, zabalik egongo da Erdi Aroko azoka.

Asteburuko ekintzez gainera, antzezlanak, hitzaldi historikoak, musika eta beste hainbat ekintza egingo dituzte hemendik eta abendura bitarte. Datorren asteburuan, esaterako, antzinako itsasontzien jaialdia egingo dute, eta, besteak beste, ontzi zaharrak bilduko dituzte Portugaleteko itsasadarrean. Horrez gainera, hiribilduak txakolinarekin izandako harremana ere nabarmenduko dute, edariari eskainitako jaialdi batekin.

Portugaletetar gisa “harro” dago Freije, baina, zinegotzi gisa, “ardura puntu bat” ere baduela aitortu du: “Bizitzan behin bizi izango dugu halako mendeurren bat; gertakizun historiko bat da, eta denok gozatzea espero dut”. Kalean ere ilusioa “nabaria” da, Freijeren hitzetan. Izan ere, orain arte egin diren ekitaldi guztiak “jendez lepo” egon dira: “Hemendik aurrera ere herritarren erantzuna ona izatea espero dut. Gogotsu gaude”.