Samina eta memoria

Samina eta memoria

Ibai Maruri Bilbao

Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimen Museoko kideak argi utzi du eurena ez dela historiari eskainitako museo bat: “Antzinako Erromari buruzko museora joan, eta ez duzu lotura emozionalik Julio Cesarrekin edo Marco Aureliorekin; beraz, historia modu hotzean kontatzen dizute. Baina guk gure herriaren gertuko historiaz hitz egiten dugu hemen, eta gerra eta diktadura sufritu zuten biktimekin enpatizatzen dugu. Hau gure herriaren memoriari eskaini diogun zentro bat da”.

Bazekiten Berangon egoera onean zeudela 1936ko gerran Bilbo babesteko eraiki zuten burdin hesiaren zati batzuk, eta balioa ematea erabaki zuten. Areneburuko metrailadore gunea zaharberritzea lortu zuten. Testuinguru horretan, Jataondok, Uribeko landa garapeneko elkarteak, hesiaren inguruko interpretazio zentro bat egitea eskaini zion Berangoko Udalari. Hala sortu zen gaur egungo museoa, 2010eko hamarkadaren hasieran. Hamar interpretazio panelekin hasi ziren, burdin hesiaren inguruko zehaztasun guztiak eta Bilbo tropa frankisten esku erori arteko historia kontatzeko. “Pertsonei garrantzia eman diegu: hesia eraiki zutenei, defendatu zutenei, erasoak sufritu zituztenei, gosea pairatu zutenei… Horien historia kontatzen dugu”.

Eusko Jaurlaritzak ondare izendatu zuen burdin hesia. Eta Berangon memoriaren ibilbidea sortu zuten haren inguruan: Areneburu eta Urkomendiko gerrako aztarnak bisitatzera joan daiteke, museoa ezagutzearekin batera, Berango eta Sopela artean. Hala, bakoitzak aukeratu dezake zer ikusi nahi duen: museoa bakarrik, museoa eta aztarnak, edo aztarnak bakarrik ikustera joan, haietan ere informazio panelak baitaude. Museoan bertan, gidariarekin egin daiteke bisita, aurrez lotuz gero, baina sarreran bertan audiogida bat deskarga daiteke euskaraz eta beste hiru hizkuntzatan, museoa norbere kasa bisitatzeko. Miñambresek esan du interesa pizten duen zentro bat dela haiena, urtean 2.000 bisitari inguru izaten ditu eta.

Burdin Hesiaren Oroimen Museoa

Informazioa eta objektuak

Museoaren funtsak osatuz joan dira harrezkero. Argazki historikoak dituzte, eta baita garai hartako 250 objektu inguru ere: agiriak, orduko egunkariak eta aldizkariak, gerran erabilitako armak, gudarien trepetxuak, burdin hesiaren eta Bilboren maketak… Bisitariak historia oso-osorik ezagutzeko aukera izango du. Miñambresek esan du han dituzten funtsak partikularrek emandakoak eta eurek merkatuan erositakoak direla, gehienbat. “Nahi duguna da material historiko hori publikoaren eskura egotea eta ez bildumagile pribatuen eskuetan”. Gorpuzkiak lurpetik atera izan diren lekuetan ere lortu dute materialen bat edo beste. Indusketetako gehiena Bilboko Arkeologia Museoak jasotzen du, ondare arkeologikoa direlako.

Erakusketak ez du inor hotz uzten. “Batzuei arreta ematen diete garai hartako prentsak, eta bereziki horretan jartzen dute arreta. Gazteagoak gehiago erakartzen dituzte lehergailuek eta armek, oro har”. Baina, oro har, emozioak pizten dituzten objektuak estimatu ohi dira gehien: “Erresuma Batura erbesteratu zen gerrako ume batek bere familiari idatzitako gutuna irakur daiteke. Badugu errazionamendu txartel bat, jabeari egunean soilik berrehun gramo ogi erosteko eskubidea ematen diona, eskasia zegoelako. Horiek ikusteak asko hunkitzen ditu bisitariak, haietako askorentzat istorio ezagunak direlako, etxekoak, sendikoak”.

Eskuratu dituzten azken objektuetako bat Erandion kendu duten monumentu faxista bat izan da. Udalak kendu du, Espainiako Memoria Historikoaren Legea betetzeko. Beren hegazkinak lurra jo eta bertan hil ziren hiru hegazkinzale alemaniar naziren omenez jarritakoa izan zen. “Hegazkin errepublikano batek egindako erasoaren ondorioz jo zuen lurra. Baina gertaera testuinguruan jarri behar da. Hiru gizon horiek Bilboko Iturribide aldean jendea hiltzetik zetozen hegazkin errepublikanoak harrapatu zituenean”. Horregatik, garrantzitsu irizten dio 1936ko gerrarekin lotuta dauden material guztiak zer diren eta zer esan nahi duten azaltzea.