Ibai Maruri Bilbao
Bakoitzak bere modua du: ia pertsona beste errezeta daude arroza prestatzeko. Kultura eta herri guztietan jaten da. Hala, aniztasuna eta batasuna irudikatzeko osagai aproposa iruditu zitzaien Bilbon, eta hala sortu zen Munduko Arrozak jaialdia. Bihar egingo dute, hemeretzigarrenez, Bilbo Zaharreko Mariaren Bihotza plazan. Han elkartuko dira Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako bizilagunak, bakoitzak arroza bere erara prestatu eta denek elkarrekin bazkaltzeko. Durangon ere bihar egingo dute, hamalaugarrenez. Azken bi urteetako etenaren ondoren, Getxon ez dute antolatu jaialdirik aurten, eta Gernika-Lumon zalantza dute aurten antolatu ala ez.
Jaialdiak hiru helburu nagusi dituela esan du Patxi Manriquek, Bilbokoaren antolatzaile taldekoak: “Kulturartekotasuna lantzen duen jai bat da, kaleak berreskuratu nahi dituena auzotarren begiradatik, eta harremanak lantzen lagundu nahi duena. Azken batean, kanpotik etorri den jendea eta aspalditik hemen bizi garenok uztartzeko jaialdi bat izan nahi du, elkar ezagutzeko”.
Manriquek uste du batzuek besteen berri izateko aukerak falta direla, edo gutxi izaten direla behintzat. “Kultura ezberdinak egotea oso aberatsa da, baina ikusten dugu elkarbizitza beti ez dela erraza. Egunerokoan ez dugu aukera handirik besteengana hurbiltzeko eta elkarrekin topo egiteko. Munduko arrozek hori erraztu nahi dute”. Uste du konponbide ona litzatekeela toki bat izatea kultur aniztasuna eta elkar ezagutza egunero lantzeko, baina hori ez dagoen bitartean horrelako jaiak lagungarriak izan daitezkeela iruditzen zaio. “Hasieratik pentsatu dugu, eta gaur ere hala uste dugu, beharrezkoak direla horrelako jaiak, baina ez egun batean lortzen denagatik, baizik eta horrek sustatzen duenagatik etorkizunari begira”.
Hasieratik erantzun ona jaso du jaialdiak Bilboko auzo zaharretan. Urtez urte parte hartzaile kopurua biderkatu egiten zela gogoratu du Manriquek: “2004an antolatu genuen lehen aldia, eta hirurehun lagun bildu ginen. 2005ean, seiehun. 2006an, 1.200. 4.000 izatera ere iritsi ginen, eta, plazan batzeko jende gehiegi zela pentsatuta, 3.500era mugatu genuen parte hartzaile kopurua”. Azken bi urteetan bakoitzak bere etxean kozinatu eta jan du arroza, pandemia dela eta. Aurten ere kontuz ibili gura izan dute, eta 3.000 partaidera jaitsi dute muga. Dena den, azkenean, 3.100 lagun elkartuko dira Mariaren Bihotza plazan.
Goizean goizetik
Biharko 09:00etan ipini dute ordua Bilbon. Ordu horretan elkartuko dira parte hartzaileak. Antolatzaileek ipiniko dituzte mahaiak eta jesarlekuak taldeentzat. Jatorri ezberdineko sei lagunek osatutako epaimahaiak dastatu eta sarituko ditu arrozak, 13:30 aldera. Aurretik, 13:00etan, kalejira aldarrikatzailea egingo dute auzoko kaleetan barrena.
Lehiatuko ez direnak ere izango dute arroza jateko aukera, sukaldari boluntarioek berrehun lagunentzako herri bazkaria prestatuko dute eta. Gainera, herritarrei dei egin diete handik pasatzera, jendeak zelan kozinatzen duen ikustera, eta kulturak ezagutzera. Bazkalostean, mundu osoko dantzen emanaldiak eta musika kontzertuak emango dituzte.