Javi West Larrañaga
Lehengo batean, adibidez, 11 paziente ipini behar izan zituzten korridorean, ez zegoelako boxik libre eurentzat. Horrelakoetan, pribatutasun barik egiten zaie araketa, korridore erdian, nahikoa ez den bionbo batekin”. Barakaldoko Gurutzetako ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetako osasun langile baten testigantza da —ez du izenik eman nahi izan—. Iazko urri amaieran hasi ziren kontzentrazioak egiten zerbitzuko erizain, erizain laguntzaile eta zeladoreak, “larrialdi seguru eta kalitatezkoak defendatzeko”, Gurutzetako Larrialdietako Asanbladaren izenean, eta joan den astean egin zuten laugarrena. Medikuak ez daude talde horretan.
Langile horrek azaldu duenez, “gutxi” eskatzen dute. Batetik, langile kopurua handitzea nahi dute, eta, bestetik, bertakoen formakuntzan arreta ipintzea eta sistema hobetzea. Sarean egiten dituzte ikastaro asko, eta beste eduki batzuk, “kateko formakuntza” metodoarekin. “Txanda bakoitzean bi erizain edo erizain laguntzaile joaten dira hamar minutuko ikastaro batera, eta gero haiek azaldu behar digute gainerakoei”, zehaztu du. “Hori ez da formakuntza”. Gaineratu du ikastaroak hasi berrientzat egiten dituztela, baina iritzi du “urteak daramatzatenek” ere berrikuntzak menderatu behar dituztela, protokoloak aldatu egiten baitira.
Langile horren arabera, urteetan zerbitzuan lan egin duten profesional kopurua ez da jaitsi, baina lan karga handitu egin da. Besteak beste, azaldu du buruko iktusen eta bihotzekoen kopurua hazi egin dela, eta biztanleriaren zahartzeari, bizitza estilo sedentarioari eta elikadurari egotzi dio lan kargaren gorakada, baita pandemiaren osteko ondorioei ere. “Jendeak gehiegi geroratu ditu bisitak COVID-19aren beldurrez, eta, etorri direnean, hasieran konpontzeko errazak ziren arazoak handiagoak izan dira”.
Arazoa, pandemia aurretik
Lehen, lan gehien astelehen eta martitzen arratsaldeetan izaten zuten gripe sasoian. Orain, edozein egunetan izan daitekeela esan du larrialdietako langileak, eta askotan eguerdian hasten direla jendea korridoreetara eramaten. Hala ere, pandemia aurretik zetorren joera bat dela uste du, eta lehendik ere igartzen ari zirela “langile falta”. “COVID-19ak sistemaren gabeziak nabarmendu ditu”.
Larrialdiak”gainezka” daudenez, pazienteek denbora gehiago itxaron behar dutela esan du ospitaleko iturri horrek, eta horien “nazkak” eta “haserreak” estresa eragiten dietela. Gainera, azpimarratu du horra bideratzen dituzten ordezkoek ez daukatela zerbitzuan lan egiteko formakuntza espezifikorik, eta asko “hasi berriak” direla.
Datu batzuk eman ditu. Boxetan, erizain bakoitzak zortzi paziente artatzen ditu, batez beste. “Korridoreetan pazienteak baldin badaude, hamabi”. Erizain laguntzaileek jende gehiago artatzen dute guztira. Hamabi, egoera normaletan; eta hamasei, korridoreetan jendea dagoenean. “Osasun langile batek hamasei paziente artatu behar baditu, ezin du beharrezko zaintza eman”.
Kalkulatu dutenez, sei bat langilerekin “erosoago” egingo lukete lan, eta paziente larriak doazenean, gainerakoak bakarrik ez uzteko aukera izango lukete. Txanda bakoitzean erizain laguntzaile bi edo erizain bat gehiagorekin konponduko litzateke”.
Urtarrilean, eskaera formal bat egin zioten zuzendaritzari, baina, azkenean, apiril amaieran, beste eskaera bat egin behar izan zuten haiekin biltzeko. “Zuzendaritzakoak eseri egin ziren, baina entzuteko inolako intentzio barik. Esan ziguten Osakidetza oso handia dela, zerbitzu asko daudela, eta, eroso ez bagaude, joan gaitezkeela”. Aldiz, ospitaleko erradiologoen, fisioterapeuten, administrarien eta erreanimazioko langileen babesa jaso dute.