Bilbo Bizkaia Harro herrietara hedatuko da

Bilbo Bizkaia Harro herrietara hedatuko da

Ibai Maruri Bilbao

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatzen den Bilbo Bizkaia Harro ekainaren 16tik 29ra izango da. Azken bi aldietan COVID-19aren pandemiara egokitu ondoren, ohiko moldera itzuliko da, eta berritasun nagusi batekin, gainera: lehenengoz, Bilbotik kanpora zabalduko dute, Santurtziko portuan, Plentziako Ontziola plazan eta Lekeitioko Independentzia plazan ere kulturari, aisialdiari eta LGTBI komunitatearen eskubideen aldeko aldarrikapenari lotutako jarduerak eginez. “Helburua argia da: gure balioak Bizkai osora hedatu eta Bizkai osoan txertatu daitezela”, esan du Aratz Castro Bilbao Bizkaia Harro ekimeneko koordinatzaile eta Ortzadar LGTBI elkarteko kideak.

Azkenaldian eraso LGTBIfoboen salaketek gora egin dutela gogoratu du Castrok: “Intolerantzia eta bazterkeria ez dira desagertu; mingarriak dira”. Hala ere, uste du igoera horretatik interpretazio baikorrak ere egin daitezkeela: “Gizarteak barneratu du horrelako erasoak ezin direla onartu, eta, aldi berean, kolektiboko kideek lehen baino konfiantza handiagoa dute erakunde publikoengan, orain badakitelako salatuz gero kasu egingo dietela”.

Bilbo Bizkaia Harro jaialdiak aisialdi eskaintza zabala prestatzeaz gainera, sentsibilizazioa eta baloreak hedatzea ere lortu nahi du. Horregatik, hainbat ardatzetan antolatu dute egitaraua. Harrobasque da horietako bat, euskararen eta euskal kulturaren inguruan egituratu dutena: bertso saioak, herri kirolak eta txakolin dastatzeak prestatu dituzte. Harroculture ardatzean, kultura eta memoria historikoa aldarrikapenerako tresna gisa erabiliko dituzte: besteak beste, LGTBI pertsonen errealitatea lantzen duten film laburrak emango dituzte Bilboko San Nikolas geltokian eta Plentzian, Santurtzin eta Lekeition; gainera, Bilbon eta Bizkaian kolektiboak izan duen historia ezagutzeko bisita gidatuak ere egingo dituzte. Aisialdiari lotuta, musika izango da Harromusic ardatzaren muina; Soraya abeslari espainiarraren kontzertua nabarmendu dute. “Kolektiboarentzat erreferente bat da Soraya. Egitaraua osatzean, sortzaileak hautatzen ditugu kolektiboarekin duten harremana kontuan hartuta, eta plaza betetzen lagunduko digutela pentsatuz. Izan ere, plaza horietan ez gara beti askatasun osoz sentitzen, eta egun horretan gutxienez sentitu dezagun askatasun hori. Uste dugu Sorayak hori lortzen lagunduko digula”.

Harrofun sailean, Bilboko itsasadarrean izango den itsasontzien desfilea, drag gala eta Bilboko Kale Nagusian osatuko den LGTBI bandera dira ekitaldirik adierazgarrienak. Heziketa umetatik landu behar dela eta, Harrokids atalean umeentzako jolasak eta tailerrak prestatu dituzte, Bilbon, Lekeition, Plentzian eta Santurtzin egiteko. “Homofobia eta transfobia ikasi egiten dira. Nahi dugu gure umeek ez dezatela ikasi. Nahi dugu naturaltasunez ikus dezatela LGTBI kolektiboko kidea izatea”, nabarmendu du Castrok. Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasun Sailarekin eta Kultura Zientifikoko Katedrarekin hitzaldi jardunaldia antolatu dute Bilboko Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan, Harroscience atalean.

“Zentzugabekeria”

E-28 Bizkaia koordinakundeak agerraldia egingo du jaialdia hasi bezperan —astezkenean—, Bilbo Bizkaia Harro jaialdiaren inguruko balorazio bat egiteko. Aurreko aldietan “zentzugabekeria” iruditu izan zaio, pentsatzen dutelako antolatzaileek LGTBI kolektiboaren borroka historikoa erabili nahi dutela “helburu ekonomikoak eta politikoak” lortzeko.