Antzinako paisaia biziberritzen dokumentalean, Bilboko aireportua handitzean etxea galdu zuten edo ikastetxea eraitsi zieten hainbat herritarren lekukotzak jaso dira.
«Etxea, baserria eta dena bota digu [aireportuak], baina sustraiak, gure sustraiak han daude betiko».
«Lurmenduta geratu ginen: lau urte ere ez ziren izan, obrak eginda genituen, eta esan ziguten irten egin behar genuela handik».
Pilar Gastañaga (Loiuko Agarre-Beiti baserrikoa)
«[Beharginek] Ateratzen zuten lurra pikotxarekin eta palarekin. Otzarara botatzen zuten, eta, gero, Mungiako trenbidera lotuta, teila fabrikara eroaten zuten».
«Gazteak ginenean, hegazkinek motorrak berotzen zituzten lekuan batzen ginen, eta haiek botatzen zuten haizeari eustera egiten genuen olgetan».
«Hegazkin arinak etortzen zirenean, guk azpitik tiro egiten genien txinberekin, eta zelan jotzen genituen entzuten zen, tak-tak».
Jesus Mari Astobeitia (Loiuko Antzuri Barri baserrikoa)
«Herrian sorokoa eta beharra, bai, baina dantza eta kultura, zero. Etorri zen abade gaztea, eta talde bat sortu zuen. […] Ordura arte, neska-mutilak bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen. Dantza taldea sortu genuen, eta Txorierriko dantza taldeen alardea egin genuen Elotxelerrin. Aireportuarekin, taldea desegin zen».
Belen Gana (Loiuko Vera Cruz ikastetxeko ikaslea)
«Laborategia genuen ikastetxean. Mineralak genituen. Gorpuak, organoak ezagutzeko. Gu orduan ez ginen ohartzen eliteko ikastetxea zenik. Zineforuma ere izaten genuen. Gizon bat etortzen zen zinema teknikak azaltzera».
«Eskolara joaten ginen, eta beste neskek esaten ziguten behi usaina genuela. Egia zen: behiekin bizi ginen!».
Maria Jesus Aurrekoetxea (Loiuko Vera Cruz ikastetxeko ikaslea)
«Atanasia [Mauraza] eta familia desjabetu ostean urtebetez bizi izan ziren han. Handik urtebetera, Guardia Zibila joan zitzaien, eta 24 ordu eman zizkieten joateko».
«Pilar Kareaga [Bilboko alkatea] etorri zenean, Atanasia makuluarekin atera, eta esan zion berari euskaraz zekiten abokatuak ekartzeko».
Jose Miguel Gana (Loiuko Latxarri Behekoa etxekoa)