Historia helarazteko urratsak

Historia helarazteko urratsak

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko Udalak San Luis meategiko galeriaren egoera aztertuko du. Hala erabaki zuten joan den asteko eguenean, Bilbo Zaharra auzo elkarteak sustatutako mozio batean, Bilbo Zaharreko memoria taldearen ekimenez. Itsasadarraren ertzetako batean dago galeriarako sarbidea, Martzana kaian, baina gutxik dute haren berri, urteak daramatzalako zarratuta. Alabaina, elkartearen arabera, industria ondarea da, eta, horrenbestez, “baloratu, babestu eta ezagutarazi” beharrekoa. “Galeria horrek berebiziko garrantzia du, toki bikaina baita kontatzeko bai portuaren ingurukoak, han egon zelako, bai Bilbo Zaharraren historia eta garapena”, Arturo Izarzelaia elkarteko kidearen irudiko.

Hori horrela, hiru eskari egin dizkiote udalari: eskuratu dezala galeriaren jabetza, aztertu eta egokitu dezala, eta historia dibulgatzeko helburua ezar diezaiola. Udala galeriaren egoera aztertzera baino ez da konprometitu, oraingoz; aztarnei “etorkizun bat” emateko gogoa agertu dute, baina prozedura pausoz pauso egingo dela adierazi diete auzo elkartekoei. “Guk eskatzen genuena baino erabaki anbiguoagoa da, ez direlako zehazten galeriak izango dituen helburuak”. Elkarteak “nolabaiteko gela tematikoa” antolatzea du jomuga. “Helburua finkatuta ez dagoenez, gerta liteke bidean galtzea; arrisku hori ikusten dugu”.

Era berean, udalak ez du erabakirik hartu titulartasuna ezagutzeari eta bereganatzeari dagokionez. “Falta zaigu jakitea norekin hitz egin horretaz. Ez dakigu Jaurlaritzarena den; edo San Luis meategiak, enpresa moduan, ondorengoak izan zituen”, azaldu du Izarzelaiak.

Dena dela, “baikor” daude elkartekoak, “borondatea” ikusi dutelako udalaren partetik. Izarzelaiak esan duenez, mozioa aurkezteko egunean, galeria bisitatzera gonbidatu zituzten zinegotziak, eta denek erakutsi zuten jakin-mina. “Bidea zabalik dago, martxan jarri dugu kontua. Orain dagokigu pixka bat atzetik joatea, ea zer egiten den, epe logiko bat egon dadin…”. Dioenez, udalak asmoa du elkartekoekin harremanetan jarraitzeko eta bidea elkarrengandik gertu egiteko. Eta itxaropena ematen die Miribillako Malaespera meategia zenaren kasuak: 2020tik, udala aztarna horietan ari da beharrean, erabilera publikoa emateko.

Lehenik eta behin, udalak ikerketa geotekniko bat kontratatuko du San Luis meategiaren galeriaren egoera zehazteko. Izarzelaiaren iritziz, hasierako guneak, 25 metro luze dena, nahiko “sendoa” dirudi, harrian zulatuta dagoelako. Hortik aurrera, galeria bi adarretan banatzen da, eta horietako batek sortzen du kezka handien, duela hamar bat urte lur jausi bat egon zelako. Edonola ere, memoria taldeak egin ditu esku hartzeak dagoeneko: besteak beste, hogei metroko metalezko pasabide bat kokatu du laban ez egiteko, eta atean kartel bat ipini du galeriaren xehetasunekin.

Historia, aurreko gertaerak

San Luis meategiaren galeria 1907an sortu zuten. Udaleko taldeentzat prestatutako testuan haren testuingurua eta jarduera laburbildu ditu memoria taldeak. Azaldu dutenez, garai hartan, gabarrek burdin tona mordoa garraiatzen zuten Atxuritik eta Urrazurrutiatik —San Antongo zubiaren parean— Olabeagako biltegira, baina Bilbo Zaharraren urbanizazio goiztiarrak, batetik, eta auzoko kale nagusia Balmasedara zihoan errepidea izateak, bestetik, oztopatu egiten zuen garraioa. Horiek horrela, San Luis meategiari irtenbide bat eraiki zioten Martzana kaian, errepidearen kolapsoa saihesteko. Galeriak meategiko bi ahoak lotu zituen Martzanako kargalekuarekin, hain justu.

Hiribilduaren hedapenarekin, galdu egin dira meatzaritza iragan horren zantzuetako asko. Bilbo Zaharrean, zehazki, San Luis meategiaren galeriak ez ezik, kiskaltze labeak ere iraun du —1935ekoa da, eta Saralegi plaza urbanizatu zenean zaharberritu zuten—. Behialako Bilboren kanpoaldea bete zuten gainontzeko elementuak, hala nola bokaleak, aireko tranbiak, tunelak eta dekantazio putzuak, desagertu egin dira aztarnarik utzi gabe.

Bilbo Zaharreko auzo elkarteak arrasto gutxi horiek babestu eta doitu nahi izan ditu aspalditik. 2007an, galeriak ehun urte bete zituela aprobetxatuta, hura jendeari zabaltzea proposatu zioten udalari; beste ekinbide batzuk ere antolatu zituzten efemeridea oroitzeko. Orduko hartan, Errehabilitazio Bulegoko arduradun Javier Rojo joan zen galeriara, Izarzelaiarekin batera, baina ahalegin horrek ez zuen fruiturik eman.

Egoera ez da ordukoa, ordea. Batetik, Bilbo Zaharreko memoria taldea artean eratu gabe zegoen, eta horrek heldu dio berriro galeriaren kontuari orain. Bestetik, udalaren harrera ere ez zen izan oraingoa modukoa. Eta, ondorioz, Izarzelaiak uste du emaitza ere ez dela 2007koa bezalakoa izango. “Ez genuke onartuko berriro halakorik gertatzea”.