Ibai Maruri Bilbao
Bide batek egituratu zuen Ugao eta bide batek gidatzen du bisitaria Ugaoko Historia Ezagutzeko Zentrotik. “Errege bidea Burgostik [Gaztela eta Leon, Espainia] Bilbora zetorren bide nagusia zen. Ugao zeharkatzen zuen eta haren inguruan egituratu zen hiribildua, hark eman zion aberastasuna eta baldintzatu zuen bizimodua”, azaldu du zentroko arduradun Gorka Etxebarriak. Bide horren errepikla batek eroaten du bisitaria ere Antzinarotik gaur egungo garaietara zentroan egin daitekeen bidaian. Izan ere, hasieran bideak haitzulo baten zorua dirudi. Aurrera egin ahala, Erdi Aroko kaltzada bihurtzen da. Bukaeran, zementuzkoa da. Ugaoko kultur etxean dago, Jane jauregiko beheko solairuan.
Izenak dioen moduan, zentroaren helburua hiribilduko eta Bizkaiko historia ezagutaraztea da. Panelen bitartez Historiaurrean eta erromatarren garaian jendea zelan bizi zen ikusi daiteke, eta baita inguruan zer aztarna dauden ere. Esaterako, Axlorreko haitzuloa eta Balzolakoa Goi eta Erdi Paleolitikokoak eta Epipaleolitikokoak dira. Dena den, Etxebarriak zehaztu duenez, Ugaorentzat etaparik garrantzitsuena Erdi Aroa izan zen, orduan sortu zelako hiribildua: 1375eko martxoaren 4an, hain zuzen. “Gerora Gaztelako Joan I.a erregea izango zen Joan infantea zen Bizkaiko jauna. Ugaoko lurretan Villanueva de Miraballes izeneko hiribildua sortu zuen, errege bidean zebiltzan merkatariei babesa emateko asmotan”.
Erakusketan dago Bizkaiko jaunak hiribildua sortzeko erabili zuen hiribildu gutunaren erreplika bat. “Hiribilduaren arauak dira. Eta hemen aipatzen da Ugaotik pasatzen zen Nerbioi ibaian burdinola bat zegoela”, azaldu du Etxebarriak. Burdinola horren antzeko bat atondu dute museoan, uraren indarra erabilita burdina zelan lantzen ikusteko. Izan ere, zaldi eta gurdi ugari pasatzen ziren errege bidetik, eta haiei ferrak aldatzea ezinbesteko lana zen Ugaon garai hartan. Besteak beste, errege bide horretatik pasatzen zen Gaztelatik Bilboko portura ekartzen zuten artilea, gero itsasontzi bidez Europara eroango zena.
Hiribilduetako bizitza
Zentroan orduko bizimoduaren berri ere ematen da; zelan bizi ziren sortu berri zen burgesia eta gremioetakoak, adibidez. Baita gatazkarik zegoenean zein zen auzibidea ere: lehenik, hiribilduko alkateagana jo behar zuten, Bilboko alkatea zen bigarren instantzia Bizkaian, eta, hirugarrena, Bizkaiko jauna, baina harekin hitz egitea ezinezkoa zen herritarrentzat. Bizkaiko hiribilduak zeintzuk ziren, eta zelan, zergatik eta zertarako sortu ziren ere kontatzen dute.
Gune garaikidean, berriz, Usilako zubiaren irudikapen bat dute horman, gainetik trena pasatzen dela. Benetako zubitik ere igarotzen da trena gaur egun. “Erromatarren estilora egindakoa da, baina ez da garai hartakoa; berriagoa da”, zehaztu du Etxebarriak.
Eskola umeak eta bestelako taldeak joaten zaizkie, batez ere, bisitan. Adinaren araberako unitate didaktikoak erabiltzen dituztela azaldu du Etxebarriak. Esaterako, txikienekin txotxongiloak erabiltzen dituzte historia kontatzeko. Nagusienak, berriz, Bizkaiko jaun Joan I.aren emazte Leonor Aragoikoarenak egiten dituen aktore batek gidatzen ditu zentroan.