Ibai Maruri Bilbao
Aireportua eraikitzeko etxea bota zioten bizilagun bat etorri zitzaidan etxera, 1965eko mapa kartografiko batekin. ‘Hau aireportuagatik galdu zen?’, galdetu nion. ‘Hau eta askoz gehiago!’, erantzun zidan”, gogoratu du Itziar Mateosek. Ohartu zen ez zegoela ezer bilduta azpiegitura hori eraikitzearen ondorioz galdutako ondare materialari eta immaterialari buruz. Eta ikertzea otu zitzaion. Loiuko Larrondo auzoan bizi da. Auzoko beste sei lagunekin Ipi-Apa elkartea sortu zuten 2019an, asmo horrekin. Maiatzean aurkeztu zituzten liburua eta ikus-entzunezkoa, Bilboko Ondare aretoan: Antzinako paisaia biziberritzen.
Artxibo lana egiten hasi ziren, baina ohartu ziren informazio asko falta zitzaiela: “Oso gutxi jasota zegoen horri buruz”. Horregatik, hura bizi izan zuten auzokideekin berbetan hasi ziren. “Hasi zitzaizkigun kontatzen ez bakarrik zelan etxea galdu zuten, baita haien bizimodua nolakoa zen ere: nola egiten zuten lan baserrian, abereekin, esnea saltzen… nolako jaiak egiten zituzten, futbol zelaian jokatzen ziren partidak… Azken batean, bizilekua baino gehiago kendu zieten”. Mateosek argi utzi du ez dela aireportuaren aurkako lan bat: “Hor dago, onuragarria da, eta guztiok erabiltzen dugu. Baina, hori hor egoteko, batzuek bidesari bat ordaindu behar izan dute, eta hori aitortzea ere ezinbestekoa da”.
Lehen asmoa liburu edo katalogo bat egitea izan zen, baina, elkarrizketak egitean, pentsatu zuten ikus-entzunezko bat osa zezaketela grabatutakoarekin. Libururako, plano bat osatzea lortu dute, besteak beste: han bildu dituzte aireportua egin aurretik inguruan zeuden baserriak, etxeak, eliza eta ermitak, udaletxea, eskolak, ikastetxeak, futbol zelaiak… Haren gainean markatu dute aireportuak zer eremu hartzen duen. “Argazkiak eta margolanak erabili ditugu horretarako, eta etxez etxe joan gara katalogoa osatzera” Ehun eraikinetik gora zenbatu dituzte; argazki edo irudi bat eta dagokion azalpena eman diote bakoitzari.
Planoa osatzeko, Joseba Gana loiuztarrak 2000. urtean egindako beste batek lagundu zion Mateosi. “Andre batzuk etorri zitzaizkidan, eta esan zidaten hilda zegoen haien osabak egina zuela plano bat. Osatu ezinik nenbilen inguru bat plano horri esker egin nuen”.
Sondikako Landa auzoa, udalerriko gune nagusia, osorik desagertu zen. Bota zituzten udaletxea, eskola, baserriak eta San Joan eliza. XVII. mendekoa zen tenplua; eraistean, XII. mendeko kapitel batzuk topatu zituzten. Hilerria hustean, antzinako hilarria agertu zen. Zamudion, irina egiteko errota bota zuten. Loiun eraitsi zuten baserri batean, XVIII. mendeko teila fabrika baten aztarna arkeologikoak izan zitezkeenak agertu ziren. Mungia eta Lutxana arteko trenbidea ere desagertu zen. “Ondare materialari sekulako kaltea egin zitzaion”.
Ikastetxe handi bi ere desagertu ziren inguruan: Amor Misericordioso eta Vera Cruz. 1966an, Bilbok Txorierriko herriak anexionatu zituen. Hala, hiriburuan lekua falta zuten ikastetxeetako asko hara joan ziren. Txorierrin daude oraindik Andres Urdaneta ikastetxea, La Merced, Gaztelueta eta Lauro ikastola, berbarako. Baina arestian aipatutako biek 11 urte iraun zuten. “Vera Cruz neskentzako eliteko ikastetxea zen. Hara joaten ziren Bilboko familiarik onenetako alabak, eta baita Loiuko baserrietakoak ere. Batxilergo profesionala eskaintzen zuten, eta kirol federatua ere egiten zuten 1960ko hamarkadan”. Mateosek argi du ikastetxe horien ugazabak ez liratekeela hara joango aurretik jakin izan balute aireportuak irentsiko zituela. “Planifikazio falta argia egon zen”. Etxeetan ere ikusi zen. “Lehen etxea bota eta inguruan berria egiten utzi zieten horiek bigarren etxea ere galdu zuten, aireportuaren handitze lanetan”.
Hamasei elkarrizketa
Liburuak QR kode bat du, dokumentala ikusi ahal izateko. Hamasei lagun elkarrizketatu dituzte. Amagoia Gezuraga historialariaren azalpenek josi dute. “Aireportuaren inguruan eta Txorierrin 1940ko eta 1990eko hamarkaden artean gertatutako historiarekin lotu du lekukoek kontatutakoa”. Horrez gainera, Azpeitiko (Gipuzkoa) Euskal Trenbidearen Museoko zuzendari Juanjo Olaizolaren laguntza ere izan dute, Mungia-Lutxana trenbidearen nondik norakoen berri izateko. Labayru fundazioko Akaitze Kamiruagak ere lagundu die, Txorierriko euskarari dagozkionak biltzen. “Lanaren kalitatea bermatzen duen jendearen laguntza izan dugu”.
Mateosek esan du dokumentalak emozio asko biltzen dituela. Esaterako, bigarren etxea ere eraitsi zietenek sentitutako amorrua. “Kontatu digute kalte ordainak ez ziela modurik ematen pisu bat erosten hasteko ere”, adierazi du. Nostalgia puntu bat ere badu: garai hartan baserritarren artean zegoen auzolanak sortutakoa, umetako bizipenen oroitzapenek eragindakoa… Bilbon egindako aurkezpena “oso arrakastatsua” izan zen, inguruko bizilagun asko elkartu zirelako: “1996an bazkari bat egin zuten. Orain, berriro elkartu nahi dute, eta garai hartako oroitzapenak freskatu”.
300 aleko tirada egin dute. Jada erdiak baino gehiago saldu dituzte. Geratzen direnak Sondikako liburu dendan eta Derioko egunkarien kioskoan daude salgai. Hilaren 9an, Sondikako Kultur Etxean ikusi ahal izango da dokumentala, 19:00etan.