Javi West Larrañaga
Urteak eman dituzte Alvaro Saizek eta Ainhoa Crespok Rexcatering sortzen. 2017an ekin zioten janaria “erreskatatzeko” zerbitzu bat ontzeari, eta, ikerketak, txostenak eta pandemia tarteko, lau urte behar izan dituzte proiektua abian jartzeko. Iaz eman zituzten lehen pausoak, Hernanin eta Azkoitian (Gipuzkoa), eta, aurten, Etxebarrin, bertako institutuko ikasleen eskutik.
Prozesu sinplea da, baina egitura konplexua du atzean. Jantokietan zerbitzatu barik geratzen den janaria ontziratu, eta hozkailu publiko batean gordetzen da, behar duen edonork hartzeko. Hozkailua urrunetik monitorizatuta dago, eta aplikazio baten bidez ikus daiteke zer sartu eta ateratzen den, salmenta makina baten antzera funtzionatzen baitu. Teknologiak lagunduta, ikasleek eta jantokiko langileek zorrotz ematen dituzte pausoak hotz katea ez apurtzeko eta janariaren segurtasuna bermatzeko.
Nazio Batuen Erakundearen 2021eko txosten baten arabera, berotegi gasen isurpenen ia %10 kontsumitzen ez den janariaren ekoizpenak sortzen du. Herrialdeen datuen heterogeneotasunagatik, gaitza da jakitea zehatz-mehatz, baina FAO Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak 2011n kalkulatu zuen munduan ekoizten den janariaren heren bat galdu egiten dela: 1,3 mila milioi tona urtean.
Joera hori iraultzeko modu bat da Rexcatering, Alvaro Saiz sustatzailearen iritzian. “Ikusi genuen berreskura daitekeen janariaren galerarik handiena jantoki kolektiboetan gertatzen dela: jatetxe batek 70-80 bazkaltiar dauzka, baina jantoki batzuek, 700”. Azaldu duenez, jaki gehiago botatzen bada ere, ekoizten den janariaren %10 aprobetxatu daiteke. Proiektuarekin, soberakinak modu seguru batean ipintzen dituzte jendearen esku, zabortegi batean amaitu ez dezaten.
Galdakaoko aurrekari bat
Proiektuak asko du hozkailu solidarioen ekinalditik. Galdakaon ipini zuten Euskal Herriko lehena, 2015ean, eta Saiz izan zen proiektu horren bultzatzaileetako bat. Etxeko hozkailu normal bat zen, eta nahi zuenak bertan utz zezakeen janaria, eta nahi zuenak batu. Oraingo Rexcatering proiektua ideia horren “bilakaera” dela esan du Saizek, baina “hobekuntza askorekin”. “Segurtasunaren aldetik, giltza bat dauka, eta ezin daiteke ezer sartu ondo etiketatutako eta ontziratutako janaria ez bada”, adierazi du. “Hozkailu normal batean, atea zabaldu eta zapata bat sar dezakezu”.
Ingurumenarentzako onurez gain, abantaila pedagogikoak ere baditu egitasmoak, bultzatzaileen arabera. Monitorizazioari esker, jakin daiteke zenbat CO2 gutxiago isuri den elikagai horiek janez eta zabortegia saihestuz. “Ikasleak zuzenean sartzen dira proiektuan, eta hartzen diren datuak matematika eskoletan erabiltzen dituzte”, nabarmendu du Saizek.
Oraingoz, eskolak eta eguneko zentroak bakarrik ari dira parte hartzen, baina beste hainbat erakundek eta enpresak ere parte har dezaketela adierazi du Saizek. Bultzada hori, baina, udalek eman behar dutela uste du, eta gastuak bere gain hartu behar dituztela. “Oraintxe bertan, udalentzako benetako kostua zero da, pila bat diru laguntza daudelako, eta ondo egokitzen delako ingurumena zaintzeko dauden laguntzetara eta arlo pedagogikora edo teknologikora bideratzen direnetara”.
Edonork har dezake janaria
Proiektu berritzaile batek sor ditzakeen zalantzez, Saizek datu bat erabiltzen du proiektuaren arrakasta deskribatzeko: makina betetzen denetik, hiru ordu baino gutxiago behar dira osorik husteko. Edonork har dezake janaria bertatik, eta hor ere badago bultzatzaileen ideologiaren ale bat. “Denek parte hartzea nahi dugu, ez dadila izan pobreen makina bakarrik”. Badute aukera irrati frekuentziako txartelen bidez kontrolatu ahal izateko nortzuk diren erabiltzaileak eta ikusteko zer hartzen duten makinatik, baina sustatzaileek nahiago dute “erabiltzaileak ez seinalatu”.
Oraingoz, ez dute ikusi neurrigabeko erabilerarik, eta ez dute uste gertatuko denik. “Agian, norbaitek hamar tuper har ditzake, baina ez dakigu zazpi seme-alaba ote dauzkan”. Saizek azaldu duenez, helburua da janaria zabortegira ez botatzea: “Norbaitek gehiegi hartuko balu, segituan konturatuko litzateke, eta hobeto kalkulatuko luke hurrengoan”.
Euskal Herriko hiru udalerritan zabaldu dute proiektua. Erabiltzaile eta laguntzaile gehiago batzea espero dute, beste herri batzuetara hedatzea. Jada lauzpabost udalek azaldu dute interesa proiektuan, Saizen arabera.