Ibai Maruri Bilbao
Ekologistak Martxan taldeak kezkaz hartu ditu iazko hondakin bilketari buruzko datuak, eta zalantzan jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak emandako kopuru batzuk. Izan ere, foru gobernuak egunotan argitaratu du Hondakinen Behatokiaren 2021eko txostenaren aurrerapena: %3 hondakin gehiago sortu dira herrialde historikoan; guztira, 638.441 tona.
Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuaren esanetan, txostenean agertzen diren datu “positibo” bi dira azpimarratzekoak. Batetik, birziklatzeko gaikako bilketa tasak ostera hartu du pandemia iritsi aurretik zeukan gorako joaera: %51,2koa izan zen, txostenaren arabera. Beste aldetik, organikoaren bilketa ere %20 handitu da urtebetean: 2020an %2,37koa zen, eta iaz, %2,8koa. Tona kopuruan, beraz, ez da asko nabaritu igoera. “Azken urteetan bilketa hori indartzeko egin diren ahaleginak emaitzak ematen hasi direla erakusten du. Izan ere, edukiontzi marroian okela eta arrain sobrak, arrautzak eta horien oskolak, itsaskia, gazta eta hezurrak sartzeko iaz hartutako erabakiak eragin positiboa izan du”.
Ekologistak Martxak erakundeak, baina, kezkaz hartu ditu datuok, eta ez du ulertu diputatuaren balantze baikorra. Lehenengo eta behin, berri txarra iritzi dio sortutako hondakin kantitateak gora egiteari. Diputatuak esan du igoera “normala” dela, 2020a pandemiaren urterik gogorrena izan zelako, baina Ekologistak Martxan-eko Joserra Otegik ohartarazi du iazko kantitatea ez dela 2018ko eta 2019koak baino askoz txikiagoa. Hala ere, beste helburu bati erreparatu dio: “2010ean baino %13 hondakin gutxiago bildu behar lirateke 2025ean [613.753 tona], eta martxa honetan ez da lortuko. %3ko igoera horrek kezka sortzen du, ezarritako helburuak ez lortzeaz gain, hondakinen sorrera asko handitzen duelako”.
Gaikako bilketaren datuen inguruko baikortasuna ere “harrituta” hartu du Otegik. Europako Batasunaren araudiak ezarrita zeukan 2020rako hondakinen erdiak birziklatzeko gaika bildu behar dela. Diputazioaren arabera, 2019an iritsi zen Bizkaia helburu horretara. 2020an behera egin zuen, pandemiagatik. Iaz 1,72 puntu egin zuen gora, eta %51,2ra heldu zen, arestian esan bezala. Otegik azpimarratu du 2017tik %50en bueltan “geldi” dela, eta bilakaera horrekin zail ikusten du Ekonomia Zirkularraren Europako Zuzentarauak 2050erako ezarritako helburuak betetzea. Gainera, zalantzan ipini du datu hori.
Otegiren esanetan, Bizkaiko diputazioak obretako hondakinak ere gaikako bilketako kalkuluetan sartzen ditu, eta Europako Batasunaren arabera ez da horrela egin behar. “Bizkaian sortzen diren ia 640.000 tonetatik 90.000 tona obretako hondakinak dira. Hau da, %10 inguru. Beraz, kopuru hori gaikako bilketan kontuan hartzeak asko puzten du gaikako bilketaren estatistika”. Diputazioak berak emandako datuak erabilita, eta, Europak eskatu bezala, obretako hondakinak kanpoan utzita, Bizkaian iaz hondakinen %42 bildu ziren gaika birziklatzeko. “Tranpa horrek laguntzen die esaten ezarritako helburuak betetzen direla, baina haiek ere badakite ezin dutela horrela kalkulatu eta gehitu, komeni zaienean obretako hondakinik gabe ematen dituzte- eta datuak”.
Ekologistak Martxan taldeko kidearen arabera, Bizkaian gaikako bilketak “ez du gora egingo, sistema horrela jarraitzeko diseinatuta” dagoelako: “Hemen arazoa Zabalgarbi da. Urtero 240.000 hondakin tona behar ditu erretzeko. Zer gertatuko litzateke gutxiago sortuko balira? Zer gertatuko litzateke gehiago bilduko balitz gaika eta gehiago birziklatuko balitz? Zabalgarbi itxi egingo litzateke? Sistema pentsatuta dago Zabalgarbi eman ahal guztian ibiltzeko, eta horregatik datuak ez dira sekula hobetuko”.
Plana osatu ezinik
2016an bukatu zen Hiri Hondakinen Kudeaketarako Planaren iraupena. Harrezkero, berria osatu ezinik dabiltza diputazioa eta Batzar Nagusiak. Otegiren esanetan, ulergaitza da hainbesteko atzerapena. Argi du zer aldaketa behar dituen planak; besteak beste, instrumentu berriak. Esaterako, plastikozko eta beirazko ontziak itzultzeko sistema martxan jartzea. “Beste toki batzuetan badarabilte, eta emaitza onak ematen ditu. Hemen Ecoembesen lobbya dugu, eta zaila da haiei aurre egitea”.
Sistema horretan, edukiontzi edo botila bakoitzak balio erantsia du prezioan. Erosleak edo kontsumitzaileak ontzia itzultzen duenean, diru estra hori itzultzen diote. Eta ontzia berriro produkzio sistemara itzultzen da. Era berean, esan du planak indar handiagoa egin beharko lukeela organikoaren birziklatzean. “Lotsagarri” deritzo %2,8ko tasari.