Javi West Larrañaga
Bizkaiko metalgintza sektoreko negoziazio mahaiaren parte diren lau sindikatuek —ELA, CCOO, LAB eta UGT— plataforma bateratu bat eratu dute patronalarekin “benetako negoziazioak” hasteko, eta alde batera uzteko orain arteko “ohiturazko eduki gabeko antzerki hutsa”. Mahaian ez dauden beste hiru sindikatu ere sartu dira plataforman: ESK, USO eta CGT. Asteon aurkeztu dute, eta atzoko bileran —zortzigarrena— eztabaidatu zuten patronalarekin. “Blokeoa erabatekoa da”, adierazi du Marta Aiala CCOOko ordezkariak. “Orain arte, aurpegiratu digute sindikatu bakoitzak gauza desberdin bat eskatu duela eta horrela ez garela akordio batera iritsiko. Horregatik sortu dugu plataforma bateratu bat”. Sindikatuek ohartarazi dute grebaren aukera mahai gainean dagoela; gero eta gertuago ikusten dute. “Patronalak negoziazioak blokeatzen jarraitzen badu, 2019ko egoera itzuliko da”, esan du ELA sindikatuko Mikel Etxebarriak. Azken lan itunaren negoziazioek gatazka gogorra sortu zuten sektorean.
Duela hiru urteko negoziazioetan, hamar greba egun egin zituzten, eta, beste sei deituta zeudela, akordioa lortu zuten aurretik. Guztira, 35 bilera eta hainbat hilabete behar izan zituzten horretarako, baina azkenean sindikatu nagusiek —ELAk izan ezik—akordioa lortu zuen patronalarekin. Iaz arte egon da indarrean ituna.
Oraingo negoziazioetan ere, jarrerak oso urrun daude. Patronalak soldatak urtean %2 igotzea eskaini izan diete —edizio hau zarratzean ez da ezagutzen izan atzoko eskaintzen berri—: 2022an, 2023an eta 2024an. Sindikatuek, baina, eskatu dute KPI kontsumorako prezioen indizera lotzeko soldata, eta horren gainean %1 gehitzea. Nabarmen igo da bizitzaren kostua aurten. Joan den apirileko KPIa %7,8 izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Bizitzaren garestitzea aipatu du LABeko Iratxe Azkuek, datuetan oinarrituta: “Etxebizitza eta energia gastuak %25 igo dira langile arruntentzat; garraioa, berriz, %17, eta erosketa saskia, %6”.
Hainbat eskaera egin ditu plataformak, langileen soldata KPIaren gainetik igotzeaz gain: antzinatasuna desizoztea —sindikatuen arabera, 1993ko indize berak erabiltzen ari dira—; lanaldia murriztea eta malgutasuna mugatzea; jarduera guztietarako subrogazioa ahalbidetzea; errelebo kontratua derrigorrez aplikatzea; aldi baterako enpresen bidezko kontratazioa mugatzea, eta lan istripuen, gaixotasunen eta heriotzen kalte ordainak hobetzea. Gainera, telelana arautzeko eta berdintasunaren aldeko neurri zehatzak jartzeko eskatu diote patronalari. Bide beretik, kontziliaziorako eta zaintzarako neurriak ere galdegin dituzte.
Patronala, ulermen eske
FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak txosten batean adierazi du azken seihilekoko lehengaien eta energiaren kostuen igoerak eragina izan duela enpresen jardueran, eta horrek “ziurgabetasuna” sortu duela sektoreko hainbat enpresatan. “Enpresek hori argudiatzen dute soldatak ez igotzeko, baina eskatzen ari zaizkigu lanera joateko, dirua galduz”, erantzun du LABeko Azkuek, KPIaren azpiko soldata igoerak eskaintzen ari direla eta. Azkuek adierazi du FVEMek iritzi publikoari “benetakoa ez den irakurketa katastrofiko bat” helarazi nahi diola, baina, FVEMeren aurtengo lehen hiruhilekoko koiuntura txostenaren arabera, sektorearen %4,7k bakarrik aurreikusten ditu galerak 2022rako. Gehitu du Jaurlaritza hazkunde ekonomikoaz ari dela berba egiten, eta, hain zuzen ere, industria dela azken hiruhilekoan gehien hazi den sektorea.
Prezioen garestitzeak “langile pobreen figura” orokortzea ekarri duela azpimarratu du CCOOko Aialak. Azaldu duenez, lana izan arren, hainbatek ez daukate hil amaierara heltzeko eta oinarrizko beharrizanak betetzeko adina. “Sektorean sortzen den aberastasunaren banaketa bidezkoa exijitzen dugu”.
Bizkaiko metalgintzako sektorea Euskal Herriko handiena da. 52.000 langile inguru ari dira bertan lanean, sindikatuen datuen arabera, eta hainbat enpresak erabiltzen dute sektore horretako lan hitzarmena oinarri moduan. ELAk dauka ordezkaritzarik handiena negoziazio mahaian, %40,05ekoa. CCOOk % 25,18koa du, LABek %21,57koa, eta UGTk %13,20koa.
“Aurrean izango gaituzue”
2019ko hitzarmena indarrean egon zen iaz arte, eta aurten ere hala jarraituko du, beste itunik sinatu ezean. Sindikatuek jakinarazi dutenez, 2021eko soldata igoerak judizializatuta daude, alde bakoitzak bere interpretazioa egin zuelako. Akordioa lortu zen abiadurari egotzi dio UGTko Jose Maria Rojok desadostasuna: “Gauza batzuk zehaztu gabe utzi ziren, eta ez ziren adostu”.
2019ko mobilizazioak berriro pitz daitezkeela esan du Rojok, eta “benetako negoziazioari” ekin ezean langile guztiak deituko dituela euren enpresetan eta kalean hori exijitzera. Gainera, zuzenean aipatu ditu FVEMen Batzorde Exekutiboan dauden enpresak —Tecuni, Artetch, ITP, Sidenor, Eldu, Ormazabal, Astilleros Murueta…—, eta esan du haien esku dagoela “gatazkak, grebak eta konfrontazioa saihestea”. “Negoziazioak blokeatzen jarraitzen baduzue, eta langileei beren lan eta bizi baldintzak hobetzeko aukera ukatzen jarraitzen baduzue, aurrean izango gaituzue, eta zuek blokeatzera joango gara”, esan die UGTkoak.
2019an luze joan ziren mobilizazioak, eta zenbait egun gatazkatsu egon ziren. Sindikatuek gogorarazi dute ekainaren 7an Bizkaiko metalgintzako kide bi epaituko dituztela Probintzia Auzitegian, eta 23 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dietela. “Metalgintzako sindikatu guztiak eta lan gatazketan auzipetutakoen plataforma auzitegiaren aurrean kontzentratuko gara Aitor eta Arkaitzi elkartasuna adierazteko, eta lan sindikalaren kriminalizazioari aurre egiteko”, adierazi du LABeko Azkuek.
Horrez gain, sindikatuetako ordezkariek elkartasuna adierazi diete Arabako metalgintzako langileei, eta “indarra” helarazi datozen greba egunetarako.